“Beste aho bat nintzen, jatekorik ez genuen, eta ezin nuen lagundu”

“Beste aho bat nintzen, jatekorik ez genuen, eta ezin nuen lagundu”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Larrialdietarako Udal Zerbitzuen egoitzan bere txanda itxaron, eta ia egunerokoak bihurtu zaizkion tramiteak egin ondoren hartu du Bizkaiko Hitza Mamadou Barik (Ginea Konakry, 1999). Egun batzuetarako otordu bat ziurtatuko dion txartela lortu duela eta, gustura dago. Baina biharamunean itzuli beharko du ilarara. Lo egiteko lekua behar du, baina horretarako txartelik ez diote eman. Eta horixe da, hain zuzen, 19 urteko gazteak okerren daramana: kaleko edozein bazterretan lo egin beharra.

Zergatik atera zinen zure herritik ihesi?

Oso egoera zaila dago han. Krisialdi sakon-sakona dago ekonomikoki, sozialki eta politikoki. Beste lurraldeetan krisiak izan daitezke agian ekonomikoagoak edo politikoagoak, baina Ginea Konakryn nahastuta dago dena: krisi sozial, politiko eta ekonomikoa batzen dira. Zaila egiten zait azaltzea.

Zer dakar horrek? Nola eragiten du egunerokoan?

Politikoki, adibidez, oso zaila da egoera. Poliziak edozein manifestaziotan harrapatzen zaitu, eta kartzelan sartzen zaitu. Nire lagunak kartzelan daude. Zaila da ezer egitea sistema politiko horretan. Ama hil zitzaidan, aita ere bai. Anai-arrebak bizi gara. Ama merkatari txikia zen, eta iraupen ekonomia horretan bizi ginen. Eta, giro politiko nahasi horretan, beti dena kolokan. Amama eta anai-arrebak geratzen zaizkit. Baina han zaila da jatea. Zaila da aurrera egitea.

Nola hartzen da alde egiteko erabakia?

Erabakia hartu nuen ikustean arrebak eta batez ere amama eskasian zeudela, ni beste aho bat gehiago nintzela, ez zegoela jatekorik, eta ezin nuela ezertan lagundu. Pentsatu nuen: saiatuko naiz zerbait egiten eta zerbaitetan laguntzen beste leku batetik.

Nolakoa izan zen bidaia?

Irtetean, mugetatik egin behar nuen bidaia. Maliko desertuan harrapatu ninduten, eta itzuli behar izan nuen berriro diru bila. Bigarren saiakeran, Maliko muga igaro eta lortu nuen Marokora heltzea.

Eta nola iritsi zinen honaino?

Malagara iritsi nintzen. Itsas Salbamenduak erreskatatu ninduen. Nazioarteko uretan galduta geratu ginen, Itsas Salbamendukoek hartu gintuzten, eta Malagara eraman gintuzten. Itsasoan motorrarekin arazoak izan genituen, eta ez atzera ez aurrera egin ezinik geratu ginen. Ur handitan geunden, olatu handiak zeuden, eta ezin genuen ezer egin. Itsas Salbamendukoek eraman gintuzten Malagara.

Nola deskribatuko zenuke txalupako bidaia?

Oso-oso zaila da. Ontzia hartu ahal izateko, behin eta berriz saihestu behar da Polizia; mendian zehar ibili behar da poliziarik ez dagoen lekuak ikusteko eta txalupa hartu ahal izateko. Mendi eta haitz artean hiru ordu oinez egin behar izan nituen lekua aurkitu eta txalupa hartu ahal izateko. Egun hori baino lehen, hiru egun egin nituen basoan sartuta, ezkutuan, txalupa hartzeko aukeraren bila. Gordeta. Txalupa bat hartu ahal izateko momentua aurkitzea da zailena Marokon. Ezkutuan ibili behar da. Txalupa ezkutuan hartzea lortu nuen, abiatu ginen, eta gero, ur handitan, ontziko motorra apurtu zen, eta noraezean geratu ginen Itsas Salbamendukoak agertu eta erreskatatu gintuzten arte.

Halako txalupa bat hartzean, ohartzen zara hiltzeko arriskua duzula?

Hasieran, ontzia hartzean ez dugu arriskurik ikusten. Itxaropena da nagusi… Baina itsasoan lau, bost ordu pasatzen direnean, jendea negarrez hasten da. Botaka, eta beldurrez, ikaratuta. Ekaitza izan genuen, motorrik gabe geratu ginen, olatu handiak zeuden, eta beldurrak jota geunden.

Zein ideiarekin irten zinen zure herritik, eta zer asmo duzu orain?

Argi dut ez naizela etorri bizitza ikustera. Hemen aurkitzen baldin baditut bizi baldintzak, bizitzeko aukerak, hemen geratuko nintzateke. Leku polita da, atsegina, mendia eta hondartza ditu… Baina hemen ez nago denbora-pasa; hori argi dut. Hemen aukerarik ez badut, beste lekuren batera joan beharko dut, bidaia jarraitu beharko dut. Hori bai, hemen geratzeko aukera izango banu, gustura geratuko nintzateke.

Zenbat denbora daramazu Bizkaian?

Hiru bat hilabete. Martxoan irten nintzen handik.

Zer aurkitu duzu hemen? Espero zenuena aurkitu duzu?

Momentu honetan, egia esan, ez dut aurkitu. Hizkuntza ikasi nahi dut; hizkuntza menperatu beharra dut komunikatzeko. Ikastaro txiki bat hasi dut, eta, agian, hizkuntza menperatzen dudanean, dudan proiektua garatzea posible izango da. Momentu honetan, hastapenetan nago.

Hemen aurkitu duzun horretan, zein da alderik onena, eta zein txarrena?

Eskertzekoa da behintzat goserik ez dudala pasatu. Gosea dudanean jatekoa izaten dut. Arazo larriena lo egiteko lekuarena da. Gogorra da gauean kalean geratzea eta edozein bazterretan lo egin behar izatea. Baina esker oneko nago behintzat goserik ez dudalako pasatu.

Jendearen laguntza eskertu beharra dut. Jo eta ke laguntzen ari direnei, aktibistei, nire esker on guztia. Gurekin egoten dira egunean hiru aldiz, egunero, kezkatzen dira gutaz, eta laguntzen digute. Laguntza hori eskertu nahi dut. Nik ez nuen ezer, ez arroparik ez ezer, eta soinean ditudan jertsea, elastikoa, prakak… eurek eman didate dena. Benetan eskertzekoa da aktibisten lana.

Bizi izandakoa bizi ondoren, berriz ihes egingo zenuke?

Arreba barrez eta irribarretsu ikusi nahi dut, eta momentu hauetan ezinezkoa da hori. Beraz, berriro egingo nuke egindakoa. Hango egoera nik utzi nuen berbera izango da, eta, hori aldatu arte, ez naiz itzuliko.