Eraso sexistek lausotutako jaia

Eraso sexistek lausotutako jaia

Peru Azpillaga

Bilboko Aste Nagusia amaituta, bai konpartsek eta bai udalak jaien balorazioa egin dute. Biek nabarmendu dute festetan bildutako jende kopurua, bai eta herritarren parte hartze aktiboa ere. Arrakastatik urrun, baina, izandako lau sexu erasoek jaiak lausotu dituztela azpimarratu dute.

Balorazioa egiterakoan hainbat dira kontuan izan beharreko gauzak: bisitariak, ekintzen arrakasta, bildutako jendea, sortutako giroa, etekin ekonomikoa eta abar. Horren harira, aurtengo jaiak “oso jendetsuak” izan direla nabarmendu dute antolatzaileek. Besteak beste, 1,5 milioi lagunek parte hartu dute, 100.000 pertsona bildu dira egunero suak ikusteko, eta gastronomikoan 617 lapiko aurkeztu dira. Konpartsek eta udalak, ordea, bestelako balorazioak egin dituzte zenbait alderditan, adibidez, segurtasunaren arloan. Hala ere, eraso sexistek jaien balorazioa markatu dute.

Azken urteetako lanari esker, asko handitu da gizarteak eraso sexistekin duen sentsibilizazioa, bai eta horiek saihesteko prebentzio neurriekin ere. Ondorioz, orain arte ikusezinak edota onartuak ziren jarrera eta erasoak agerian geratu dira, eta salaketek gora egin dute.

Alta, eraso sexisten jazarpena handiagoa izan arren, lan asko dago oraindik egiteko, eta herri eta hirietako jaiak horren adierazgarri garbia dira: begiradak, txistuak, hizkera sexista, ukituak, bortxaketak… hainbat izaten dira festak aitzakia hartuta gizonek egindako erasoak. Hori dela eta, talde feministek autodefentsarako deia egin dute Euskal Herrian zehar, eta udalek eta jaien antolatzaileek ere protokoloak eta sentsibilizazio kanpainak garatu dituzte, erasorik gabeko jaiak bultzatzeko asmoarekin.

Hala ere, aurtengo udan erasoak oso presente egon dira Euskal Herriko jaietan. Besteak beste, hiriburuetara joz, launa eraso salatu ziren Bilbo, Baiona eta Gasteizko jaietan, zazpi Donostiako Aste Nagusian, eta sexu eraso bat eta hamabi abusu Iruñeko sanferminetan.

Bi jarrera erasoen kontra

Bilboko Aste Nagusian erasoen kontrako protokolo desberdinak daude. Udalak, adibidez, zenbait neurri hartu zituen erasoen inguruko kontzientziazioa pizteko: prebentzio kanpaina bat abiatu zuen, Marijaiaren irudi berri bat argitaratu zuen Ez beti da ez mezuarekin, bideo bat kaleratu zuen hiriko pertsona ezagunekin, eta informazio gune bat ezarri zuen.

Konpartsek, bestalde, urteetan osatutako protokoloa jarri dute martxan: kontzentrazioak antolatu zituzten egondako eraso bakoitza salatzeko, eta gauetan, geldiuneak. Gainera, autodefentsa feministaren mezuarekin bat egin zuten: “Bai erasotzaileei aurre egiten dieten emakume ausartek, bai konpartsok eta bai konpartsakideok adi eta aurre egiten jarraituko dugu; erasotzaileak jai eremutik bota ditugu, eta botako ditugu, eta autodefentsa eta elkarren zaintza erabiltzen jarraituko dugu”. Horrez gain, manifestazioa egin zuen mugimendu feministak ostiral gauerdian.

Kritikak Bilboko Udalari

Egindako lanaz harro agertu den arren, Bilboko Udalak zenbait kritika jaso ditu jaietako jardunaren harira. Alde batetik, Bilboko Konpartsek “jaigunearen militarizazioa” salatu dute, eta “gehiegizko presentzia polizialaren aurrean” beren kezka eta desadostasuna adierazi dute: “Dispositibo hori galeriarentzat da, itxura egiteko; ez da eraginkorra delinkuentziaren aurka”. Argudiatu dutenez, “oso bestelako bideak daude jai eremu seguru bat bermatzeko, konpartsakideen konpromisotik hasita”. Tomas del Hierro Herritarren Segurtasunerako zinegotziarekin biltzea eskatu zuten, “presio itogarri horri buelta emateko”, baina zinegotziak uko egin zion eskaerari.

Bestalde, alderdi politikoek ere haien balorazioak egin dituzte. EH Bildu eta UdalBerri taldeek antzeko iritzia azaldu dute. Biek nabarmendu dute Bilboko Konpartsek 40 urte hauetan egindako lana eta sortutako jai-eredu parte hartzailea. Era berean, kolokan jarri dute Bilboko Udalak eraso sexistak eragozteko egindako lana: “Udaletxe honek, beste erakundeek bezala, marketinetik eta mugikorretarako aplikazioetatik haratago doazen politikak egin behar ditu. Indarkeria matxistaren aurkako politikak urte osoan landu behar dira, mugimendu feministarekin elkarlanean”, argudiatu du Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak. Bestetik, udalak zezenketak sustatzea salatu dute bi udal taldeek.

PPk, berriz, oso ondo baloratu ditu jaiak, baina udalari eskatu dio “Bilboko Konpartsek Areatzan duten monopolioa amai dezala, espazioa beste erakundeei irekitzeko”. Gainera, kaleko salmentari jazartzeko ere eskatu du, eta ordaintzeko tiket edo pultsera sistema bat ezartzeko.