Jazz doinuak Lea-Artibai eskualdera helduko dira gaur

Jazz doinuak Lea-Artibai eskualdera helduko dira gaur

Eider Mugartegi

Nagusiki hiriburuetan egiten diren musika jaialdiak herrietako publikoari ere hurreratzeko asmoz, Markina-Xemeingo bigarren Jazzaldia antolatu du Uhagon kultur elkarteak. Maila handiko hiru talde gonbidatu dituzte jaialdira, gaur hasi eta domekara bitarte. Ingurune paregabeak aukeratu dituzte, gainera, emanaldietarako: kulturguneko lorategia izango dute lehen talde biek agertoki, eta herrigunera eramango dute, berriz, hirugarrena, Markina-Xemeingo alde zaharrera.

Dr. Maha’s Miracle Tonic-en swing, western swing eta rhythm and blues erritmoek zabalduko dute Jazzaldia. “Doinu horiek 30eko eta 40ko hamarkadetan murgiltzen gaituzte. Kalakarien gurdiak eta musikari buhame nomaden ikuskizunak ekartzen dituzte gogora”, aurreratu dute antolatzaileek.

2011. urteko udan sortu zenetik, Dr Maha’s Miracle Tonic taldeak ehunka emanaldi eskaini ditu, bai eta sari ugari irabazi ere. Sorrera urtean bertan Bilbo Hiria Rock Jaialdiko bigarren saria, eta Euskadiko eta Bizkaiko talde onenaren sariak, Azkena Rock saria eta Barakaldo Pop Rock saria pilatu ditu taldeak azken urteetan.

2016an kaleratu zuten hirugarren iraupen luzeko lana, Bankkrobbers, eta 2017ko urtarriletik aurkezpenekin geratu gabe dabiltza. “Harmonia oso zainduak, doinu dantzagarriak eta banjoaren eta biolinaren tinbreak nabarmentzen ditu taldeak, umore dosi handiagaz”.

Uda guztia jaialdiz jaialdi emango dute; Hondarribiko Blues jaialditik igaro berri datoz Markina-Xemeinera.

Apartekoa

Antolatzaileek azaldu dutenez, hiru emanaldiek daukate “berezitasuna, xarma eta aberastasuna”. Hala ere, zapatuko kontzertua nabarmendu dute: Charlie Parker With Strings. “Zalantzarik gabe, galdu ezinezko kontzertu bat da, bai jazz zaleentzat eta baita ez direnentzat ere”.

Charlie Parker (Kansas City, 1920 -New York, 1955) Bird ezizenez ezaguna zen saxofonista eta konpositore estatubatuarra saxofoi altu jotzaile onenetakotzat jotzen da. Jazz kritikarien esanetan, historiako musikaririk garrantzitsuenetakoa da, Louis Armstrong, John Coltrane eta Miles Davisekin batera. “Bepop-aren sortzaileetako bat izateaz gain, jazzean bide berri garrantzitsuak zabaldu zituen Parkerrek. Bere ametsetako bat soka orkestra batekin grabatzea zen, eta amets hori egia bihurtu zuen: 1949 eta 1950. urteetan bi grabazio egin zituen estudioan soka orkestra batekin, Chalie Parker With Strings izenburupean”.

Bi grabazio horietan oinarrituta dago zapatuko kontzertua. Apartekoa izango dela azpimarratu dute, gainera, Parkerren lan horiek oso gutxitan taularatu baitira, besteak beste, proiektu honen zailtasunagatik. “Euskal Herrian Charlie Parker with Strings taularatzen den bigarren aldia izango da Markina-Xemeingoa. Lehenengoz, 2005eko Donostiako Jazzaldian taularatu zen, Phil Woodsen gidaritzapean, Et Incarnatus harizko orkestrak lagunduta”.

Charlie Parker with Strings Roberto Pachecoren eskutik dator Markina-Xemeinera. Hamar musikarik interpretatuko dituzte Parkerren lanak, Roberto Pachecok gidatuta. “Kalitatea bermatuta dago; taldekide batzuk Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eta Musikeneko musikariak dira”.

Maraya Zydeco Trio hirukoteak emango dio amaiera aurtengo Jazzaldiari; Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdian jota datoz Markina-Xemeingo Jazzaldira. Missi-ssipi inguruko doinu biziak eskainiko ditu taldeak, zydeco eta blues erritmoak. “Formazio berezia dugu Maraya Zydeco Trio. Gutxitan ikusten da, edo inoiz ez, akordeoia blues doinuak jotzen, instrumentu hori folk edo doinu klasikoekin lotzen baita”.

Zehaztu dutenez, zydeco deitzen da hirukote horren musika estiloa. “Zydeco eta cajun musika jotzen duten Espainiako Estatuko banda bakarra dira”. Musika estilo horiek nondik nora datozen azaltzeko, eskuorri bereziak ere banatuko dituzte. “Musikak, musikaren edertasunaz gozatzeaz gain, munduko zein gertuko historia eta kulturak ezagutzeko aukera ederra ematen digulako”.