Reggae maistrak oholtzan

Reggae maistrak oholtzan

Natalia Salazar Orbe

Bob Marley eta The Wailers taldeak egin zituzten ospetsu reggae bereizgarri egiten duten doinuak. Jamaikan sortu, eta mundu zabalera hedatu zituzten artistok. 1960ko hamarkadan sortutako estiloak bizirik dirau. Horren adierazgarri, 1990az geroztik Armintzan antolatzen duten Txapel Reggae jaialdia. Reggae doinuek Lemoizko auzoa hartuko dute bihar. Aurten, emakumez osatu dituzte agertoki nagusiko kontzertuak.

Queen Omega aurkeztu dute Txapel Reggaeko kartelburu gisa. Trinidad eta Tobagon jaio zen, 1981ean, eta txiki-txikitatik hasi zen kantuan. Bere herrialdeko musika tradizionalaren eragina izan zuen. Geroago, bestelako eraginak izan ditu: Aretha Franklin, Anita Baker, Whitney Houston eta jazzaren musika tradizionalak. Reggae eta dancehall estiloak izan ditu beti pasio.

Europan eta AEBetan zehar eman ditu hainbat kontzertu, eta Love your colour disko berria lantzen ari da. BioBizz Portua Stage jaialdiko agertoki nagusitik jarriko ditu dantzan ikusleak.

Leku berean ariko dira Awa Fall, Ines Pardo, Caya eta Mad Muasel artistak ere. Denak emakumeak. Kartel nagusiko protagonistak denak.

Sustrai senegaldar eta italiarrak ditu lehenengoak. 22 urterekin, Italiako reggae musikaren erreferentziazko ahotsa bilakatu da Awa Fall. 2010ean ekin zion soul, blues eta reggae estiloak lantzeari. Armintzan, The Soul Rebels taldearekin batera igoko da oholtza gainera.

Ines Pardo Kantabrian (Espainia) sortu zen, abeslari eta musikari familia batean. Musika tradizionala eta klasikoa lantzen zuen bitartean, areagotuz joan zen musika modernoko hainbat estilorekiko interesa. Besteak beste, soularekikoa. Geroago zabaldu zuen erregistroa reggae estilora. Bide horri ekin dio azken urteetan. Lone Ark taldearekin batera grabatu duen One Sister diskoa aurkeztuko du Txapel Reggae jaialdian.

Mad Muasel bilbotarra

Euskal Herriko ordezkaririk ez da faltako portuko oholtza horretan. Mad Muasel bilbotarra dancehall estiloaren aitzindarietako bat da Euskal Herrian. Uribe Kostako Chalwa Band taldearekin batera igoko da agertokira. Txapel Reggaen ondo ezagutzen duten taldea da azken hori; 2009an, jaialdirako abestia sortu zuen.

Sustraietako musika, reggaea eta dub-a babestea. Horixe du betebehar nagusi Erresuma Batutik Armintzan lurreratuko den Caya musikariak. Berdintasun, aniztasun eta musika justuan sinisten dutenentzako plataforma bat da Caya Soundsystem proiektua. Elkarlanean sortutako soinuaren bidez inspirazioa eramango du itsasondo horretara. Horixe baliatzen baitu sound system-ak: norberak eratutako soinu ekipoak.

Hiru atal edo eremutan banatu dute jaialdia. Kontzertu nagusiak gauean egingo dituzte, BioBizz Portua Stage agertoki horretan. Eguneko topagunea, berriz, Dub Stage agertokian kokatu dute. Armintzekaldes skate parkearen ondoan ariko da nazioarteko sound system kulturaren maisu Jah Youth londrestarra, hautatzaile lanetan. Harekin batera, Empress Uwimana artista MC gisa ariko da. Hirukotea Prince Livijah bokalistak osatuko du. 1974az geroztik, soinu ekipo indartsua muntatu du hainbat klub eta jaialditan. Aitzindaria izan zen bere sound systema Afrikara eramaten. Kontinente osoan egin ditu emanaldiak. Reggae estiloko izen handiko artisten doinuak entzun ahalko dira Armintzako saioan.

Bertako musikarien sormena eta abilezia agerian utziko ditu King Burning eta Bass Herri Sound kolektiboak. Italia eta Euskal Herriko kideek osatutako proiektua eramango dute agertokira. Herri Ahotsa kultur elkartearen barruan sortuta, reggaea eta Jamaikako musika nonahi hedatzeko helburua du. Jamaikarrek eta Jamaikako etorkinek Erresuma Batuan sortutako lehen sound system sustraiak abiapuntu hartuta, esentzia mantentzen saiatzen da King Burning. Hori lortzeko, binilo musika eta ekoizpen propioak eskaintzen saiatzen da. Hori guztia, berak sortutako 8.000 watt potentziako ekipoak indartuta.

Dantza egiteko eta gozatzeko emanaldiaz gain, Roots Reggae estiloari lotutako balio eta kultura kotzienteak hedatzeko ikuskizuna izango da. Besteak beste, batasuna, aniztasunarekiko eta naturarekiko errespetua, giza eskubideen defentsa eta zapalkuntza egoeren salaketa eramango ditu, musikaren bidez, Dub Stage agertokira.

BassHerri Sound System kolektiboak hartuko dio lekukoa. Lau bizkaitarrek sortutako kolektibo horrek saltoka jarriko ditu ikus-entzuleak.

Euskal Herriko sound system aktiboenetakoak osatuko du agertoki horretako eskaintza. Thunder Clap taldeak etengabeko lana egin du Jamaikako musika tradizionala sustatzen. Hainbat artista ezagunekin jardundakoak dira, besteak beste, Classic Wonders, Deadly Huntam Jan Youths eta Channel Onerekin.

Eguerdi aldera hasiko da berotzen Armintzako giroa. Batukale Samba perkusio taldeak izango du bibrazio onak ezaugarri dituen jaialdiari hasiera emateko ardura.