“Behar kolektiboa da zaintza, kolektiboki konpondu behar dena”

“Behar kolektiboa da zaintza, kolektiboki konpondu behar dena”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Liburuan bilduta kaleratu duen Trabajadoras no domesticadas ikerketa lan kolektiboa dela nabarmendu du Josefina Roco Sanfilippok (Salta, Argentina, 1979). Ikerketaren arduradun aritu da, talde sustatzaileko beste sei emakumeekin: Liz Quintana etxeko eta zaintzarako langileen abokatu espezialistarekin, eta Aidee Escobar, Lyudmila Montoya, Pili Gil, Silvia Rugamas eta Riosby Fernandez etxeko eta zaintzarako langileekin. Prozesu guztia denen artean egin izanak lanari balio erantsia eman diola dio: “Langileek beraiek problematizatu dute egoera”. Horrek, egoera iraultzen hasteko oinarri sendoak jartzea esan nahi duela dio. “Oso emaitza indartsua lortu dugu, eta berritzailea metodologia aldetik”.

Etxeko eta zaintzarako langileen egoerari buruzko ikerketa argitaratu berri duzue: ‘Trabajadoras no domesticadas’. Zein baldintza dituzte langile horiek?

Sektore horretako langileen baldintzak diskriminaziozkoak dira erabat. Adibidez, asteko 60 orduko lanaldiak onartuta dituzte legez, orduko bost euroko soldatarekin. Ez dago halako lanaldiak prezio horretan dituen beste sektorerik. Bestetik, bertan lo egiten duten langileen gaueko erregimena ez dago ez arautua ez legez aitortua. Beraz, esklabotza berri baten baldintzetan lan egiten duten emakumeekin egiten dugu topo; gauez lan egiten dute menpekotasun handia duten pertsonekin eta ez dute lan aitortzarik. Lan gaixotasunik ere ez dute aitortuta. Beraz, oso lanaldi luzeek, atseden denborarik ezak, menpekotasun egoeran edo ohean dauden pertsonak fisikoki mugitu beharrak eragindako gaisotasun piloa ez daude lan gaisotasun gisa aitortuta. Langabezia asegururik ere ez dute. Nahiz hogei urtetan gizarte segurantzan kotizatu —askotan euren poltsikotik—, langabezian geratzen badira ez dute gizarte segurantzaren babesik. Urraketa asko jasaten dituzte, legeak berak onartzen dituenak.

Langile horiek jasaten dituzten matxismo eta jazarpen egoerez ere ohartarazi duzue. Horren ohikoak dira halako jarrerak?

Zaila da baieztapen orokorrak egitea: emakume horiek ikus-ezintasun egoeran daude, eta, beraz, zaila da detektatzea. Gainera, emakumeek beraiek naturalizatuta dituzte hainbat indarkeria sinboliko, mikromatxismo eta sexismo. Arrazakeria, klasismo eta matxismo egoera askok zeharkatzen duten enplegua da. Eta etxe barruetan gertatzen da, gune pribatuetan. Langile horiek babesgabe egoten dira eta zaurgarriak dira. Indarkeria asko topatu ditzakegu, eta horietako askok zerikusia dute etxeko langilea kontratatzen duen pertsonak haiekiko duen propietate ustearekin.

Indarkeria sexual handia ere jasaten dute, eta janzkeraren, orrazkeraren, hizkeraren zein ideologia eta erlijioaren kontrol neurrigabea. Indarkeria afektiboaz ere hitz egin digute langileek. Pertsona bat zaintzen duzunean harreman afektiboa sortzen da eta horrek sentiberago egiten zaitu; zure eskubide guztiak urratu dituzten arren, zaila egiten zaizu lan hori uztea, zaintzen duzun pertsona horregatik. Xantaia emozionala oso ohikoa izaten da. Sarri askotan laneko espazioa langile horien bizitza osoa bihurtzen da, batez ere lo bertan egiten dutenentzat eta migranteentzat. Gero eta gehiago lotzen dira zaintzen duten pertsonara, eta euren bizitzak alboratuta uzten dituzte.

Azterketak ondorioztatu du langile horiek euren buruak zaintzeari uzten diotela eta norbera gutxiesten duen zurrunbilo batean sartzen direla.

