Kanpoko eta barneko mugak

Kanpoko eta barneko mugak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Alarmak piztu ditu joan den hilabetean Mediterraneoan Aquarius ontziarekin gertatutakoak: 629 migratzaile zeramatzan, eta ez zioten utzi Catanian (Italia) porturatzen. Hedabideetako izenburuetan gai nagusia izan zen kasua, harik eta ontzia Valentzian (Herrialde Katalanak) lehorreratu zen arte. Itsasoak zakar jarraitzen du oraindik, ordea, Europako Batasuneko estatuek errefuxiatuekin duten jarrerari buruzko eztabaida berpiztu baitu Aquarius ontziarekin jazotakoak. Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ontzian zihoazen iheslariak hartzeko borondatea erakutsi zuten hasieratik, eta zortzi migratzaile iritsi ziren Bilbo, Gasteiz eta Tolosako (Gipuzkoa) hainbat etxetara, ekainaren 26an. Bada, arazoak gainezka egin du uztailean: Bilbora iristen diren errefuxiatuak ezin artatu dabiltzala diote erakundeek, eta Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek estali dute hutsunea.

Bizkaiko erakundeei erantzukizuna eskatu diete horregatik. Baina urrunago ere egingo dute: gaur bertan, Mugak Zabalduz karabanaren hirugarren bidaia abiatuko du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak. Migratzaileei portuak itxi dizkien herrialdera doaz, Italiara, hango gobernuaren “politika xenofoboak” gaitzestera, eta, aurreratu dutenez, porturatzeko jarritako mugak salatzeko protesta egingo dute Catanian bertan.

Bien bitartean, Bilbora iritsitako migratzaileak artatzeko martxan jarritako behin-behineko neurriak bertan behera utziko dituela iragarri zuen Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak igandean. “Administrazioek hartutako konpromisoei jarraipena egitea izango da gure eginkizuna”. Aste hauetan plataformako boluntarioak eta gobernuz kanpoko beste hainbat erakundetako kideak arduratu dira Bilbora iritsi diren errefuxiatuei harrera egiteaz.

Gurutze Gorriak horiek artatzeko tokirik ez eta, migratzaileak kalean geratzen zirela ikusita, lo egiteko tokiak egokitu zituzten plataformako kideek. Ez hori bakarrik: elikagaiak eta oinarrizko beharrak asetzeko neurriak ere hartu zituzten boluntarioek. Sare sozialetan egindako deiari erantzunez, arropa, oinetakoak, elikagaiak eta bestelakoak bildu zituzten. Laburrean: erakundeen gabezien aurrean, Bizkaiko hiriburura iritsi diren hainbat migratzaileren oinarrizko beharrak ase dituzte herritarrek, administrazioari dagozkion betebeharrak bere gain hartuta. Protesta ere egin dute horregatik.

Neurrien zain

Abelera horretan, egoerari aurrea hartzeko neurri sorta bat adostu dute Jaurlaritzak, aldundiak eta Bilboko Udalak. Jakinarazi dutenez, ekainaren 29an martxan jarri zuten “aterpea” mantenduko dute —48 pertsona hartzeko gaitasuna du; bi gau igarotzeko eskubidea besterik ez zaie ematen errefuxiatuei, eta dutxarik ere ez dute—, eta, horretaz gain, 40 pertsona gehiago hartuko dituen beste bat zabaltzeko konpromisoa hartu dute hiru erakundeek. Oraingoz, ez dute zehaztu non eta noiz irekiko duten. Bai, ordea, nork finantzatuko duen: orotara 150.000 euroko aurrekontua izango duela azaldu dute. Kopuru horretatik 100.000 euro Jaurlaritzak jarriko ditu, 30.000 euro diputazioak, eta 20.000 euro udalak. Gurutze Gorriaren esku geratuko da baliabide horiek kudeatzeko ardura.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek “tentuz” hartu dute neurri sorta hori, eta gertutik aztertuko dute horregatik. “Zer egingo dute hirugarren gauean, kalean utziko dituzte?”. Igandean egin zuten taldeko kideek agur afaria. Baina argi azaldu dute pertsona guztiek eskubide berak izan ditzaten lanean jarraituko dutela, eta gogora ekarri dute aurrera begira dauden egitekoen zerrenda. “Oraindik ere, gaua igarotzeko leku bakarra dago, eta 40 tokiko bigarren azpiegitura ere ez da martxan jarri”. Azaldu dutenez, errefuxiatu askorentzat ez da nahikoa hiru eguneko igaroaldia, eta aterpean denbora luzeagoz egoteko eskubidea izan beharko lukete, beraiek hala nahi izanez gero.

