“Animalia eroso ez badago, terapiak ez du balioko”

“Animalia eroso ez badago, terapiak ez du balioko”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Naiara Arantzamendi Burgoak (Ondarroa, 1979) ume-umetatik maite izan ditu animaliak, eta zer ikasi aukeratzeko orduan argi izan zuen albaitaritza ikasi behar zuela. Gaur egun, Durangon eta Lekeition ematen du kontsulta.

“Ohiko” albaitaritzaz edo alopatikoagaz gain, albaitaritza holistikoan edo “alternatiboan” ere aritzen zara. Zer dela-eta pentsatu zenuen albaitaritza holistikoa ikastea?

Kezka nire aurreko txakurrak aldakako displasia zuen. Albaitaritza orokorragaz maila bateraino lagundu ahal niola ikusi nuen; dena ere kimikoak erabilita. Eta txakurrari lagundu ahal izateko, akupuntura ikasten hasi nintzen.

Zelan izan zenuen terapia horren berri?

Akupuntura ikasi zuten fakultateko lagun batzuk nituen. Valentziako unibertsitatean albaitaritza ikasten ari nintzela, akupunturari buruzko hitzaldi batera joan nintzen, eta hantxe ezagutu nuen geroago irakaslea izango nuena ere. Emakume hura berbetan entzun nuenean, nik ere bide horretatik aritu nahi nuela pentsatu nuen. Eta nire txakurraren arazoa nabarmendu zenean, orduan hasi nintzen gaiari buruz sakontzeko informazioa bilatzen.

Gerokoan, baina, gehiago ikasten jarraitu duzu.

Orain kinesiologoa naiz; tartean akupuntura, fitoterapia, aurikuloterapia edo beste zenbait terapia ere erabiltzen ikasi dut.

Zelan ezagutu zenuen kinesiologia?

Neu osatzeko erabili zutelako ezagutu nuen, eta momentu horretan hori ere ikasi egin beharra nuela erabaki nuen. Gerokoan, pertsonetan erabiltzen den kinesiologia erakutsi zidaten, eta, aldi berean, hori animalietan ere aplikatzen.

Eta kinesiologiaren bidez, nola artatzen dituzu animaliak?

Azken finean, giharren test bat egiten da. Baina test hori animalietan egin ahal izateko, beti pertsona baten beharra egoten da, animaliaren etxeko bat normalean, haien bitartez lortzen da-eta informazioa. Nik, esaterako, besoak erabiltzen ditut; horien luzeraren arabera, informazioa lortuz joaten naiz.

Zein animalia artatzen dituzu?

Normalean, txakurrekin eta katuekin egiten dut lan, baina, aukera emanez gero, gustura artatuko nituzke beste animalia batzuk ere.

Zuri dagokizunez, zein albaitaritza mota nahiago duzu?

Albaitaritza holistikoa nahiago dut, baina bat bestearen osagarria dela deritzot. Izan ere, uste dut biak batuta aukera handiagoa dagoela pazienteari bizi kalitate hobea emateko. Antiobiotikoak edo kortikoideak erabili behar badira, erabili egiten dira, baina beste aukera batzuk badaudela jakitea ere oso aberasgarria da niretzat. Ni neu, esaterako, ahalik eta kimiko gutxien erabiltzen saiatzen naiz.

Zuregana datorrenak berak eskatzen dizu albaitaritza holistikoa erabiltzeko?

Holistikoa nahi duenak berak eskatzen du hasiera-hasieratik, badakielako zertan datzan. Bestelakoan, animaliaren etxekoa kinesiologia erabiltzeko egokia dela iruditzen bazait, kinesiologia zertan datzan azaltzen diot. Baina akupuntura probatzera animatzen direnak gehiago izaten dira, akupuntura bera nahikoa ezagunagoa delako gaur egun. Eta akupuntura probatzen dutenak beste terapia batzuk probatzera animatzen dira. Beste batzuek albaitaritza alopatikoan emaitzarik lortu ez dutelako jotzen dute niregana, azken aukera modura.

