Gatazka osteko egoeretara salto

Natalia Salazar Orbe

Europako gizartea hondatuta utzi zuten XX. mendeko bi mundu gerrek. Gizakiaren makurkeria utzi zuten agerian. Esparru guztietara hedatu zen ezinegona. Artea eta kultura ere ez ziren geratu salbu. Artearen izaerari buruzko hausnarketa hasi zen. “Zer da artea?“, galdetzen zuten artistek. Abangoardia historikoak zertzeladak ematen hasiak ziren ordurako pinturan. Eta argazki kamera ere asmatua zegoen jada. Artistek dagoeneko ez zuten momentu jakin bat edo paisaia jakin bat harrapatu eta islatu beharrik. Horretarako, argazkiak zeuden. Artelanen edukiak hartu zuen garrantzia, obraren beraren estetikaren gainetik. Bi elementuok uztartuta antolatua irudi lezake aurtengo Getxophotok: gatazkak eta artelanen edukiaren garrantzia.

Besteak beste, Kessels & Mailaender artisten Jump Trump lanak hori iradokitzen du. Argazki kamera baten beharrik ere ez dute izan nazioarteko irudi jaialdian parte hartzeko. Donald Trumpen erretratu erraldoi baten irudia jarri dute puzgarri handi batean. Bertara salto egin dezakete bisitariek, eta munduko agintaririk boteretsuenarekiko mendekua har dezakete horrela; Trumpek AEBetako presidente bilakatu zenez geroztik egin dituen gehiegikeriengatik mendekua hartzeko aukera. Ikusleak instalazio interaktibo horren parte bihurtu dituzte hala. Horra mezu kontzeptuala argazki sormen hutsetik gailenduta.

Gerra du ardatz aurtengo Getxophoto jaialdiak: gatazkaren esanahiari buruzko hausnarketak egiteko lanak jaso ditu. Ez solik gatazka politikoei dagozkienak, baita ekologikoei eta gizakien artekoei dagozkienak ere. Besteak beste, gatazka hauei buruzko interpretazioak aurkituko dituzte bisitariek asteon hasi eta hilaren bukaerara arte Getxon izango den jaialdian: Espainiako eraikuntza krisia, Alemaniako iraultza energetiko berdea, Greziaren egoera Europan, Jugoslaviaren banaketa, 1936ko gerra edota Amerikako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugaren kontrolak utzitako ondorioak.

Arreta jarri dute bereziki gatazkon ondoren sortu diren jokalekuetan: gatazkaren ondorioei heldu eta elkarrizketak berreraiki behar diren inguruabar horietan, alegia. Hala, Gatazka ostea eta elkarrizketa berreraiki izendatu dute 12. jaialdi hau.

45 herrialdetako hogei artistaren lanak jaso, eta erakusgai jarri ditu Begi Handi elkarteak. Norbere pentsaera eta aurreiritziei desafio egiten dioten lanak jarri dituzte erakusgai, argazkigintza, bideoa, artxiboa, instalazioak, arte digitala, fikziozko narratiba eta lan dokumentalak baliatuta. Euskarrien antzera, erakuslekuak ere askotarikoak dira. Topaketarako, gozatzeko eta hausnartzeko espazio publikoa defendatzen du jaialdiak. Hori dela eta, aretoak eta barrualdeko bestelako espazioak baztertu gabe, erakusketa gehienak kanpoaldean jartzeko sortuak izan dira. Herriko lorategiak eta kaleak inbaditu dituzte Getxophotoko lanek.

Abandonatutako gasolindegi batek hartuko du Luca Locatelli argazkilari italiarraren erakusketa: Germany Energy Revolution lanean, munduko herrialde industrializatuenak iraultza energetikoari zer nola ekin dion jaso du. Alemaniak planetako ekonomiarik jasangarriena bilakatu nahi du. Horretarako, 2050. urterako energia iturrien %80 berriztagarriak izateko helburua ezarri dute. Irudi bitxiak jaso ditu egileak: 2011z geroztik itxita dauden zentral nuklearrak jolas-parke bihurtuta, haize errotak eta panel fotovoltaikoen zelaigune bat. Parez pare erakutsiko ditu antzinako ikatz fabrikak ere. Urtean 22 milioi tona lignito sortzeko gaitasuna dute. Erregairik zikinena izan arren, Alemaniako energiaren %44 sortzen dute era horretan. Datozen 30 urteetan energia iturri hori bertan behera uzteko helburua dute. Energia berriztagarriak eta kutsakorrak aurrez aurre jarri ditu artistak. Iragana eta geroa elkarrekin, oreka bilatu nahian.

