Zorroen ondorengo zorrak

Zorroen ondorengo zorrak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Neurriak hartuta ere, gero eta plastiko gehiago sortzen da. Datu soil bat: munduan orain arte ekoitzi den plastikoaren erdia baino gehiago azken hamabost urteetan sortu da. Bitxikeria gisa: National Geographic aldizkarian gaiari buruz argitaratu berri duten erreportajearen arabera, Coca-Cola enpresak soilik 128.000 milioi botila ekoizten ditu urtean. Gainezka egin du arazoak, eta irla forma hartuta dabil ozeanoetan hara eta hona: Iberiar penintsularen azalera hirukoizten duen 80.000 tonako plastiko eremua dago, adibidez, Ozeano Barean igerian. Tokiko erakundeetan zein nazioartekoetan nabarmen areagotu da gaiarekiko dagoen kezka, eta plastikoaren erabilera mugatzeko hainbat neurri proposatu dira azken urteetan. Erabilera bakarreko plastikozko baxerak, edateko lastoak, kotoi zotzak eta puxikei eusteko makilak debekatzeko araudia egingo duela iragarri zuen maiatzean Europako Batzordeak; eta, Espainiako Gobernuaren aginduz, plastikozko poltsen erabilera muga ezarri dute Bizkaian uztailaren hasierarekin.

Neurriak neurri, gero eta plastiko geruza gehiago dituzte supermerkatuetako elikagaiek. Azpil batean jarrita eta plastikoz forratutako tipulak ohiko bihurtu dira saltokietan, eta, dozena bat madalenako poltsan, madalena bakoitzak du bere plastikozko zorroa. Gehiegizko ontziratzea salatzeko, hainbat herritarrek Biluz ezazu fruta izeneko kanpaina jarri dute abian nazioartean. Erosketak egin eta elikagaiak biltzen dituzten zorro zein plastiko poltsak kendu eta supermerkatuen atarian uzten dituzte protesta gisa, kontsumitzen den plastiko kopurua bistaratzeko.

Bizkaian, Sestaoko eta Bilboko zenbait merkataritza gunetan egin dituzte halako ekitaldiak. Greenpeace ari da lan horretan gehien eragiten, eta, Alba Garcia elkarteko kidearen esanetan, beharrezkoa da saltokiei erantzukizunak eskatzea. “Egoera uste baino larriagoa da, eta, kontsumitzaile gisa, fruta eta barazkiei jartzen zaien erabilera bakarreko plastikoak kentzeko eskatu behar diegu supermerkatuei”.

Neurriak “motz”

Fruta zein barazkiak biltzeko plastikoek denbora gutxi egiten dute kontsumitzailearen eskuetan: batez beste 15 minutu direla kalkulatu dute hainbat azterketak. Bada, desagertzeko, 450 urte baino gehiago behar dituzte plastiko horiek. “Buruan sartu digute higiene arrazoiengatik plastikoan bilduta egon behar direla elikagaiak. Baina ahaztu egiten dugu frutak zein barazkiek azala dutela, eta ez dutela bestelako zorrorik behar”.

Kritiko azaldu da Garcia uztailaren 1etik aurrera plastikozko poltsen erabilera mugatzeko ezarri berri den neurriarekin: “Motz gelditu da”. Orain artean dendetan doan ematen ziren poltsak kobratzera derrigortuko dituzte saltokiak lege berriarekin. Borondatezko neurria izan da orain arte, eta hamabost mikra baino txikiagoko poltsak bakarrik daude neurritik salbuetsita, “higiene arrazoiengatik”. Horiek ere galaraziko dituzte hiru urte barru. “Berez, 2021ean erabat debekatuko dute plastikozko poltsen erabilpena. Bide horretan, erdibideko urrats bat besterik ez da oraingoa. Toki askotan, plastikozko poltsak kendu eta konpostatu daitezkeenak jarri dituzte”.

Biodegradagarritzat jotzen diren poltsen auzia engainagarria dela iradoki du. “Mota horietako poltsak konpostatu edo desegiteko oso baldintza bereziak behar dira. Ez dira naturan desegiten, berez. Areago, naturan bukatuz gero, plastikozko poltsek adina kalte egiten dute”. Horregatik, uste du bestelako neurriak hartu behar direla. “Berrerabilgarriak diren poltsen erabilera sustatu behar da behingoz”. Borondatea egonez gero posiblea dela dio. “Zergatik ez ditugu gaurdanik paperezko edo ehunezko poltsak jartzen, plastiko mota berri eta biodegradagarrien aldeko apustua egin baino?”.

