Ezkutuan mantendu da pozoia

Ezkutuan mantendu da pozoia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Lindanoa. Pestizida gisara hiruzpalau hamarkadatan barra-barra sortu eta erabili zen konposatu kimikoa. Nekazaritzan erabili zen gehienbat, laboreetako izurriak kontrolatzeko, baina baita pertsonen buruetako zorriak hiltzeko ere, eta zuraren, larruaren, artilearen zein kotoiaren tratamenduetan, parasitoen kontra. Eraginkorra izateko ospea zuen. Gaur egun, desagerrarazi beharreko material arriskutsu gisa izendatua du Nazio Batuen Erakundeak. 2008tik, erabat debekatua dago, produkzioa ez ezik, erabilera ere. Baina 1990eko hamarkadarako sortzeari utzi zitzaion arren, jarduera haren ondorioek gure artean jarraitzen dute, Bizkaiko lur askotan ezkutatuta. Eurien uren garraioarekin, erreketan isurtzen segitzen dute oraindik. Eta, sarritan, nondik datorren jakin ere egin gabe.

Lindanoa sortzeko prozesuaren nolakotasunean dago zergatia, eta ekoizle ziren enpresen gehiegikerian. Pestizida egiteko prozesua eraginkortasun gutxikoa zen. Tona bat ekoizteak bederatzi tona hondakin sortzen zituen. Hori hala, hondakin hori erraz botatzekotan soilik izango zen errentagarri. Eta nonahi bota zuten: ohiko zabortegietan, zabortegi inguruetan, edozein basogunetan eta zulotan. Ezkutuan, kontrolik gabe, eta inolako segurtasun neurririk gabe. Ahalik eta gertuenetik hasi, eta gero eta urrutiago; Barakaldotik, Palentzia eta Huescaraino esaterako.

Eta arazo nagusia elementuaren izaeran bertan dago: batetik, iraunkorra da, eta nekez desagertzen da. Luzaro irauten du. Bestetik, oso kutsakorra da, oso toxikoa, eta ia bizidun guztiak zein inguruneak hondatzen ditu. Eta, gainera, erraz barneratzen da. Irentsiz gero, gorputzean geratzen da, baina baita arnastu edo ukituz gero ere. Une bakoitzean barneratutako dosi bakoitza aurrekoari gehitzen zaio. Gorputzean pilatzen da, desagertu gabe.

Lurrunkortasun handia du, eta aise xurgatzen da arnasaren bidez. Baita kutsatutako uretatik ere: zuzenean edanda, harekin garbituta, eta ur horrekin ureztatutako barazkiak janda, adibidez. Eta, jakin ez arren, lindanoa duten erreka edo urtegietatik uste baino gehiagotan hartzen da ura baratzeak ureztatzeko.

Kutsatutako erreketatik edaten duten animaliak ere badira. Eta gai toxiko hori duen ura edaten duten behiek emandako esnea edo haragia jateak pertsonari eragingo dio. Koipearekin erraz bat egiten du, eta, ondorioz, esneak, esaterako, bereziki ondo xurgatzen du. Elikatze sareetan metatzeko joera du, eta, beraz, ekosistema kate osoak kutsa ditzake. Hasi barazki edo belarretatik, horiek jaten dituzten animalietara, eta horiekin elikatzen diren pertsonetara. Modu batean zein bestean barneratutako gaia metatuz eta zabalduz joango da.

Minbizia eragile

Osasunaren Mundu Erakundeak minbizia sortzen duten gaien artean zerrendatua du 2015. urtetik. Lehen taldean, gainera, toxikoa eta minbizi eragilea dela frogatua duen taldean. Ohartarazia du sistema neurologikoari eta ugalketa sistemari ere kalte egiten diela.

Eta Bizkaiko hainbat lurretan irauten du oraindik lindanoak. Baina nola iritsi da? Lehenik eta behin, sortze prozesuaren gune izateagatik beragatik. Euskal Herrian, lindanoa ekoizten zuten hiru enpresa egon dira; hirurak, Bizkaian. Lehena 1944an sortu zen, Barakaldon: Insecticidas Condor. 1960an, bitan banatu zen enpresa. Condor izenarekin jarraitu zuenak Zornotzara eraman zuen ekoizpen jarduera 1966an, eta han jardun zuen 1985a arte. Beste enpresa, Bilbao Chemical, Barakaldoko Ansion mantendu zen, 1987an itxi zuten arte. Etengabeko isurketa kutsakorren aurka talde ekologistek eta administrazioak egindako presioen ondorioz amaitu zuen ekoizpena. Alemaniako Boehringer transnazionalaren filial gisa sortu zen Barakaldoko enpresaren muina. Horien produkzioak 75.000 tona hondakin sortu zituen.