Animaliak zer jaten duen ere garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, noski. Elikagaien bidez ere terapia egiten dugu, eta hori oinarrizkoa da. Pertsonetan gertatzen den modura, gorputza txarto elikatuta baldin badago, gabezia batzuk egongo dira, eta sendatzea nabarmen geldoagoa izango da.

Elikagaiei dagokienez, zeren aldekoa zara?

Nik neuk elikagai naturalaren aldeko apustua egiten dut. Baina familia bakoitzak bere egunerokoa du, eta horri egokitu beharra ere badago, betiere gure pazienteei hobeto etorriko zaiona ikusiaz. Egia esan, edozein pentsuk ere ez du balio, eta kinesiologiak katuari edo txakurrari zer pentsu mota datorkion hobeto testatzeko ere balio du, esaterako.

Akupuntura ere erabiltzen duzu animalietan. Ezagutzen ez dutenentzat, mingarria al da?

Akupunturako puntua minduta baldin badago, mingarria izan daiteke. Akupunturan, nire ustez, garrantzitsuena animalia ahalik eta lasaien egotea da, betiere kontuan izanda kontsulta batera datozela. Animaliak, normalean, hona ez dira gustura etortzen, eta animalia ahalik eta erosoen egon dadin saiatzen gara. Ikusten badugu orratzak ipini eta ondo jasaten dituela, ba, orratzekin egiten da terapia. Bestelakoan, moxibustioa edota laserra erabili daitezke, esaterako. Beti pazientearen beharrizanetara moldatzen gara. Azken finean, bera ondo egotea da garrantzitsuena, eta, animalia eroso ez badago, terapia edozein dela ere ez du balioko.

Albaitaritza holistikoagaz edozein patologia sendatu daiteke?

Teoriak baietz dio, baina, zerbait larria eta presazkoa baldin bada, ez zara hasiko kinesiologia aplikatzen. Albaitaritza alopatikoa, egia esan, erosoagoa da. Animalia bisitan ekartzen dizute, eta, behar duen tratamendua emanda, etxera bidaltzen duzu normalean. Albaitaritza holistikoa aplikatuta, berriz, jarraipen handiagoa egin behar zaio animaliari. Izan ere, kasu horretan, animalia era oso batean artatzen da, bere osasunaren oreka bilatu arte.

Zelan lortzen duzue hori?

Elikadura gehigarriak erabiltzen dira horretarako, eta horregaz animaliari lagundu ahal diozula ikusteak asko gogobetetzen nau. Egia esan, elikadura gehigarriekin tratatzen den animalia batek gaixotasun arazoei hobeto egiten die aurre. Dena ezin da sendatu, baina sintomak nabarmen arindu daitezke. Jendeak gauzak arin sendatzea nahi du gaur egun, eta terapia holistikoak epe luzeagoan ematen du bere fruitua. Hori bai, bi edo hiru saiotan ez badut hobekuntzarik ikusten, horretan zeinek lagundu ahal dion esango diot animaliaren etxekoari, nik pazientearentzako onena nahi dut eta.

Artatu dituzun animalien artean baten bat gogoratzen duzu bereziki?

Egia esan, niretzat kasu guztiak dira bereziak. Katu eme batek mukometra zuen —animaliaren uteroak behar baino muki gehiago sortzen duen gaixotasuna—, eta mukia botatzen ari zen etengabe. Katuari analitika guztiak egin genizkion, ekografiak eta beste hainbat froga, eta emaitza guztiak begiratu ostean, mukometra diagnostikatu genion. Albaitaritza alopatikoari dagokionez, arazoari konponbidea emateko antzutze kirurgia egitea zen onena. Baina katua oso nagusia zen, eta ebakuntza bat egitea oso arriskutsua zenez, kinesiologiagaz laguntzea erabaki genuen. Sei hilabetez mukia dariola zegoen katua, eta, egia esan, akupuntura saio bakarragaz mukometra kontrolpean edukitzea lortu genuen. Gero, beste bi kinesiologia saio egin genituen, eta, etxekoen arabera, katua hobetu egin zen. Ebakuntza bat egitea saihestu genuen, eta horrek asko poztu ninduen.