“Gaur egun errazegia da koherentzia bazter batean uztea”

“Gaur egun errazegia da koherentzia bazter batean uztea”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

“Prozesua luzea da”. Ahalik eta bizitza jasangarriena izaten saiatzen da Marion de la Porte (Normandia, Frantzia, 1983). “Urte dezente igaro dira plastikorik gabeko bizitza egin dudan arte”. Zailtasunez betetako bidea izan dela dio, eta umorez aitortu du: “Askotan, berriz erori, eta plastikoa duen zerbait eramaten dut etxera”. Lau urte dira Javier Barrios bazkidearekin batera plastikorik gabeko produktuen sareko denda sortu zutela, Bilbon. Azken urteetan dezente hazi direla azaldu du. “Gero eta kontzientzia handiagoa dugu”. Orotara, plastikorik gabeko 600 produktu baino gehiago saltzen dituzte www.sinplastico.com webgunean. Egunerokoan erabiltzen ditugun tresnak dira gehienak.

Nondik nora sortu zen plastikorik gabeko produktuen denda zabaltzeko ideia?

Duela lau urtetik dugu webgunea martxan, baina sei urte inguru dira ideia ernatzen hasi zela. Javier [Barrios] gaur egun nire bazkidea denaren ideia izan zen. Bakoitza bere aldetik, baina biek genuen kezka egunerokoan sortzen ditugun hondakinen eta ingurumena zaintzearen inguruan, eta ahalik eta produktu jasangarrienak erosten saiatu izan gara beti. Konturatu ginen plastikorik gabeko produktuak aurkitzea oso zaila zela, eta orduantxe egin genion galdera geure buruari: “Zergatik ez dugu sortzen guk geuk erabiliko genukeen denda bat?”. Horixe izan zen abiapuntua, eta konturatu gara zegoen hutsune bat bete dugula, oso harrera ona izan baikenuen eta baitugu.

Eredurik izan zenuten?

Ameriketako Estatu Batuetan badaude halako esperientziak, eta baita Kanadan ere. Europan, ostera, ez daude horren hedatuta. Guk Kanadako Life Without Plastic izeneko saltokia izan genuen eredu gisa. Lanik handiena hasierakoa izan zen, ez baitzen batere erraza izan plastikorik gabeko produktuen hornitzaileak aurkitzea bertako erreferentziarik izan gabe.

Erosketaren prozesu guztia plastikorik gabe egiten duzue.

Guk ez dugu plastiko gabeko produktuak saltzen soilik; produktu horiek guztiak guregana iristeko prozesuan plastikorik ez erabiltzea eskatzen diegu banatzaileei, ez baitu zentzurik plastikorik gabeko produktua erosi eta hura etxera bidaltzeko plastiko zorroak erabiltzea. Nolanahi ere, banatzaileekin egiten dugun lana erronka bat da, funtzionatzeko modua aldatu behar izan baitute enpresek. Askok kendu egin dute plastikoa guk eskatuta, eta proiektu honen muina hori ere bada: kontzientziak astindu, eta jendearen pentsamoldean aldaketak eragiten ditugu.

Kooperatiba sortu zenutenetik hona asko zabaldu da zuen eskaintza.

Hasi ginenean, 200 produktu inguru genituen, eta jendearen eskaeren arabera handitu dugu eskaintza. 600 produktu baino gehiago ditugu salgai orain. Ahalik eta hurbilen dauden ekoizleen lanak saltzea da gure nahia, baina ez pentsa erraza denik; gehienetan, bilaketa lan hori da konplexuena eta zailena.

Euskal Herrian plastikorik gabe lan egiten duen ekoizle asko dago?

Plastikorik gabeko produktu kosmetiko ugari egiten da Euskal Herrian, eta baita sukaldeko ontziteria ere. Altzairua asko lantzen da hemen: lapikoak, zartaginak, sukaldeko tresneria… Beste hainbat eremutan, zailtasunak izan ditugu. Ehungintzaren sektorean, adibidez, oso zaila da plastiko gabeko produktuak eta ekoizleak aurkitzea. Horregatik erabaki genuen aurtengo ikasturtearen hasieran poltsak ekoizten hastea.

Zuek sortzen dituzue?

Bai. Cartagenako (Murtzia, Espainia) emakume kooperatiba batekin jarri ginen harremanetan ikasturtearen hasieran, eta, ordutik, elkarlan sare bat jarri dugu martxan. Ehunezko poltsak egunero erabiltzen ditugun objektuak dira, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun behar hori betetzea.

Kooperatiba sortu zenutenetik hona aldaketa nabaritu duzue herritarren pentsamoldean?

Egitasmoa abiatu genuenean, bagenekien pazientziaz hartu behar genuela eta azalpenak ematen eta pedagogia lana egiten igaroko genituela lehen urteak. Izan ere, duela lau urte ez zen gaiari buruz horrenbeste hitz egiten. Plastikorik gabeko bizitza ideia zoroa zen orduan askorentzat.

Plastikoaren gehiegizko erabileraren gaia bolo-bolo dabil orain.

Egoera asko aldatu da. Bizkaiko hainbat udaletan plastikoaren erabilera mugatzeko mozioak aurkeztu dira azken hilabeteetan, adibidez. Horrek asko laguntzen du. Pixkanaka kontzientzia hartzen ari gara, eta jendea alternatiba bila ari da. Eraldaketa horrek asko pozten gaitu. Beti diogu, baina irabazi ekonomikoak baino poz handiagoa ematen digu pentsamendu aldaketa horrek. Gurea enpresa txikia da, eta denda ez dugu sortu aberasteko. Pertsona bakar batek gurean zerbait eroste hutsa lorpentzat hartzen dugu, plastikorik gabeko erosketen eremuan aurrera urrats txiki bat egin dugulako eta ingurumenari mesede txiki bat egin diogulako.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronka nagusiak?

Enpresa gisa aurrera egitea bada eguneroko erronka bat. Txikiak gara, eta kontsumitzailearen eskaerak ahalik eta ondoen bete behar ditugu. Umiltasunez, zerbitzua eta produktuaren kalitatea bermatu behar dugu egunerokoan. Nolanahi ere, esango nuke dugun erronka nagusia egunero geure buruarekin zorrotz jokatzen jakitea dela. Orokorra da arazo hori, eta oso zaila da mantentzea. Zehatzago azalduko dut: ez da erraza asko saltzen den produktu bat ez saltzen jakitea. Eta hori da, oro har, plastikoarekin gertatzen zaiguna: oso merkea da eta erabilerraza. Hortaz, zertarako kendu?. Oso zaila da horri uko egitea. Zaila da koherentea izatea. Baina plastikoaren kasuan, esango nuke gaur egun errazegia dela koherentzia bazter batean uztea.

Erosoegi bizi gara?

Marketin asko dago, eta gezur asko esaten da. Plastikoak erosotasuna ematen du, eta sarritan ez dugu hori hautsi nahi. Adibidez, guri asko galdetzen digute saltzen ditugun zartaginetan tortillak itsatsi egiten diren. Bada, guk ezin dugu ziurtatu plastikoa duten zartaginekin egindako tortilla bera egingo denik guk saltzen ditugunekin: ez dira plastikozkoak bezain arinak, eta prestatzeko era ere ezberdina da. Ohitzea da kontua. Guk ez dugu gezurrik esaten: produktuak saldu, eta, era berean, ingurumena zaintzen saiatzen gara gure praktikaren bitartez. Hori da eskaintzen duguna: ziurrenik erosotasun pixka bat galduko duzu gure produktuekin, baina oinarri etikoagoekin jokatuko duzu.