“Gurasoek jarraipena eginda murgildu behar dira umeak teknologian”

“Gurasoek jarraipena eginda murgildu behar dira umeak teknologian”

N. S. O.

Adingabeak Interneten, sare sozialen eta sakelako telefonoen arriskuetatik babesten dihardu Gaptain proiektuak. Teknologia berriak arriskurik gabe nola erabili azaltzeko, bi hitzaldi emango ditu Euskal Encounter topaketaren barruan. Roberto Alvarez Angulo (Barakaldo, 1973) da proiektuaren sortzailea eta sustatzailea.

Zeintzuk arrisku ditu Internet modu egokian ez erabiltzeak?

Arriskuak adinari eta umearen jarduera digitalari oso lotuta daude. 2 eta 5 urte artean, batez ere, bideoak ikusten dituzte Youtuben. Arrisku bakarra da euren adinerako egokiak ez diren edukiak aurkitzea. 6 eta 9 urte artean euren kabuz nabigatzen hasten dira. Kasu horretan, arriskurik nagusiena egin ditzaketen kontaktu arriskutsuak dira. Pederastak, pedofiloak eta groomer-ak aurki ditzakete. Azken horiek pertsona helduak dira, baina Interneten adingabe gisa aurkezten dira. Kontaktatu duten adingabearengandik eduki sexualen bat lortzen saiatzen dira, gero xantaia egin eta dirua lortzeko. Jendeak uste baino askoz gehiago gertatzen ari da hori. Taldeetan antolatzen ari dira, gainera.

10 eta 14 urte artean, lehen sakelakoari lotutako arriskuak daude: ziberjazarpena eta mendekotasunak: teknologia, sare sozial zein apustuekiko mendekotasunak. Gurasoen baimenik gabe sarean erosketak egiteko arriskua ere antzeman dugu.

Azkenik, 15 eta 17 urte artean, batez ere, sexting-a —sexu izaerako mezuak bidaltzea— eta xantaia sexuala dira nagusi. Sexting-a bi pertsonaren oniritziarekin sexu izaerako edukia elkarrekin partekatzea da. Pribatua izan behar zuen eduki horrek pribatu izateari utz diezaioke, ordea. Eta groomer-ak azal daitezke hor ere: edukiokin xantaia egin dezakete, mesede sexualak, eduki gehiago edo dirua lortzeko.

Nola saihestu daitezke arriskuok?

Argi dagoena da teknologiak bakarrik ez duela geldiaraziko fenomeno hau. Askok uste dute nahikoa dela gailu elektronikoen erabilera mugatzeko gurasoen kontrola ezartzea. Erreminta horri esker, gurasoek jakin dezakete zeintzuk aplikaziotan nabigatzen duten seme-alabek eta zeinetan ematen duten denbora asko. Esaterako, seme-alaba goizaldeko ordu bietan sare sozialetan ari dela, eta edukiak argitaratzen ari dela ikus dezakete. Edo lehenago gutxi jolasten zen joko batean orain luze aritzen dela. Edo ordu asko ematen dituela sare sozial batean. Horrek erakuts dezake behar ez den norbaitekin kontaktatzen ari dela. Beraz, teknologiak laguntzen du, baina gazteek moduak aurkitzen dituzte kontrol horiek gainditzeko, aukera ugari baitituzte sarera konektatzeko.

Orduan, zein baliabide geratzen zaie gurasoei?

Benetan eragina eta indarra duena heziketa digitala da. Gaztetxoei eurei jarduera bakoitzaren arriskuei buruz ohartaraztea edota groomer bat identifikatzeko trikimailuak jakinaraztea da gakoa. Ordenagailua ez da jarri behar adingabearen logelan; beti egon behar du familiak ikus dezakeen leku batean. Eta, txikiagoak direnean, komeni da sakelako telefonoetan koloreak kentzea, gris eta zurien eskala bat jartzea. Izan ere, Youtube eta hainbat sare sozial mendekotasuna sortzeko eta txikienen arreta bereganatzeko diseinatuta daude.

Gurasoak jakitun al dira teknologien erabilera desegokiak izan ditzakeen arriskuez?

Jakitun dira, baina ez daukate gaitasunik egin nahiko luketen jarraipena egiteko. Arrakala digitalaren ondorioa da hori. Hala ere, oso gutxi ari dira konponbiderako pausoak ematen. Erremintak egon badaude. Guk, esaterako, heziketa digitala eskaintzen dugu, online.

Sarera konektatuta jokatzen diren bideo jokoek ere ba al dituzte arrisku horiek?

Bai. Kanal horren bidez ere gertura dakizkieke adingabeei kontaktu arriskutsuak. Eurekin jolasten has daitezke, eta gero euren helburuak betetzeko trikimailuei hel diezaiekete.

Ziberjazarpenak eragin handiagoa al dauka bullying-ak baino?

Bai, askoz handiagoa. Bullying-a ez da bukatzen ikastetxeko orduetatik kanpo. Sare sozialetan idazten den guztia norbere nortasun digitalaren parte da, gainera. Hor geratzen da, betiko. Eragina izan dezake lanpostu baterako aurkezten zarenean ere. Gainera, mundu osora hedatzen da. Umiliazioa izugarria da. Eta eraso egiteko modua ere erraztu du.

Sakelakoa noiz eman eta erabilera zer-nola mugatu da beste buruhauste bat.

Familia asko etortzen zaizkit esanez 15 urteko semea edo alaba dutela eta kontrola jarri nahi diotela, baina bera jabetu gabe. Hori ezinezkoa da. Heziketa eta gainbegiratze prozesua lehenagotik hasi behar dira. Lehen sakelakoa eman baino lehenago, gero gurasoen jarraipen edo gainbegiratze hori modu naturalean gauza dadin; beraiek ere horrela barneratua izan dezaten. Gurasoek jarraipena eginda murgildu behar dira umeak teknologian, hasieratik.

Zer ahalbidetzen du gurasoen kontrol horrek?

Posible duzu eduki batzuetarako sarbidea mugatzea, edo eduki batzuetan sartzen denean abisua jasotzea; zeintzuk webgune bisitatu dituen ikus dezakezu, eta zenbat denbora eman duen horietan. Baita zeintzuk aplikazio erabiltzen dituen ere. Horrez gain, kontaktuak blokea ditzakezu, eta geolokalizazio aukerak ere eskaintzen ditu.