Handietan handiago egin guran

Handietan handiago egin guran

Natalia Salazar Orbe

Jaialdi handien artean handia zen orain arte ere. Are handiagoa egin dute aurten. Kobetamendik eskaintzen dituen ingurune eta ikuspegi ikusgarriak azken tantaraino zukutu nahi ditu aurten BBK Live jaialdiak. 96 taldez osatutako egitaraua estreinatu zuen atzo. Iaz, 70 izan ziren. Zazpi agertoki atondu dituzte. XIII. edizioaren estreina mailari eusteko modukoa izan zen atzo. Besteak beste, Florence & The Machine eta Childish Gambinoren kontzertuak ikusteko aukera izan zuten jaialdira bildu zirenek. Gaur eta bihar, uhinek atsedenik gabe astinduko dute eremua.

30 artista baino gehiago elkartuko dira gaurko saioetan. Horien artean, nazioartean izen handia duten hainbat: The Chemical Brothers, The xx eta My Bloody Valentine, besteak beste.

Musika elektronikoaren zabalkundean zeresan handia izan dute Tom Rowlands eta Ed Simons artistek. The Chemical Brothers bikotea eratzen dute biek. Ohikoa duten legez, kontzertu ikusgarria eskainiko duten zain izango dituzte zaleak. Hey Boy Hey Girl, Galvanize eta Let Forever Be ospetsuez gain, euren errepertorioa osatzen duten beste abesti asko taularatuko dituzte.

I see you azken diskoa iaz argitaratu ondoren iritsiko da Bilbora The xx. Erresuma Batuan eta Europako hainbat herrialdetan lehen postuetan kokatu zituen lan horrek. Adierazgarri dituen indie pop doinuz zipriztinduko ditu Kobetamendiko inguruak.

Londresko hirukotearen nortasunak mundu osoko milaka jarraitzaile erakarri zituen ia sorreratik bertatik. Iragarkietan, telesailetan, kirol ekitaldietan eta beste hainbat tokitan erabili dituzte haien kantak. Taldea zuzenean ikusi nahi dutenek aukera aprobetxatu beharko dute, oraingoz ez baitute beste kontzerturik aurreikusi hemendik gertu.

Urteen ostean, elkartuta

Dublinen sortu zen My Bloody Valentine, 1983an. Post-punk, rock esperimental eta rock alternatiboaren eraginek rock independentearen banda gisa finkatu zuten. 1991n Loveless argitaratu zutenetik, ostera, indie-rockaren eragin nagusienetako bat bilakatu ziren.

Shoegaz estiloa ere definitu zuten. Musika taldeetako kideek kontzertua lurrera begira emateko hartu zuten ohitura izendatu zuten shoegaz hedabideek. Musikariek ez zieten begiratzen oholtza azpian gertu zituzten ikus-entzuleei. 1990eko hamarkadan zabaldu zuten ohitura hori Irlanda eta Ingalaterrako zenbait taldek. Nirvana eta Pearl Jam bezalako taldeak agertu zirenean, ordea, genero hori desagertuz joan zen.

Hainbat urtez banandu eta My Bloody Valentine bertan behera utzi ondoren, berriz elkartu ziren album bat grabatzeko. Orain, material berria dutela iragarri dute. BBK Liven ezagutaraziko dute.

Aukeran izango den eskaintzaren ale bakan batzuk besterik ez dira horiek. Euskal artistei ere egin diete lekua Kobetamendin. Hasierako orduetan kokatu dituzte horietako asko; egun argiz egingo diren kontzertuetan. Besteak beste, Hakima Filissi, Borrokan, Aneguria eta Cecilia Payne ikusi ahalko dira gaur eta bihar.

Gorillaz eta Noel Gallagher izango dira, besteak beste, biharko kontzertu nagusiak. Errealitatea eta fikzioa uztartzen ditu lehenak. Damon Albarn eta Jamie Hewlett musikariek sortu zuten, 1998an. Rock alternatiboa lantzeari ekin zioten biek eta marrazki bizidunetako fikziozko beste lau taldekidek. Aurtengo jaialdiko zuzeneko bitxienetako bat eskainiko duten zalantzarik ez dute antolatzaileek. Ordu txikietan eskainiko dute ikuskizuna.

Britainia Handian ospe handia hartu zuen Oasis taldearen abestirik ezagunenen sortzailea oholtza berean izango da ordu batzuk lehenago. Labetik atera berri duen diskoarekin iritsiko da Noel Gallagher Bilbora. High Flying Birds taldearekin atera du: Who Built The Moon aurkeztuko du. Kritiken arabera, abestiak konposatzeko Oasis talde ospetsuan erakutsi zuen gaitasunari eutsi dio.