Langile horiek euren buruak deskuidatzen hasten dira. Emakume gisa sistema patriarkal batean gizarteratuta gaude, eta horrek eragin zuzena du gure identitatea sortzean: amatasunaren ideal faltsu hori barneratuta dugu jaio aurretik; ama, emazte, zaintzaile ona izateko behar hori. Etxeko eta zaintzarako langileen kasuan sistemak ondo lotu ditu rol horiek.

Eta egoera bitxi bat: isolamenduaren zurrunbiloan itxita dauden emakumeak topatu ditugu, autoestimu oso txikia dutenak, sozializaziorako gune gutxi dituztenak, ez dituztenak euren eskubideak ezagutzen eta euren burua ez dutenak subjektutzat. Baina gero, antzeko egoeran dauden etxeko beste langile batzuekin topatzen direnean, haustura bat eta kolektibizazio bat ematen hasten da. Egoera iraultzen hasten dira nolabait, ezetz esaten ikasten, euren nahi eta beharrak lantzen… Aldaketa konplexua da, eta kontraesan asko eragiten dituena, gizarteak eta familiek beraiengatik espero dituzten rolak haustea esan nahi baitu. Horrek gatazkak eragiten ditu, baina erronka ere bada, eta ezetz esaten ikasten hasten direnean indartu egiten dira emakume bezala eta langile bezala, euren eskubideak ezagutzen dituztelako eta baldintzak kudeatzeko gai izaten hasten direlako.

Ikerketa prozesuaren fruituetako bat da ahalduntze hori?

Bai. Aldaketak ez dira ez automatikoak, ez bapatekoak, ez magikoak. Ikerketa hau prozesu kolektibo bat sustatzeari begira egina dago, eta aldaketa txiki bezain handiak ikusten ari gara lankideen artean; lortzen oso zailak diren aldaketak, baina, behin lortuta, ez dutenak atzera bueltarik. Guztiok guztiongandik ikasten dugun pentsamendutik ari gara elkartruke kolektiboan zubiak eraikitzeko lanean, horrela kolektibo gisa indartzen garelako. Izan ere, sistema honen helburuetako bat indibidualizatzea eta emakume gisa isolatzea da, eta etxeko eta zaintzarako langileen artean ederto lortu dute hori. Beste sektore batzuetan langileak lantokietan batzen dira, euren egoerak partekatzen dituzte, informatzen dira. Baina etxeko langileak etxeetan isolatuta daude. Beraz, euren arteko zubiak eraikitzea funtsezkoa da sistema iraultzeko.

Zubi horiek sortzeko prozesua izan da zuen lanketa?

2014an Mundubatetik Euskal Herriko Eskola Feministak egiten hasi ginenean sumatu genuen etxeko eta zaintzarako lanei ematen zaien lekua, langileek sistemaren makinaria horretan duten lekua eta horren atzean dagoena: gizartea nola antolatuta dagoen. Patriarkatua eta kapitalismoa desberdintasunak eta injustiziak erreproduzitzeko funtsezko konplizeak dira. Etxeko eta zaintzarako lanek eusten diote gaur egungo munduaren funtzionamenduari, eta ikusezintasun eta infrabalorazio hori eraginkorra da orain arte bezala erreproduzitzen jarrai dezan. Hausnarketa lan bat egitea zen proposamena: zein lan erreproduzitzen ari garen emakumeok, eta, emakume gisa, zein ekarpen egin ditzakegun aldatu nahi dugun funtzionamendua eraldatzeko. Beraz, ez gara begirada biktimizatzaile eta estigmatizatzailean geratuko; geure burua eragiteko eta eraldatzeko subjektu aktibo gisa hartuko dugu prozesu honetan.

Hortaz, ez gara lan baldintzen inguruko borroka batez ari soilik; gizarte eredu oso bat iraultzeko borroka bat da?

Bai. Azken finean, lan baldintzak sintoma bat dira; lan horrek gizartean duen lekuaren erakusgarri. Garrantzitsua da lan baldintzak aldatzea, praktikoki neoesklabotzan dauden emakumeekin topo egiten ari baikara, eta hori ezin baita onartu. Baina borrokaren ostertza askoz sakonagoa da: gizarte bezala nola funtzionatzen dugun ikusaraztea eta zaintza behar kolektiboa dela ikusaraztea; bizitzaren hainbat momentutan guztiok behar dugula. Eta, zaintza behar kolektibo bat baldin bada, behar horiek asetzeko apustuak ere kolektiboa eta politikoa izan beharko du. Zein gizarte dugun ikusteko modu bat zaintzari nola heltzen zaion begiratzea da.

