Osasuntsua poltsikorako ere

Oihana Cabello Elorriaga

Gero eta ur gutxiago kontsumitzen da iturritik. Datuek hori diote. Hala ere, ur kontsumoa murriztu izana herritarren kontzientzia maila handiagoak bultzatu du.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea da Joserra Diez. Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da, eta lehen hezkuntzako etorkizuneko irakasleak hezten ditu, arlo zientifikoan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaslegaiak ere baditu ikasle. Bere ezagutza biodibertsitatearen kudeaketaren alorrera, ibaien lehengoratzera zein ekologiaren oinarrietara eta lurraldearen planifikaziora bideratu du.

Horietan guztietan ardatza beti da ura. Diez bezala, EHUko irakasle dira Arantza Rico eta IƱaki Antiguedad. Plastic Free Campuses (PFC) proiektuarekin bat egiteko asmoz, EHUn botilako uraren kontsumoa zenbaterainokoa den jakin nahi zuten, eta ikerketa bat egin zuten. Komunitate unibertsitarioaren pertzepzioa zein zen, zer-nolako ohiturak zituzten, eta unibertsitateak berak botilako ura baztertzeko zituen aukerak aztertu zituzten. “Zergatik? Gurean txorrotako ura kalitate oso onekoa delako, eta osasun bermeak dituelako”, azaldu du Diezek. Abiapuntu hori hartuta, hainbat inkesta egin zituzten irakasle, ikertzaile, ikasle eta administrazioko langileen artean. “Batu genituen datuetatik ondorioztatu genuen jendeak botilako ura kontsumitzen duela. Azterketa egitean, ez genuen alderatu txorrotako uraren eta botilako uraren kalitatea, baina ez da egia botilakoa osasungarriagoa dela”, dio irakasleak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egunean birritan egiten du etxeetara doan uraren analitika, eta datuak eskuragarri daude. Baliabide izugarriak ditu Bizkaiak, eta oso inbertsio handia egin da berme guztiak zaintzeko. Gainera, kontsultatu daiteke analitika horietako parametroetan irregulartasunik eman den eta noiz.

Heziketa, ezinbestekoa

Hiru irakasleek egin zuten azterketaren arabera, jendeak, egunean, botila bat edo bi ur kontsumitzen ditu. Gela bakoitzean, ikasleen %60k daukate botila bat ur. Unibertsitateko ekintzetan, tesien aurkezpenetan, hitzaldietan eta abarretan ur pitxerrik ez da erabiltzen, botila bat ur izaten du hizlari bakoitzak. Diezek emandako datuei erreparatuta, eguneko menuak ematen dituen Leioako taberna batek hilean 30.000 botila ur baino gehiago saltzen ditu.

Paradoxikoki, inkesta bete zutenen artean, gehienek uraren kontsumoaren inguruan jarrera ona zeukaten, baina errealitatea gero oso bestelakoa da. Datuek diote mundu mailan segundoko 20.000 botila ur saltzen direla, horietatik denetatik %40 inguru birziklatzen direla, eta birziklatzen diren horietatik denak ez direla berrerabilgarriak.

Ura negozio bilakatu dute, eta, egoera iraultzeko, erabilera egokia eta kontzientea egiteaz gain, erabiltzaileak eta agintariak hezi behar direla uste du Diezek. Bizkaiak erregulazio sistema propioa izateko aukera balu ere, egoera horretara heltzea zaila ikusten du EHUko irakasleak. Hala ere, galdera beste bat izan beharko litzatekeela azpimarratu du: “Urik ez badago, geure buruari egiten diogun lehenengo galdera da ea nondik aterako dugun, eta hori da gaizki egiten duguna. Edozein kasutan, lehenengo begiratu beharko genuke zenbat gastatzen dugun, nola gastatzen dugun eta zelan jokatu beharko genukeen gure kontsumoak murrizteko eta optimizatzeko”, argitu du.

Ura modu iraunkorragoan erabiltzea litzateke onena, baina ez da horren erraza. “Konplexua da, zeren, ura esaten dugunean, lurraldeari buruz ari gara, lur antolamenduari edota sistema produktiboei buruz. Eta horri guztiari aurre egiteko ur nahikorik ez dago Bizkaian. Ditugun azpiegiturak kanpoko ura ekartzeko dira”. Horregatik, irakasleon kezka da nola egin Bizkaiko uren kontsumo jasangarriago bat eta nola hezi gizartea erabileran praktika iraunkorragoak edukitzeko. “Ez gara sistemei buruz ari bakarrik, erabiltzaileak hezita egotea ere garrantzitsua da, eta hori da gaur egun erronkarik handiena”, aipatu du.

Espainiako Estatuan, batez beste, pertsona bakoitzak 138 litro ur kontsumitzen du eguneko. Euskal Herrian, gainera, industriak ur asko kontsumitzen du; “agian, ura behin eta berriro erabiltzeko zirkuitu itxiak optimizatu beharko genituzke”, aipatu du Diezek. Kontsumoak izugarri handiak dira, baina, kontsumo handia izanik ere, ez da diru asko. Hala ere, Diezek dio kontsumoa kontrolatzeko ura garestitzea ez dela bidea. “Batez bestekotik gora kontsumitzen dena garestiago ordaintzen da gaur egun, baina diru hori ez litzateke izan behar agintariek gehiago kobratzeko, gure baliabideak optimizatzeko baizik”.

Planifikazioa

Gaur egun, uraren hornidura monopolio bat da. Baina ura denona da. Horregatik, ikerketa egin duten irakasleek aldarrikatzen dutena da uraren zerbitzua publikoa izan beharko litzatekeela, kalitatezkoa, eta ezinbestean lotuta egon beharko litzatekeela lurraldearekin eta lurraldearen planifikazioarekin. Arazoa da, Diezek dioenez, Bizkaian lursail gehienak esku pribatuetan daudela. “Horregatik, erabiltzaileek ura garestiago ordaindu behar badute, izan dadila lurrak erosteko, arro hidrografikoetan oso hausgarriak diren eremuak erosteko, denen artean”.

Era berean, praktika onak ere eskatu ditu Diezek: “Arbolak mozteko eta ateratzeko baimenak ematean, izan dadila arau batzuk beteta. Baliabideak jarri beharko genituzke errentagarritasun bat bermatzeko, epe luze bati begira uraren kantitatea eta kalitatea bermatzeko”.

Inteligentziaz jokatzeko eskatzen dute, eta kudeaketa ere gardena izan dadila. “Ezjakintasun handia dago, eta jendea informatuta eduki behar da. Inteligentzia kolektiboa erabili beharko genuke, etorkizunean gure lobek ere bertoko ura edan dezaten”.