Bet-i berandu

Nerea Ibarzabal

Birika beltzak, umeen hilkutxatxo zuriak, gizon bat ohe ertzean bere hankarteari etsipenez begira, ahoko infekzio beldurgarriak, hortz horituak… Ezagun ditugu tabako paketeetako argazki mehatxatzaile gordinak, letra beltz lodiz idatzitako baieztapen ausartak, Heriotza eragin dezake-tik Hiltzen du-ra. Erretzeak sexy eta boteretsu egiten zaituela zioten iragarkietatik gatozela jakinda, pentsa zenbat pertsonak gaixotu edo hil behar izan duten egoerari honelako buelta emateko, merkatuan eskua sartzeko —behatz puntak bakarrik, baina zerbait, behintzat—.

Jakin nahi nuke urte gutxiren buruan zer argazki dramatiko, zer kanpaina asmatu beharko dituzten gobernuek ludopatiaren aurka. Zain nago, hain aurreikusgarria denaren zain. Leku guztietara iritsi dira iragarkiak: frontoietako errotuluetara, joko-zelaien ertzetako pantailetara, gure lehen mailako futbol-taldeen kamisetetara ere bai orain. Apustu-etxeen gorakada etengabeko hau dirua egiten ari diren seinale da, eta badakigu horrek zer dioen gutaz: gero eta menpeko gehiago daudela.

Codere, BetWay, Retabet, BetFair, bet365 eta bet hitzaren beste hamaika mozorro eta aldaera egongo dira eta etorriko dira. Apustua eta kirola bizitzeko modu dinamiko, azkar, erakargarri, maskulino bat marrazten asmatu dute; hain modernoa eta taberna guztietan onartua, non ez baitugu geure burua lotzen jokoarekin arazoak dituenaren estereotipoarekin. Ez gerezi, ez meloi, ez gizon bakarti; orain, jende oso gaztea dago tartean, taldeka ere jokatzen duena, mutil kuadrila irribarretsu eta lehiakorrak iragarkietan, eta Arduraz jokatu dioen mezua letra txikiz eta bi segundoz bakarrik, bilatu ezean ikusi ere ezin dena egin.

Denok dakigu ez dela luzerako izango, helduko dela garai bat apustu etxeei publizitatea mugatuko zaiena nolabait, tabakoarekin eta alkoholarekin egin bezala —oker ez banago, orain ezin dute ezer iragarri haurrentzako ordutegian—. Kontua da noiz, zer datu larri kaleratu ostean. Eta beldurgarria da nola bien bitartean zirrikitu guztietatik sartzen uzten zaien, azken lur zatia ere ustiatu dezaten garai lehorragoak iritsi aurretik. Gero eramango dituzte eskuak burura, eta aipatuko da ardura soziala, eta abar.

Seguru kasu hori beste hainbat iragarki eta menpekotasunekin alderatu daitekeela, etengabe argaltzera gonbidatzen gaituzten pastilla edo hauts magikoekin, adibidez. Merkatu librearen oihanaren esku gaude, eta prebentzio eta kontzientziazio kanpainekin estali nahi dugu arazoa, baina beti berandu, eta enpresa pribatuei kili-kilirik ere egin gabe, ahal dela.

Nik jada ikus dezaket, lau urte barru, iragarki sentsazionalista bat ahots mehatxatzaile eta serio batekin, euskaraz Kandido Urangak egingo lukeena, Ez jolastu jokoarekin-en antzerako eslogan ustez burutsu bat hartuta —gazteleraz No juegues con fuego/juego hitz-jokoa erabiltzen saiatuko dira—. Edozer jokatuko nuke.