“Bakarrik eta haurrekin iritsi diren emakumeen egoera aztertzeko plana adostu behar dute erakundeek”. Azkenik, azpimarratu dute elikagaiak, arropa eta garbiketarako produktuez hornitzeko arazoak daudela oraindik. “Egiturazko arazoari aterabide integrala eman behar zaio; Bilbon bizitza eraiki nahi dutenen oinarrizko harreratik harago, uste dugu beharrezkoa dela aldaketa estrukturalak eskatzen dituen politika eredu berri bat eraikitzea”.

Zierbenako kanpamentua

Bilbon jarri da fokua azken asteetan. Baina, hiriburuan ez ezik, Zierbenan ere lanean ari dira herritarrak. Urtebete baino gehiago da hainbat errefuxiatuk Bilboko Portuaren inguruan kanpamentu bat atondu zutela, eta bertan elkartzen jarraitzen dute oraindik ere. Portsmouthera (Ingalaterra) doan ferryan sartzea da gehienen nahia, baina, lortu bitartean, apenas baliabiderik gabe jarraitzen duten ezkerraldeko kanpamentuan. Ekainaren 26an bertan, zazpi albaniar atxilotu zituen Espainiako Poliziak portuan, ferryra igotzear zirela.

Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako boluntarioak hasieratik aritu dira Zierbenan bildutakoak artatzen, eta, migratzaileei laguntzeko, Zierbena Sarean taldea ere sortu zuten. Kanpamentuan bildutakoen beharrak asetzeko baliabide eske dabiltza ordutik, eta azken hilabeteetan erakundeek izan duten jarrera salatu dute. “Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbo eta Santurtziko udalen zein alderdi politiko guztien jarrera salatu nahi dugu. Argi dago errefuxiatuak eta bidean dauden migratzaileak ez zaizkizuela axola. Lotsagarria da ikustea nola altxatu zareten politikari guztiak Aquarius ontziaren etorreraren aurrean, gauza bera esanez: ‘Hemen… hemen!’, hedabideen aurrean elkartasunaren abangoardia gisa azaltzen. Baina guk badakigu zer egiten ari zareten. Herritarrak eta eragile sozialak gara egoerari aurre egiten ari garenak. Zierbenan, urte bat baino gehiago daramagu erakundeen erantzunaren zain, baina ez da iristen. Erantzun integrala ematea nahi dugu, pertsonak aintzat hartuko dituena. Utzi pertsonak balantza batean jartzeari, eta jar itzazue zuen interesen aurretik”.

Erakundeen immobilismoaren aurrean, lanean jarraituko dute Zierbena Sarean plataformako kideek. Material bilketa ere egingo dute asteburuan, Bilboko BBK Live jaialdian. Kanpadendak, lo zakuak, burukoak, esterak, koltxonetak, edalontziak, sukaldeko mahai tresnak eta janari ez-galkorrak eta ontziratuak bilduko dituzte.

Mugak Zabalduz karabana

Bizkaiko erakundeek migratzaileei harrera egiteko dituzten mugak agerian utzi dituzte azken asteetan, baina Europako Batasuneko estatuen politikak ere agerian utziko dituzte datozen egunetan. Izan ere, Bilbotik Italiara bidea hartuko dute gaur hainbat herritarrek. Mugak Zabalduz karabanak hara joko du aurten, eta, astebetez, Europako Batasunak eta, bereziki, Italiako Gobernuak errefuxiatuekin eta migratzaileekin duten jarrera salatuko dute han, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat ekintzailerekin batera.

Jarrera baten abiapuntua izan zen Aquarius ontziarena. Izan ere, gaur-gaurkoz, Italiako portuak itxita daude iheslariak dakartzaten barkuentzat, eta Mateo Salvini eskuin muturreko Barne ministroak argi azaldu du lurraldeak ez duela migratzaile gehiago hartuko. Mediterraneoko uretan ito ez daitezen lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeen ontziei ere egin die oharra: “Uda guztian portuak itxita egongo dira GKE-etako ontzientzat; Italia postal bidez soilik ikusiko dute”.

Italiako agintarien “jarrera xenofoboak” salatzeaz gain, lurraldean dauden elkartasun esperientziak ere ezagutuko dituzte; tartean, Riace herriaren kasua. 1998tik, errefuxiatuak jasotzen ari dira Calabria eskualdeko herrixka txiki horretan, Mimmo Lucano alkatearen gidaritzapean: 1.800 biztanle ditu gaur egun, eta 22 herrialdetatik joandako 400 migrantetik gora jaso ditu jada.