Alonsotegiko iruzur kasuak, auzitegira

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Asteon eman dute berria: Alonsotegiko sei pertsonaren aurkako auzibidea hastea erabaki du Barakaldoko epaitegiak, eta horien arteko bi Alonsotegiko Udalean EAJko alkate izandakoak dira. Hirugarren alkate ohia ere ikertzeko eskatu du fiskaltzak. Bi kasu dira azken astean agerira atera direnak, biak ala biak EH Bilduk jarritako salaketen ondorioz abiatutakoak. 2014. urtean jarri zuten lehen salaketa, Alonsotegi Eraikiz sozietatearen jardunean irregulartasunak zeudelakoan. Bi urte geroago jo zuten epaitegietara berriz, 2008ko uholdeen kalteak konpontzeko orduko udalak jasotako diru laguntza publikoetan iruzur zantzuak zeudelakoan. Azken astean bi salaketak berretsi egin ditu epaileak, eta auzibidera eramango dituzte Alonsotegiko ordezkari publiko izandakoak.

EAJko bi alkate ohiren eta beste lau pertsonaren aurkako prozedurak hastea erabaki du Barakaldoko 1. Instrukzio Epaitegiak. 2003an, udaleko hainbat ordezkari jeltzalek Alonsotegiko higiezinak kudeatzeko sortu zuten Alonsotegi Eraikiz enpresa, eta haren kudeaketa salatu zuen EH Bilduk 2014an, elkartea desegin eta utzitako zorra —4,1 milioi euro— udalak hartu baitzuen. Iruzurra sumatu zuen koalizio abertzaleak, eta Alonsotegi Eraikiz elkartea ikertzeko eskatu zuen epaitegian.

Auzia geldi egon da azken urteetan, eta defentsak kasua artxibatzeko eskaera egin zuen berriki. Baina auzia epaitzeko prozedura abiatu du epaileak orain. Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, sei kide epaituko ditu herri epaimahaiak: Gabino Martinez de Arenaza —1999tik 2003ra bitarte EAJko alkatea izan zen, eta Turismo Saileko zuzendari lanetan jardun du aldundian 2007 eta 2016. urteen bitartean—; Aitor Santiesteban Aldama —2003tik 2011. urtera bitarte izan zen Alonsotegiko alkatea, EAJ alderdiko ordezkari gisa—; Alberto Zulueta udal arkitektoa eta Irkus Palacio, Ainhoa Varona eta Iratxe Larringan lege aholkulariak.

Diru publikoa oker erabiltzea, iruzur egitea eta kargua beren intereserako erabiltzea egozten diete Alonsotegiko bi alkate ohiei, udal arkitektoari eta lege aholkulariei.

Ez da EH Bilduk salatutako iruzur kasu bakarra. 2008an izandako uholdeek eragindako kalteak konpontzeko udalak jasotako diru laguntzen kudeaketan ere irregulartasunak nabaritu zituen koalizioak. 600.000 euroko diru laguntza eman zion diputazioak udalari, eta hainbat enpresatan banatu zuen dirua orduan alkate zen Jose Luis Erezuma jeltzaleak. Lanak, ordea, ez zituzten inoiz egin. Alkatea ikertzeko agindua eman du orain Barakaldoko auzitegiak.

EH Bilduren arabera, salbuespena izatetik urrun, arau bihurtu da Alonsotegin gertatutakoa. “EAJko zenbait kidek hainbat erakundetan izan duten kudeaketa eredua herritarren interesen kontrakoa da”. Hala azaldu du Onintze Oleaga batzarkideak. “Gero eta kasu gehiago ditugu: Bakio, Karrantza, Barrika, Alonsotegi… Erabat arduratuta gaude politika egiteko duten moduaz”.