“Enpresak engainatuta sentitzen gara, eta gutxietsita”

Natalia Salazar Orbe

Lantegi Batuak fundazioko langileak eta haien senideak kalera atera ziren larunbatean, bidezko lan itun bat aldarrikatzeko. Emilio Garriga ere (Basauri, 1972) han izan zen. Fundazioak Basaurin daukan lantegian egiten du lan. Azaldu du kendu egin nahi dizkietela lan itunean jada jasota dauzkaten eskubideak. Baldintza prekarioenak elbarritasun intelektuala duten 625 langilek eta eskulan zuzeneko 1.100 beharginek dituztela dio.

Zergatik ari zarete protestan? Zein dira Lantegi Batuak fundazioko langileen baldintzak?

Langileen soldata izoztuta egon da 2012tik 2014ra. Eta 2015etik 2017ra %1eko igoera izan dugu, urtero. Lan itunari lotutako kategoria txikienek 12.637 euro jasotzen dute urtean. Beraz, erosahalmena galdu dute; 320 eurokoa izan da galera hori. Gainerako kategorietan %1 eta %2,5 artekoa izan da galera, soldaten izoztea eta %1eko igoera kontuan hartuta. 2011tik 2017ra bitartean KPIa %5,62 igo da, eta gure soldata, %3. Baldintza prekarioenak elbarritasun intelektuala duten 625 langilek eta eskulan zuzeneko 1.100 langilek dituzte.

Zuzendaritzak proposamen bat egin dizue. Zein?

Soldaten igoera fundazioaren emaitzen araberakoa izatea proposatu digute. Baina emaitza horien %25 soilik banatu nahi dituzte langileen artean: 2.200 langile gara. Txarrena da orain arte %2,5eko erosahalmen galera daramagula. Enpresak %1eko igoera proposatu digu kategoriarik txikienentzat, eta %0,75ekoa kategoria handienentzat. Horrez gain, Gabonetako eta Aste Santuko oporrak ere murriztu nahi dizkigute. Izan ere, 31 opor egun dauzkagu: 22 uda garaian ezarrita dauzkagu, eta gainerakoak Aste Santuan eta Gabonetan hartzen ditugu. Opor izendapena kendu, eta lanaldia doitzeko ordu libreak izendatu nahi dituzte azken bi horiek. Hori kaltegarria izan daiteke. Izan ere, ez dakigu zer-nola erabil ditzaketen lanaldia doitzeko orduak. Oporretan nagoela gaixotuko banintz eta gaixo baimena hartu beharko banu, opor egunek beste izendapen hori izanik, ez nuke izango eskubiderik galdutako opor egunak berreskuratzeko. Beraz, lan itunean dagoeneko jasota dauden eskubideak kendu nahi dizkigute.

Zuek eskaera bat egin duzue. Zeintzuk aldarrikapen dituzue?

Soldatak igotzeko berriz ere KPIa erreferentziatzat hartzea eskatzen dugu. Horrez gain, urtero diru kopuru finko bat berreskuratzeko eskaera ere egin dugu, orain arte galdutako erosahalmena berreskuratu ahal izateko. Eskatu dugun kopuru hori desberdina da soldata eskalaren arabera. Era horretan planteatu dugu, kategoria batzuen eta besteen artean dauden soldaten aldeak murrizteko asmoz. Horrez gain, soldaten eguneratzeak ere eskatu ditugu, osagarri, txanda edota jai egunetan aplikatzeko. Zortzi orduko lanaldia ere nahi dugu. Izan ere, udan lanaldi trinkoa izateko, neguan zortzi ordutik gora egiten dugu lan.

Eskaera horiek jasota, zer erantzun dizue zuzendaritzak?

Diruari erreparatuta soilik baloratzen du kontu guztia. Langile batzordearen proposamena ez du negoziatu nahi puntuz puntu. Guk hala egin nahi dugu, ikusteko zein ataletan gauden ados. Ez dute nahi KPIa erreferentziatzat hartu soldaten igoerak ezartzeko. Oraingoz negoziazio mahaian gaude, baina ez dute ezer jakin nahi eskatzen dugun KPIaren araberako soldata igoerari buruz. Langile batzordeak ez badu ikusten zerbait sendoa mahai gainean, ez da eseriko negoziatzera.

Zenbat langile zarete?

2.200 langile gara, denera. 1.750 elbarriak dira.

Zer sektoretan ari zarete?

Industriako sektore guztietan: mekanizatuak eta muntatzeak, elektronika, automozioa eta muntatze elektrikoak. Zerbitzuen sektorean ere ari gara: ostalaritza, garbiketak, lorezaintza… Bizkai inguruko enpresek merke azpikontratatu nahi dituzten lan guztiak egiteko, hor gaituzte gu. Manipulazio lan errazak zein lan oso kualifikatuak egiten ditugu. Gero eta makina aurreratuagoak erabiltzen ditugu Bizkaian finkatutako industria sektoreko enpresei zerbitzua emateko. Lanak egiteko gero eta kualifikazio handiagoa behar da, baina soldatak direnak dira.

Langileek zer-nola bizi duzue egoera hori?

Enpresaren proposamenarekin engainatuta sentitzen gara, eta gutxietsita. Elbarria izanik, indartsuagoa bilakatzen zara arazoei aurre egiteko. Baina hemen ari garen elbarriok ez gara iristen hilaren bukaerara, eta horrek ez digu laguntzen gure egunerokoari aurre egiten. Familia asko miserian daude: soldata asko oso txikiak dira, hilean 800 eurokoak. Mila eurora ere iristen ez direnak, beraz. Asko gaizki pasatzen ari dira. Urtea aurrera doa. 2017tik %1eko igoerarekin gaude; urtarrilaz geroztik ez da izan igoerarik; eta, aldi berean, bizimodua garestituz doa. Ahal duten bezala egiten diote aurre egoerari, baina gaizki pasatzen ari dira.

Aurrera begira, protestekin jarraitzeko asmoa duzue?

Hilaren 19an elkarretaratzea egingo dugu Boluetako hostelaren aurrealdean. Babesa eta laguntza eskatu nahi dizkiegu arratsaldeko txandan ariko diren langileei, kontzentrazio horretara joan daitezen. Egoera ez bada aldatzen, irailean berriz ekingo diegu protestei, udako oporraldiaren etenaren ostean. Hori guztia langile batzordeak erabakiko du. Pentsatzen dut elkarretaratze eta protestekin jarraituko duela enpresak egoera beste era batera planteatzen ez badu.