Gaur hasiko da Bizkaia torneoa

Natalia Salazar Orbe

Kalitatezko pilota partidak zaleen esku: horixe eskainiko dute aurten ere Bizkaiko Torneoko saioek. Abiatzear da taldeka jokatzen den torneo bakarra. Gaur ekingo diote Gizonezkoen VII. Bizkaia Torneoari. Aurten, emakumeak ere aterako dira frontoira. Urrian iritsiko da azken horien txanda.

Gizonezkoen saioetan, 24 pilotari lehiatuko dira. Launa kidek osatutako sei taldetan lehiatuko dira. Buruz buru, lau eta erdian eta binaka jokatuko dute; hauek izango dira talde bakoitzeko kapitainak: Altuna III.a, Rezusta, Olaizola II.a, Elezkano II.a, Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.a .

Aurten ere, kanporaketa zuzeneko lehiaketa sistema batean oinarrituta antolatu dute torneoa. Lau taldek —Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a, Altuna III.a eta Rezusta buru dituztenak— final-laurdenetako kanporaketak jokatuko dituzte; bi talde irabazleek finalerdietan zain izango dituzte dituzte Elezkano II.aren eta Urrutikoetxearen taldeak. Horko bi talde irabazleek jokatuko dute finala. Binakako partidak 22 tantora jokatuko dira bikoteka, eta, banakakoak, frontoi osoan eta lau eta erdian, 18 tantora.

Binakako modalitatean ondoko pilotari hauek ariko dira: Altuna-Martija, Elezkano-Zabaleta, Irribarria-Rezusta, Olaizola-Aretxabaleta, Urrutikoetxea-Albisu eta Bengoetxea-Larunbe. Lau eta erdikoan, Ezkurdia, Mendizabal, Retegi Bi, Victor, Laso eta Artega II.a lehiatuko dira. Azkenik, Ugalde, Dario, Etxeberria, Erasun, Urretabizkaia eta Bakaikoa ariko dira buruz buru frontoi osoan.

Zozketa erabili dute taldeak osatzeko, eta kapitainak rankingaren arabera izendatu dituzte.

Bizkaiko sei mendi aukeratu dituzte taldeak izendatzeko: Oiz, Sollube, Gorbeia, Kolitza, Anboto eta Ganekogorta. Talde bakoitzeko bi pilotari ariko dira bikoteka, eta bana lau eta erdikoan eta buruz burukoan.

Gaur eta etzi jokatuko dituzte final-laurdenetako bi kanporaketak. Arrigorriagan ariko dira Oiz eta Ganekogorta taldeak, gaur, 22:00etan. Igandekoa Barakaldon jokatuko dute, 18:00etan, Gorbeia eta Kolitza taldeek.

Etxebarrin jokatuko da Bizkaia torneoko lehen finalaurrekoa egun horretan bertan, 18:00etan, eta bigarrena, hurrengo asteko igandean, uztailaren 29an, Zeanurin, 17:00etan.

Finalerdietan nagusitzen diren bi taldeek finala jokatuko dute. Abuztuaren 21erako jarri dute azken jaialdi horretarako eguna. Agertokia, berriz, Bizkaia frontoia izango da. 18:00etan emango diote hasiera jaialdiari.

Binakako partidek sortuko dute ikusminik handiena, talde bakoitzeko kapitainek eta lehen mailako pilotariek modalitate horretan jokatuko baitute. Sei kapitainez gain, nabarmentzekoa da Irribarria ariko dela aurrelari Rezustarekin.

Finaleko sarrerak eskuratzeko, bi telefono zenbaki jarri dituzte zaleen eskura: 688-868 868 eta 661-259 009. Kanporaketetarako sarrerei dagokienez, partidak jokatuko diren frontoietako txarteldegietan eskuratu ahalko dira.

Emakumeen lehen torneoa

Bizkaiko Torneoan emakumeak paleta eta eskuzko modalitateetan lehiatuko dira. Urriaren 27an hasiko da eskuzko lehiaketa, eta azaroaren 17an jokatuko dute finala. Paletazko torneoari dagokionez, abenduaren 8an abiatuko dute, eta hil beraren 29an egingo dute finala. Ez dute jakinarazi lehiakideen izenik.

Partida guztiek Bizkaia frontoia izango dute agertoki. Esku-huska zein paleta modalitatean, hiruna bikotez osatutako bi multzotan banatuta lehiatuko dira, liga sistemara. Eta multzo bakoitzeko irabazlea igaroko da finalera.

Emakumeen pilota jokoa ikusarazteaz gain, emakume gazteen artean kirol horrekiko afizioa piztu nahi du Bizkaia Torneoak, gero eta emakume pilotari gehiago egon daitezen. Hala azaldu zuen Lorea Bilbao Euskara eta Kultura foru diputatuak aurkezpenean.