Gizakiaren beste esku-hartze mota bat aztertu du Markel Redondo bilbotarrak. Anbizioaren eta ustelkeriaren irudien bidez, espekulazioaren errealitate gordina irudikatu du. 2008an Espainiatik abiatu zuen bidaia, urte horretako krisialdiaren ondoren neurririk gabe gauzatu zen hirigintza basatiaren ondorioak eta arrastoak erretratatzeko asmoz. Hamar urteren ostean, leku horiek eta beste batzuk bisitatu ditu berriz. Eta argazkiak atera ditu drone baten bidez, aireko ikuspegia lortzeko. Irudi sakonak eta ikusgarriak lortu ditu era horretan. Barruan sekula bizitzarik izan ez duten eraikinen eskeletoak utzi ditu agerian. Noraeza.

Anbizioaren ondoan, gizakiaren makurkeria eta itxaropenerako leihoa iradokitzen ditu The Blue Skies Project sormen lanak. Anton Kusters fotokazetari belgikarrak holokaustoan Europan egon ziren 1.078 kontzentrazio esparruen gainetik ikus daitezkeen zeru zatiak jaso ditu beste horrenbeste polaroiden bitartez.

Eduki sinboliko handiko mosaiko abstraktua izan da azken emaitza. Multimedia instalazio interaktiboa eraman du Getxo-photora, bideoz, audioz eta testuz lagunduta. Bost urte eman zituen Kustersek kokaleku bakoitza bisitatu eta argazkiak ateratzen. Lanak ikuslearen esku uzten du hausnarketarako espazioa.

Gohar Dashtiren Home erakusketa lagungarria izan daiteke azken hiletan Bizkaian gaurkotasun handia hartu duten errefuxiatuen ihesaldiak ulertzeko. Abandonatuta egonik landareek inbaditutako espazioak aurkezten ditu artista irandarrak, metafora gisa. Iran eta Iraken arteko gerrak zortzi urte iraun zuen. Herriotako bizilagunek etxeak uztea erabaki zuten. Horretara behartuta ikusi zuten euren burua. Dashtik berak bizi izan zuen gerra hura. Naturaren gailentasuna eta gizakiak espazioaren gainean galdutako kontrola: horixe erakusten dute haren lanek.

Bisita gidatu bitxiak

Artista beste gai eta ikuspegi aurkeztu dituzte aurtengo Getxophoto jaialdian. Erakusketa nagusiez gain, beste hainbat jarduera ere eskainiko dituzte hil osoan. Eguneko bisitez gainera, gaueko bisita gidatuak prestatu dituzte. Argazkiak beste era batera ikusteko modu bitxia eskainiko du aukera horrek; linterna eskuan hartuta egitekoa. Argien eta itzalen begiradapean.

Bestalde, lanen muina sortzaileak ulertua izatea nahiko lukeen eran ezagutuko dute argazkilariekin antolatutako topaketetan parte hartzen dutenek. Profesionalen trebakuntza eta esperientzia izango dituzte ardatz topaketok. Betiere, gertutasuna eta elkarreragina oinarri hartuta. Hilaren 15, 22 eta 29an eskainiko dituzte saiook. Bestelako bisita gidatuak ere izango dira, euskaraz zein gazteleraz. Asteburuetan egingo dituzte, eta izena eman behar da parte hartzeko.

Irudiaren indarra utziko du agerian, beste urtebetez, Getxo-photok. Hondartzatik eraikinen hormetaraino iritsiko dira barrua hausnartzera bultzatzen duten mezuak.