Santurtzira iritsiko da Bizkaian egin zen lehen bidegorria

Santurtzira iritsiko da Bizkaian egin zen lehen bidegorria

Zihara Jainaga Larrinaga

Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoen artean presente egon da beti txirrindulari eta oinezkoen aisialdirako azpiegitura eta zerbitzuak zabaltzea. 1990eko hamarkadaren hasieran, Portugalete eta Zierbenako Arena hondartza lotzen zituen bidegorria izan zen Bizkaian bizikletentzat zein oinezkoentzat eraikitako lehen bidea. Hamabi kilometroko luzera izan zuen lehen zati hark. Hamar urte geroago, lau kilometro luzatu zuten, Muskiz herriraino. Ostean, bidegorria Sestaora hedatu zen, eta, duela gutxi, Barakaldora. Hori horrela, Bilbo Ezkerraldea eta Meatzaldea alde batetik bestera ia osorik zeharka daiteke, gaur egun, bizikletentzako espresuki prestatutako bideetatik.

Egun, Santurtzi da Arena hondartzara doan bidegorrira loturarik ez duen eskualdeko herri bakarra. Hiru kilometroko bizikleten bide berri batekin, baina, Ezkerraldeko kostaldeko herri horrek Barakaldo eta Arena hondartza lotzen dituen bidegorriaren luzapen bat izango du laster. Horretarako, aldundiak bi milioi euroko inbertsioa egingo duela adierazi du. Era berean, espero dute lanak 2019. urterako bukatuta egotea.

Bizkaian eraikitako lehen bidegorria izateaz gain, herrialdean gehien erabiltzen denetakoa ere bada hori. Eskualdeko eta inguruetako milaka txirrindulari, korrikalari zein oinezko pasatzen dira bertatik egunero. Kirola egiteko edo hondartzara joateko erabiltzen dute gehienek.

Bidegorria eraikitzearen helburu nagusia herrien artean, distantzia labur eta ertainetan, autoen ibilbideen alternatiba izatea da. Baita aisialdiko kirola sustatzea eta hondartzetarako sarreren alternatiba eskaintzea ere. Bestalde, bidegorri berriaren hasiera Metroaren Kabiezesko geltokitik 500 metro eskasera dago; era horretan, garraio publikoaren sarearekin lotuta egongo da.

Bidegorriaren ezaugarriei dagokienez, norabide bikoitzeko bidexka izango dela adierazi dute. 3,5 metroko zabalera izango du, horietatik bi txirrindularientzat izango dira, eta gainontzeko metro eta erdia, oinezkoentzat. Zenbait tokitan, bihurgune itxietan eta aldapa pikoetan, txirrindularientzat abiadura muga orduko 20 kilometrokoa izango dela zehaztu dute.

Santurtziko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2011. urtean hasi zituzten bidegorriaren proiektua aurrera atera ahal izateko elkarrizketak. Hainbat ikerketa egin ostean, zazpi urteren ondoren, santurtziarrak bizikletaz joan ahalko dira hondartzara edota alboko herrietara. Zenbait komunikabideren arabera, hiru kilometroko bidegorri berriak, zehazki, Santurtziko Villar auzoa eta Abanton dagoen San Fuentes lotuko ditu. Eta, bertan, egun hondartzara iristen den bidegorriarekin elkartuko da.

Lanak bi fasetan banatuko dituztela adierazi dute agintariek. Hasteko, Serantes mendiaren magaletik, Villar auzotik, A-8 autobidearen beste aldean dagoen Tocedo auzora eraikiko dute bidea. Bigarren zatia, bestalde, toki horretatik San Fuenteserakoa izango da. Lehenengo fasea bukatutakoan, bigarrena egin bitarte, Santurtzi eta Arena hondartza arteko bidea errazteko, behin-behineko lotura ezarriko dute Ortuellako Nocedal auzotik igarotzen den hondartzarako bidegorrira.

Lehenengo zatiari dagokionez, milioi bat pasako kostua izango dute lanek, eta, hein handi batean, aurrez bazeuden bidexkak aprobetxatuko dira bizikletentzako bide berriak egiteko. Zenbait tokitan, aldapak leunduko dituzte nabarmenki, eta, gehienez ere, %8ko malda izango dute. Horrez gain, beste ibilgailu batzuekin parteka daitezkeen trafiko guneak ahalik eta gehien murriztuko dituzte.

Santurtziko Villar auzoko eremu garaienean, Pajares kalean hasi, eta iparralderako bidea hartuko du lehen zatiak. A-8 autobidera iristean, errepidearen azpitik igaroko da bidegorria. Toki horretan hainbat erabiltzaile elkartuko direla iragarri dute, baina txirrindulariek eta oinezkoek izango dutela lehentasuna.

Bigarren fasean, bestalde, ia bi kilometroko luzera izango du bidegorriak, eta haren kostua milioi bat euro baino zerbait gutxiagokoa izango dela aurreikusi dute.

Autzaganeko bidegorria

Santurtzi eta Arena artean egingo den bide zati hori kontuan izan gabe, Bizkaian, guztira, errepideko 300 kilometro ingurutan dago lurra gorriz margotuta autoen bideko eskuineko aldean. Azken hamabost urteetan, aldundiak 67,2 milioi euro inbertitu ditu bidegorrien sarean. Sare horretara batzen azkena Autzaganeko errepidea izan da. Urdinbideko tunelak ireki eta bi hilabetera, errepide zaharrak ia erabilerarik ez duela baliatu du Bizkaiko Foru Aldundiak txirrindulariei eta oinezkoei lehentasuna emateko. Bidegorria eraiki dute horretarako. Aldundiak jakinarazi duenez, 725.000 euro inbertitu dituzte 1.600 metro dituen bidegorria egiteko.