“Auzoaren beharrak asetzeko aukera da”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Azpiegitura gabezia agerikoa den auzo batean, espazio handi bat hutsik geratuko da aurki: Atxuriko tren geltokia eta trenbidearen azpiegitura guztia. Milaka metro koadro. Auzoari bizi berri bat emateko aukera paregabetzat dute auzokideek, eta horretarako batu dira Lokomotorak proiektuan. “Hor dugu ilusioa, eta horretan jarri ditugu indarrak”, dio, baikortasunez, Igor Uribek (Bilbo, 1981).

Zer da Lokomotorak proiektua?

Datorren urtetik aurrera, trenak ez dira Atxuriko geltokira helduko. Hutsik geratuko da eremu hori, eta auzoan eztabaida sortu da horren erabileraren inguruan. Oso-oso handia da tren geltokia, eta ez bakarrik eraikina; hor daude nasak, trenbide hondartza… oso handia da. Gunea ibaira begira dago, Zazpikaleetatik oso gertu… aukera handiak ditu. Publikoa izango den eta auzoaren beharrizanak aseko dituen eremu bat izatea nahi dugu. Aukera ederra da. Auzoan eztabaida prozesu bat zabaltzea pentsatu genuen. Batu ginen, eta tailer parte hartzaile batzuk prestatu genituen, proposamenak egiteko eta guztion artean erabakitzeko zertarako erabili espazio handi hori. Horretan aritu gara azken hilabeteetan.

Nolakoa da gunea?

Oso handia da. Zati bat ondare gisa izendatua dago, eta babestua dago. Eraikina duela 105 urte egin zen; berezia da, eta ezin da ez bota, ez moldatu. Barruko erabilera aldatu daiteke, baina eraikinaren itxura ez. Beste eraikin berriago bat du ondoan. Eta, gero, nasak-eta ditu. Gune hori ere oso handia da, eta ibaira begira dago.

Proiekturik ez dago zehaztuta gune horretarako?

Udalak Hiri Antolaketarako Plan Orokorra aurkeztu zuen iaz. Bertan zehazten denez, orain Atxurin amaitzen den tranbia Boluetaraino helduko da, eta, ibaiaren ertzean pasealeku bat egiteko asmoa dute. Urazurrutiara —ibaiaren beste aldeko kaira— oinezkoentzako zubi bat egiteko nahia ere azaldu zuten. Baina hori eginda ere, metro asko geratuko dira libre trenbideen aldean, eta eraikinak ere bai. Udalak ez du gune horretarako proposamenik egin oraingoz, eta horregatik egin nahi dugu guk orain, auzokideen iritzia kontuan har dadin.

Izan duzue harremanik Bilboko Udalarekin?

Bai, harremanetan gaude. Aitortu digute auzoak ekipamendu gabezia handia duela eta eremu hori aurrerantzean ere publikoa izatea nahi dutela. Harremana badugu. Irailean batuko gara berriz haiekin. Tailerretan bildu ditugun ekarpenak borobildu, eta ideia nagusiekin txosten bat egingo dugu. Hori aurkeztuko diogu udalari irailean: herritarrek esan dutena. Jende askok eta oso diferenteak parte hartu du prozesuan.

Harreman ona duzue, beraz, udalarekin?

Tira, hitz egiten ari gara behintzat, eta hori ona da. Gainera, aitortu ziguten Atxurin ekipamendu falta zegoela eta eremu publikoa izatea nahia dutela… Gero ikusi beharko da horri eusten dioten, eta ikusi beharko da, era berean, nola ulertzen duten publikoa izatearena, zeren, beste esperientzia batzuk ikusita, mesfidantza badugu. Kapitalaren aldetik zein interes egon daitezkeen ere ikusi beharko da. Oso gune tentagarria da: alde zaharra oso gertu dago, San Anton zubia oinez bi minutura, Bilbo Zaharra hiru minutura, Santutxu ere gertu… Oso leku onean dago, eta egon daitezkeen bestelako interesek mesfidantza eragiten digute.

Egitasmo pribaturen batek hartuko duen beldur zarete?

Tira, beldurra ez dakit, baina mesfidantza behintzat bai. Arriskua ikusten dugu proiektu pribaturen bat jartzeko edo diru publikoa erabilita beste interes batzuetarako proiekturen bat sortzeko. Ondoan dugu horren adibide bat: Erriberako merkatua publikoa zen, publikoa da oraindik, baina solairu oso baten erdia turistentzako gastro-tabernaz bete dute. Behealdea ere Last Tour enpresari eman zioten, taberna bat jartzeko…

Zeintzuk dira zuek bildu dituzuen proposamen nagusiak?

Gauza logikoak dira. Alde batetik, eskolaren beharrizana dago. Juxtu ondoan Atxuriko eskola publikoa dago. Txiki geratu da, espazio falta du, eta oso aukera ona da, adibidez, euria egiten duenerako patio itxi bat jartzeko. Eskolakoak euren txosten propioa egiten ari dira dituzten beharrizanekin. Liburutegia ere eskatu dute, auzo zinema, biltzeko gelak, parke itxiak bai nagusientzat, bai umeentzat… Inork ez du bota ideia esperpentikorik. Badakigu lekua oso handia dela eta jende gehiago egon daitekeela interesatua, baina, borondatea badago, denontzat dago lekua.

Parte hartze prozesua egin duzue orain arte, eta jende askok parte hartu duela azaldu duzue.

Auzoan dauden ikuspuntu desberdinak biltzen saiatu gara, eta oso erantzun ona izan dugu. Lehenengo bisita gidatua egin genuenean, ehun pertsonatik gora etorri ziren. Hor ikusi genuen auzoan interes handia zegoela. Azken finean, geltokiak izaera eta nortasun bat eman dio auzoari. Askotariko jendeak parte hartu du lehen fasean: eskolakoak hor daude, erretiratuekin egon gara, gazteekin ere bai, emakume tailerra egin dugu, umeekin, gizarte eragileekin, Atxurikoekin, Zazpikaleetakoekin eta Bilbo Zaharrekoekin bildu gara… Orain guztia laburbildu eta forma ematen ari gara. Oinarri horrekin bilduko gara udalekoekin, eta auzoarengana ere zuzenduko gara ondorioak azaltzeko. Antzeko prozesuak ezagutzeko mahai inguruak ere egingo ditugu: Gernikako Astra, Deustuko Erriberako Bizinahi, Kataluniako autogestio esperientzia bat…

Ez dugu ikusle hutsak izan nahi gure inguruko gauzekin. Parte hartzaile aktiboak izan nahi dugu, eta erabaki. Azken finean, gu hemen bizi gara, eta inork ez daki guk baino hobeto zer behar ditugun. Espero dut elkarlan bat behintzat lortuko dugula.