Kontuan hartzekoak

Ikuskizun eta agertoki kopuruetan ez eze, funtzionamenduari dagokionez ere berritasunak ditu aurtengo jaialdiak. Kobetamendira igo aurretik, sarrerak eskumuturrekoengatik aldatu beharko dituzte kontzertuetara sartu nahi dutenek. Bihar arte, San Mames estadioaren zelai gunean eta BEC erakustazokaren ondoan prestatutako leku berezi banatan jaso ahalko dituzte, 10:00etatik 02:00etara arte. Eskumuturrik ez daramanari ez diote utziko sartzen jaialdiaren eremuan, eta bertarako doako autobusik ere ezin izango dute hartu.

Kanpinerako sarrerarik ez duenak ere ezin izango du eskuratu; amaituta baitaude. Kontzertuen eremutik hiru kilometrora kanpatzeko egokitu duten eremuaz kanpo debekatuta dago kanpatzea, gainera. Hala ohartarazi du Bilboko Udalak.

Jaialdiaren esparrura kanpoko janari eta edaririk ezin daiteke sartu. Hala diote BBK Liven arauek. Bada, Facua kontsumitzaile elkarteak salatu egin du jaialdia antolatzen duen enpresa, Last Tour. Janaria eta edaria saltzea oinarri duten festibaletan arau hori onargarria litzatekeela deritzo. Ez, ordea, musika jaialdi batean. Janaria eta edaria ere jaialdiko barne eremuan bertan erostea du helburu neurri horrek. Ostalaritza aukera zabala eskaintzen du-eta BBK Livek: 22 barra eta 30 janari postu jarri dituzte.

Bigarren aldia da elkarte horrek BBK Live jaialdiari salaketa jartzen diona. 2016an ere egin zuen: ordainketak egiteko erabili zuten eskumuturrekoan dirua geratu zitzaien ikusle batzuei, eta antolakuntzak ez zien itzuli, dirua kopuru batetik gora itzuliko zutela argudiatuta; aurten, itzuli egingo dute.

BBK Live, hirigunean

Kobetamendi eremuko orain arteko eskaintza zabala handitzeaz gain, jaialdia Bilbo hirigunera eramaten duen eskaintza ere handitu dute aurten. Bi agertoki berritan jasoko dute jaialdiaren esentzia: Isozaki dorreetan eta San Mames zelaiaren kanpoaldean. Hala, doako kontzertuak zazpi agertokitara eramango dituzte: aurretik azaldutako bietara ez ezik, Albia lorategira, Areatzako kioskora, Erriberara, itsasadarreko itsasontzi batera eta BBK aretoaren kanpo aldera.

Azken horretan eskainiko dute ohiko ezusteko kontzertua. Eta iragarria dute nortzuk izango diren gainerako agertokietako protagonistak: D’Valentina, Izaro, Bitches Deejays, Gengahr, Grises, Joe Crepusculo, Meute, Neuman, Parquet Courts eta Rural Zombies, besteak beste.

Familiako kide guztiek musikaz gozatu eta jolasteko aukera emango du Play’N’Kids jaialdiak. Areatzan kokatuko dute eremu hori, bihar, 10:00etatik 18:00etara bitartean. Earth Song Project proiektuak 40 emakume eta haurrek eta rock talde batek osatzen duten abesbatza eramango du oholtzara. Led Zeppelin, Pink Floyd eta Joe Cokerren abestiak interpretatuta, belaunaldien arteko topaguneak bilatuko ditu.

Eraso sexistarik ez

Bigarren urtez jarraian, Last Tour enpresak eta udalak kanpaina bat abiatu dute BBK Live jaialdirako, eraso sexistei aurrea hartzeko. Ez beti da ez leloa eta mezua abiapuntu hartuta, informazio gida batean jaso dute eraso sexistak nola identifikatu eta horien inguruan zer egin behar den. Deskargatzeko moduko bertsio digitalean dago gida eskuragai.

Festa eremu txikiagoetan ez bezala, jendetza biltzen duten ekitaldietan era horretako erasoak gertatzeko arriskua handiagoa dela azaldu izan du mugimendu feministak. Guztientzako erosoak diren jai ereduak landu bitartean, zenbait mezu zabaldu dituzte informazio gidan: besteak beste, erasotzaileei erantzuteko gomendatzen dute, euren jarrerak geldiarazteko. Argi utzi dute erasoaren erantzukizuna erasotzailearena dela. Eta lagun, ezagun zein ezezagunari babesa emateko eta bakarrik ez uzteko deia egin dute. Musikaz aske gozatzeko eskubidea denentzat bermatuko duen eremua izan dadin BBK Live festibala.