Herritarren babesa eta salaketa areagotzen ari dira kalean

Herritarren babesa eta salaketa areagotzen ari dira kalean

Aitziber Laskibar Lizarribar

Hiru egunerako ez; bost egunerako emango die aterpe migratzaileei Gurutze Gorriak hemendik aurrera. Hala jakinarazi dute egunotan. Eskaerak etengabeak zirenez, harrera egunak luzatzea adostu dute instituzioek eta Gurutze Gorriak —hark kudeatzen ditu harrera guneak—. Baina bost egunen ondoren, berdin-berdin geratuko dira kale gorrian Bizkaira iritsitako dozenaka lagun. Egoera hori ikusirik, eskaerak eta protestak ez dira eten. Are, indar hartzen ari direla ere esan liteke.

Herritarrek jarraitzen dute bizi baldintza gogorretatik ihesi iritsitakoei oinarrizko laguntza ematen: arropa, manta, lo-zaku eta esterak biltzen, egunean otordu bat ziurtatzen, eta lotarako aterpea eskaintzen. Auzoek hartu dute beren gain instituzioek ezin dutela egin esaten dutena. “Nola ezingo dute egin gurea bezalako auzo txiki batek baliabiderik gabe egin dezakeena?”. Gero eta gehiago errepikatzen den galdera da. Laguntza ematen ari direnek argi dute borondate kontua dela.

Beharrak eta txandak

Auzorik auzo dabiltza migratzaileak azken asteetan Bilbon. Otxarkoaga, Santutxu eta Atxuritik igaro ondoren, Bilbo Zaharra dute orain babesleku. Hamabost bat egunez izango dute bertan lolekua, egoera denboran luzatzea sostengaezina baita laguntzen ari direnentzat. Txandetan antolatzen dira egunero auzokideak, eta ez da erraza horrenbeste pertsonarentzat lo-zaku eta esterak batzea, adibidez. Azken asteetan, 70 lagunetik gora izan dituzte, ez dira beti pertsona berak izaten, eta bidaian jarraitzen dutenek zakua eraman nahi izaten dute. Kale gorrian geratuko dira berriz, eta ez dute izango estaltzeko ezer.

Badira Bizkaiko hiriburuan hainbat aste daramatenak ere, eta, hizkuntza elkar ulertzeko oztopo den arren, elkar ezagutzen ari dira; migratzaileen beraien artean, eta bertakoekin ere bai. Elkarlana gero eta ohikoagoa da.

Oinarrizko baliabideak ziurtatzeko lana ez ezik, egun osoa kalean egonean egoten diren horiei gustura egoteko momentua eskaintzeko apustua ere egiten dute herritarrek. Larunbatekoa izan zen horren erakusgarri.

Bilbo Zaharrean lo egiten dutenen artean, badira anaia pateran euren ondoan hiltzen ikusi dutenak. Badira bahituta egon direnak eta bizi hobe baten bilako bidaian hiru urte daramatenak. Gazteak denak; gehienak, hogei bat urte ingurukoak. Bizitzen ari diren egoera gogorrak une batez ahantzarazi nahian, elkartasun ekitaldia antolatu zieten Bilbo Zaharreko auzokideek, plazan.

Elkarretaratzean batu ziren, lehenik, azal zuri eta beltzekoak, San Anton zubian. Inor ez da ilegala pankartaren atzean elkarrekin abestu zuten kasik ereserki bihurtua duten oh-la-la oh-le-le solidarité avec les sans-papiers.

Txalaparta doinuek hartu zituzten plazan, eta bertsoak ere entzun zituzten. Giro ederrean, eurak ere animatu ziren mikroaren aurrean jarri eta bat-batean aritzera. Kantuan ere jardun zuten pozarren. Atzetik, talde bat eta beste bat, abeslari bat eta beste bat, rap kantariak, musika, txaloak eta dantza. Hangoak eta hemengoak. Irribarreak eta algarak.

Herri afarian 150 lagun inguru bildu ziren. Arroza, curry saltsan egindako oilasko paparrekin. Migratzaileek beraiek beraien erara guztientzat prestatua.

Igandea ere aldarrikapen eguna izan zen Bilbon. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatuta, egun osoko protesta egin zuten Arriaga plazan. Ekitaldiz betetako 24 ordu. Euren auzoetan aterpeak prestatu dituztenek euren esperientziak trukatu zituzten, nork bere ikuspuntua zabaldu zuen, eta euren herrietatik ihesi txalupetan egiten dutenen bidaia irudikatu zuten kartoizko ontzian dozenaka pertsona pilatuta. Bidaia hori egin nahian itsasoan itota hil diren milaka pertsonak gogoratu zituzten.

Gaua ere Arriaga plazan igaro zuten, errefuxiatuak kalean uzten ari direla salatu eta irtenbideak eskatzeko. Goizean, instituzioei eskatu zizkieten kontuak; Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Hiru erakundeen egoitzetara kalejiran joan ziren goizean, eta idazki bana utzi zieten.

Harrera integralerako politika eskatu diete erakundeei, eta iritsi berriek osasun laguntza, psikologikoa eta juridikoa ere behar diuztela ohartarazi. Aterpe guztiak zabalik edukitzeko eta kalean inor ez uzteko eskatu diete. Eta pertsona guztien giza eskubideak betetzeko behar diren baliabideak jar ditzatela. “Inork ez du bere etxea uzten, hori ez bada marrazoaren ahoa”.