Nexana izena zuen beste lantegiak. Hori ere Alemaniako enpresa transnazional baten adar gisa sortu zen; Merck enpresaren filiala zen. Asuan izan zuen lantegia, Erandion, Ibaizabal itsasadarraren ertz-ertzean. 1952tik 1982ra bitarteko jardunean, 7.000 tona hondakin sortu zituen.

Fabrika horietan sortutako milaka tona hondakinek larri kutsatu zuten ingurua. Erandioko lantegiko hondakinek Asua ibaiari eragin zioten, eta Barakaldokoak, Galindo ibaiari. Biak dira Ibaizabalen adarrak, eta handia da ibai nagusi horrek urteetan jasan duen kutsadura. Bai hondakin toxikoak zuzenean ibaira isuri zirelako, eta bai inguruetako lurretan botatako hauts zuriaren kutsadura bertara iritsi delako. Guztira, lindanoak kalte egindako 40 gune inguru identifikatu ziren.

Lindanoa zuten pestizidak masiboki erabili ziren hainbat nekazaritza gune ere kutsatu ziren zenbait eremutan. Ez da Bizkaiaren kasua, baina Galizian, esaterako, hori dute arazoaren foku nagusi.

Orain, Bizkaiko azken fabrika itxi zenetik 30 urte baino gehiago igaro direnean, arazoak konpondu gabe jarraitzen du. Zenbait lur garbitu, eta hondakin toxikoak Huelvara (Espainia) eraman ziren, han batzen baitira desegiten ez diren produktu toxiko eta arriskutsuak. Beste lur batzuek garbitu gabe jarraitzen dute, lindanoa dutela jakin arren. Beste kasu batzuetan, kutsatuta agertzen diren erreka eta ibaiek adierazten dute inguruko lurren batean ezkutuko hondakindegiren bat dagoela. Eta badira, baita ere, horren susmorik izan gabe tonaka lindano duten lurrak.

‘Lindanoaren bila’ kanpaina

Horiei begira jarri dira ekologistak. Etengabeko kutsadura amaitzea ezinbestekoa dela diote, eta, horretarako, produktu toxikoa non dagoen jakitea da lehenengo urratsa. Kanpaina bat abiatu du, horretarako, Ekologistak Martxan plataformak: Lindanoaren bila. Bizkaian lindanoa ekoitzi zuten lantegietan edo horietan sortutako hondakinak garraiatzen lan egin zutenentzako kanpaina da, batez ere, lindanoa isuri zen lekuen berri eman dezaten. Informazioa modu anonimoan emateko aukera zabaldu dute, iturriaren berri inork izan ez dezan.

Kutsatutako kokaguneak ezagutu eta horiek garbitzearen garrantziaz ohartarazi du Javier Vazquez Ekologistak Martxan-eko kideak, erakunde publikoei utzikeriaz aritzea aurpegiratuta. Atzera eta aurrera begiratu du egoeraren larritasuna ikusarazteko. Lehen Mundu Gerrara egin du jauzi, lehenik. Material egonkorra da lindanoa, eta ez du su hartzeko joerarik. Baina tenperatura altuetan fosgeno bihurtzen da; oso gas hilgarria, Lehen Mundu Gerran gaseztatzeko erabili zena; gerra hartan heriotza gehien eragin zuen substantzia da.

Lindanoz kutsatutako lurretan sutea izatea hilgarria litzateke, gas hori arnasteak bat-bateko heriotza ekarriko bailuke. “Jatako zabortegia zen eremua lindanoz kutsatuta dagoen eukalipto saila da gaur egun. Eta badakigu eukaliptoa dela su ondoen hartzen duena. Sute batean suhiltzaileak sartuko balira, bata bestearen atzetik eroriko lirateke hilotz”.

Lemoizen garbitu gabe dagoen Jatako kutsadurak ekar lezakeenaren beste adibide bat ere jarri du: Lemoizko zentral nuklearra ondoko errekako urarekin hozteko prestatu zuten. Zentrala ez zen zabaldu, baina erreka horren urak zentralera bideratuta daude. Eta Jatatik eratorritako kutsadura garraiatzen du errekak. “Arrain haztegi bat jarriko omen dute han. Lindanoz elikatuko dira hango arrain edo izkirak?”.