Garciak egoeraren larritasuna azpimarratu du, eta datu zerrenda eman du jarraian: munduan orain arte ekoitzitako plastikoaren %9 birziklatu da; %12 erraustu egin da, eta %79 zabortegietan edo naturguneetan geratu da. “Ingurumenean atzeraezina den kaltea sortzen ari gara”. 550 itsas animalia espeziek baino gehiagok plastikozko objektuak sabeleratzen dituzte, horrek dakarzkien ondorioekin. Gizakiengan ere nabarmena da plastikoaren eragina: uretan askatzen diren mikroplastikoak kontsumitzaileengana bueltatzen baitira uraren kontsumoaren bidez. “Ohartu gara ume guztiek plastikoa dutela gernuan”, aitortu zion iaz Nicolas Olea Serrano Granadako Ikerketa Biosanitarioko Institutuko zuzendariak BERRIAri.

Plastikoaren arazoa globala dela jakinik, Josetxo Alvarez Zero Zabor Bizkaian plataformako kideak uste du beharrezkoa dela tokian-tokian neurri zehatzak jartzea. “Beharrezkoa da plastikoarekin dugun arazoari heltzea. Baina, irtenbide orokorrak bilatzea garrantzitsua den arren, beharrezkoa da lokalagoak diren neurri zehatzak hartzea “. Bizkaian erabiltzen den plastiko kopurua murrizteko mozioa aurkeztu du plataformak azken hilabeteetan lurraldeko hainbat udalerritan zein Bizkaiko Foru Aldundian. Besteak beste, Barakaldo, Erandio eta Basauriko udaletan aurkeztu dute proposamena. “Ahalik eta udalerri gehienetan aurkeztuko dugu mozioa”.

Tokian tokiko neurriak

Plataformaren arabera, bizkaitarrek 31.000 tona hondakin plastiko sortu zuten 2016. urtean. Bilboko Udalak emandako datuen arabera, iazko Aste Nagusian 5,5 tona hondakin batu ziren ibaitik. Plastikoak, edalontziak, ontziak eta kartoiak ziren gehiengoa. Arazoari bizkar eman ordez, arduraz jokatu behar dela zehaztu dute. “Gure eremu eta lurrean dugun erantzukizuna argia da. Bizkaiko erakundeek ere bere gain hartu behar dute ardura, eta neurri zehatzak proposatu behar dituzte. Ezin gara zain egon Europako Batzordeak zer esango edo zer erabakiko duen. Hemengo erakundeek konpetentziak dituzte neurriak hartzeko”.

Adibideak ere jarri ditu Alvarezek; tartean, Norvegiakoa. “Plastikozko ontzien %97 bueltatu egiten da, botilak itzultzeko politika ezarrita dagoelako”. Halako neurriak ezar litezke Bizkaian, Alvarezen arabera.

Plataformako kideak argi du udalek ezin dutela plastikoaren erabilera debekatu, “baina murrizteko neurriak hartzea beren esku ere badago: udal gisa inguruko enpresa eta industriengan eragin dezakezu. Berdin saltokietan ere. Plastikoa erabili ordez, papera edo ehuna erabil dezaten indar egin behar da. Jaurlaritzak zergatik ez du hau guztia arautzeko legerik egiten?”. Gipuzkoan eraikitzen ari diren erraustegia aipatu du berehala. “Zabalgarbirekin nahikoa ez eta Zubietakoa eraikitzen da orain. Birziklatzearen apustua egiten bada, nolatan egiten ditugu erraustegiak? Ez zaie komeni itzul daitezkeen ontzien sistema jartzea. Hondakin guztia bildu, nahastu eta erreta, eraikitako labeak elikatzen direlako”.

Erantzukizuna

Herritarrek, enpresek eta supermerkatuek. Denek jokatu behar dute erantzukizunez, Garciaren arabera. “Argi dago norbanako bakoitzak neurriak hartu behar dituela, eta, plastikozko poltsak erabili beharrean, etxetik ehunezkoak eraman beharko lituzkeela. Baina plastikoaren arazoa ezin da herritarren borondatearen gain utzi. Uste dut supermerkatuek, enpresek eta saltokiek ardura erantsia dutela horretan, eta neurriak har ditzatela eskatu behar zaiela. Konpromiso eta irtenbide eraginkorrak hartu behar dituzte. Ezin dugu denbora gehiago galdu, berandu gabiltzalako jada”.

Ildo beretik jo du Alvarezek ere. Azaldu du zerga sistemaren auziari helduko diola Zero Zabor Bizkaian plataformak datorren ikasturtean. “Gaiari buruz gogoetatzen aritu gara, eta neurri zehatzak proposatu nahi ditugu orain. Hondakinei lotutako zerga sistema norberaren praktikarekin lotuta egon beharko litzateke. Zuk, zure zaborra ondo kudeatzen baduzu, zergatik ordainduko duzu gaizki kudeatzen duenak bezainbeste?”.

Ez dira horretara mugatuko, ordea. Bizkaiko kostaldean biltzen den plastikoari begira ere jarriko dira. “Kontzientziak astintzen jarraituko dugu, eta herriz herri egingo dugu lan”. Izan ere, hainbat ikerlariren arabera, urtero hamabi milioi tona plastiko baino gehiagok bukatzen du itsasoan, eta hondakin horien %80k lehorretik egiten du uretara.