Urak kutsatzen dituzten lurrak

Urak kutsatzen dituzten lurrak
Aitziber Laskibar Lizarribar
Urte luzetan kontrolik gabe bota dira lindano hondakinak edonon; kasu askotan, zabortegietan eta horien inguruetan. Bizkaian hainbat gune lokalizatu dituzte: Trapagarangoa, Lemoizkoa, Santurtzikoa eta Bilbokoa dira ezagunenak. Gaur egun, erreka eta ibaiak kutsatzen jarraitzen dute.
Oiola.
Milaka herritarrek eta aberek edan duten ura
Lindanoz kutsatutako gunerik ezagunena da Oiolako urtegia. Salaketa, protesta eta neurri zehatzak eragin dituena. Eta ez da harritzekoa: Barakaldo, Sestao eta Alonsotegi urez hornitu dituen urtegia izan da urteetan; 130.000 pertsonari baino gehiagori edaten eman diena. Barakaldoko Udalak 2014an eten zuen konexioa. Baina arazoa ez da konpondu.
Urtegiaren kudeaketa Barakaldoren esku dagoen arren, Trapagaranen dago Oiola. Barakaldoko Udalak 1967tik du bertako ura edangarri egin eta herritarren kontsumorako kudeatzeko kontzesioa. 2008ko uztailean, lindano maila handia atzeman zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, ohiko kontrol batean; Europako Batasuneko eta Espainiako araudiek onartutako muga baino hamabi aldiz handiagoa. Berehala eten zuten zerbitzua, aldi batez, eta ikerketa egin.
Lindanoa nondik zetorren ez zuten argitu. Kontrolik gabe egindako isurketaren bat du jatorrian, baina azterketek ez dute zehaztu materiala non dagoen. Pare bat gauza dakite ziurtasunez: Angela errekaren arroaren goialdetik iristen direla ur kutsatuak Oiolara, eta euria egiten duenean gora egiten duela kutsadura mailak. Euriek lur azpira iragazten dute lindanoa, eta horrela iristen da errekara. Hortik, urtegira.
2008ko uztaileko neurketen muturreko emaitzen ondoren, zerbitzua eten zen garai batean, gero berriz abiatzeko. Erabateko deskonexioa 2014an gauzatu zen.
Hango urik ez da etxeetako iturrietara iristen jada. Baina lindanoak bertan jarraitzen du, Angela errekaren arroetan, eta gaitzaren iturri den lurren batean. Inguru horietan abeltzaintza dago, eta behiek Oiola edo Angela aldeko urak edaten dituzte hainbatetan. Giza kontsumorako haragia eta esnea ematen dute behi horiek, eta, horrela, kutsaduraren transmisio katea sortzen da.
Jata.
Pertsona baten abisuak ezagutarazia
Lemoizen, Jatako zabortegiaren ondoan, lindanoa zegoela jakinarazi zion herritar batek Ekologistak Martxan-i iazko ekainean, modu anonimoan. Bilboko Chemicals enpresak sortutako eta kontrolik gabe isuritako hondakinak dira. 60-80 bat tona daudela kalkulatzen da. Hauts zuri gisa, hainbat multzotan pilatuta aurkitu zuten lindanoa, beste hondakin batzuekin nahastuta. Basarte batean dago, sasitza eta eukalipto sail batean. Segurtasun neurririk gabe estali zuten bere garaian, eta Eketza erreka eta Urbieta urtegiaren azpiko urak kutsa ditzake. Lurrak izan dituen mugimenduek agerian utzi dute.
Horren berri izan zuenean, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Lemoizko Udalari aurkikuntzaren berri eman zien talde ekologistak, eta salaketa aurkeztu. Jaurlaritzak lurraren egoera zein den azaltzeko eta lindanoarekiko kontaktua saihesteko eskatu zion Mungiako Udalari. Izan ere, lur horietan, Mungiako hondakinentzako zabortegi bat egon zen 1984 eta 1987 artean.
Santurtzi.
Galindotik Ibaizabalera
Santurtziko Kabiezes auzoan, Tejera gisa ezagutzen zen gunean, askotariko hondakin isurketak egin ziren 1965az geroztik. Hamar urte geroago, hondakindegi gisa aritu zen udalaren baimenarekin. Etxe-Uli deitzen zitzaion hondakindegiari. Mota guztietako hondakinak bota dira gune horretan hamarkadatan; baita toxiko eta arriskutsuak ere. Tartean, lindanoa. Zaborrak legez kanpo erre ere egin dira bertan.
Insecticidas Condor-Bilbao Chemicals Barakaldoko enpresakoa da bertan dagoen lindanoa, eta mila bat tona egongo direla kalkulatzen da.
Euriek Ballonti errekara isurtzen dute produktu toxikoaren kutsadura, Galindo ibaira joaten da errekan behera, eta, hortik, Ibaizabalera.
Zabortegia 1990. urte inguruan bete zen, eta, ordutik, hainbat jardun egin dira zelaigune horretan, aurrez inolako garbiketarik egin gabe: aparkalekua, konponketa tailerra, txakurtegia, erregaien gordelekua…
Miribilla.
Batzuk garbitu dira, besteak ez
Bilboko Miribilla eta Abusu auzoetako San Luis eta Malaespera meategiek lan oparoa izan zuten 1970 eta 1990eko hamarkada artean. Jarduna amaituta, mota askotako industria hondakinen ezkutuko gordeleku bihurtu ziren. Bertara botatzen ziren hondakinen artean zegoen lindanoa. Miribilla auzoa, egun 10.000 biztanle dituena, meategi ziren lur horien gainean eraiki zen. Eraikitze lanetan lindanoz kutsatutako lur eremuak azaldu ziren, besteak beste, Udaltzaingoaren komisaria eraiki zuten lurretan eta Bilbo Arena dagoen gunean.
Gune batzuei kutsadura kendu zitzaien, eta aipatutako eraikin horiek ez dute lindanorik azpian. Proiektua dezente garestitu zuen horrek. Beste gune batzuk ezin izan ziren garbitu, Malaespera meategiak gain behera egin zuelako. Eraiki gabeko zenbait eremuk lindanoa dute oraindik. Kutsaduraren iragazketak eta lixibiazioak zuzen-zuzenean eragin diezaioke Ibaizabal ibaiari.
Segurtasun biltegiak.
Behin-behinean
Hondakin arriskutsuak modu kontrolatuan gordetzeko hainbat biltegi eraiki ziren Bizkaian, 1990eko hamarkadan, eta hainbat tona lindano daude gordeta horietan. Leioako Sarriena, Barakaldoko Argalario eta Loiuko aireportua dira gunerik ezagunenak. Lehenengoa Zuazoko hondakindegia zena egokituta sortu zuten, bertan zeuden gai toxikoak gordetzeko. Poltsa moduko gai iragazgaitz batzuetan sartzen dira elementu kutsakor eta arriskutsuak, eta urik ez sartu ez ateratzeko moduan biltzen dira, ondoren lurrez estaltzeko. Horren gainean eraiki zuten Arteako merkataritza gunea.
Argalarion Megapark merkataritza gunea dago egun. 415.000 metro kubiko lur kutsatu ditu azpian gordeta. Loiukoa aireportuko pistaren ondoan dago lurperatuta. 110.000 metro kubiko toxiko daude bertan. Segurtasun biltegietan gordetako gai toxikoek ez dute arriskurik sortzen, baina behin-behinekoak dira. 30 bat urteko iraupena dute, eta atera egin behar dira ondoren.