Gizartea aldatu behar dugula ohartarazteko alarma bat da?

Bai, oihu bat. Eta, diagnostiko parte hartzailearekin batera, egoera aldatzeko ekintza plan integrala txertatu dugu. Proposamen zehatzak dira, baina gai hau eraldatzeko borondate politiko eta soziala egotea da gakoa. Tira, eta erresistentziak ere badaude, arazo honi heltzeak esan nahi duelako pertsona askok bere pribilegioak uztea. Zapalkuntzez hitz egiten ari bagara, pribilegioei burz ere hitz egin behar dugu. Eta emakume askok historikoki horrenbeste zaindu badute, esan nahi du beste batzuek ez dutela egin behar zutena egin. Beraz, ohikotzat ditugun hainbat pribilegio desegin beharko dira, eta noski, horrek erresistentziak eragiten ditu.

Zeintzuk dira proposatzen dituzuen ekintzak?

Ekintza plan integrala proposatzen dugu. Lau dimentsiotan banatu ditugu lanak, eta guzti horiek zeharkatzen dituzten neurri transbertsalak ere bai. Batetik, informazioa landu behar da: langileek ez dituzte euren eskubideak ezagutzen, kontratuak egiten dituztenek ere ez, eta ezta horiei laguntza eman behar lieketen langile publikoek ere. Informazio argiak eskuragarri egon behar du guztientzat. Bestetik, legeak hutsune argiak ditu, eta, beraz, araudiaren erreforma egin behar da. Mugimendu feministari dagokionez, aliantza konplizeak sortzea garrantzitsua da eta gaia agenda poliko feministan sartzea. Feminismo antikapitalista, askatzaile, kritiko eta apurtzaile bati buruz hitz egin nahi badugu, femenismoak gai honi errotik heldu behar dio. Etxeko langileei dagokienez, material pedagogikoa lantzen ari gara, formazio tailerrak, eta antolaketa kolektiboari buruzko lanketa. Langile horien artean isolamendua dago eta Trabajadoras no domesticadas elkarte gisa sortzeko lanean ari gara, etxeko eta zaintzarako langileen Euskal Herriko sare bat sortu dadin.

Metodologia berritzailea erabili duzue ikerketarako, ikerketa hutsa gainditzen duena.

Ekintza parte hartzaileko ikerketa honen metodologia zer den izenak berak erakusten du: tiraderan geratu nahi ez duen ikerketa da, ekintza eta hainbat sektoreren parte hartzea sustatzen dituena. Zentzu horretan, oso garrantzitsua izan da sortu zen bigarren taldea: jarraipen batzordea. Azterketa guztiak talde horrekin kontrastatu dira uneoro, eta ekintza integralerako planerako proposamenak ere bi taldeen artean egin ditugu. Jarraipen batzordea hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragiletako kideek eta sektorearekin lotura duten beste emakume batzuk osatzen dute. Elkarrekin aritu gara prozesu osoan, eta ondorioz, arazoarekiko duten konpromisoa askoz handiagoa da. Azterketa honekin instituzioetara jotzeko asmoa dugu, eta horietan dauden talde batzuetako kideekin aliantza egina dugu, prozesuaren parte izan direlako. Hortaz, jasoko dugun babes eta indarra askoz handiagoa izango da liburu itxiarekin ateak jotzera joango bagina baino.

Hori ikusita, esan liteke lan hau inflexio puntu bat izango dela?

Baietz uste dut. Inflexio puntu bat izango da, eta haustura eta elkar topatze gune bat. Ikusi dugu ezin dela horrela jarraitu, eta gainera, borrokarako gakoak orain arte ikusi ez genituenak direla konturatu gara: ez dela nahikoa lan baldintzak eta soldatak borrokatzea, berdin-berdin jarraituko genukeelako emakumeok zaintza lanetan. Arazoa sinplifikatu egin behar dugu: muina zein den ikusi, eta horra jo zuzenean. Parekidetasun eza guztioi eragiten digun zerbait da, eta, beraz, etxeko eta zaintzarako langileei buruz ari garenean, gizarte bezala dugun arazo eta erronka bati buruz ari gara. Hortaz, aliantza berriak sotu, eta gaia agenda politikoan sartu behar dugu.