Etxeak eta parkeak Durangoko trenbide zaharraren eremuan

Etxeak eta parkeak Durangoko trenbide zaharraren eremuan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Sei eraikinetan banatuta, 550 etxebizitza inguru. Horietako bost, hemezortzi solairura arteko luzera izan dezaketen etxe orratzak. Salmenta librekoak. Beste eraikina, altuera txikiagokoa, zazpi solairura arte izan ahalko dituena. Babes ofizialekoa. Parkeak, umeentzako jolasguneak eta kirol kantxak. Hori proposatu du Eusko Jaurlaritzak Durangoko trenbide zaharra zegoen eremurako. Plan zehatza aurkeztu dio Durangoko Udalari, eta pozarren agertu da alkatea. Jaurlaritzaren proiektua egia bihurtuko dela adierazi du: beharrezko prozedura aurki abiatuko duela esan du, eta proposamenak aurrera egiteko beste inoren beharrik ez duela ohartarazi du; dekretu bidez onar dezakeela proiektua.

“Hirigintza lanei esker, behin betiko konponduko dira geltoki berrirako sarbideak, eta geltokia ingurunean integratuta geratuko da, trenbide sarearen trazatu zaharrak eragiten zuen hesia desagerrarazita”. Hitz horiekin aurkeztu ditu proiektuaren onurak Jaurlaritzak. Trenbide zaharra lurperatu ondoren gainazalean geratu den lur eremuaren antolaketa zehazten duen proiektua da; libre geratu zen 60.000 metro koadroko lur saila nola urbanizatu proposatzen duena.

Gune berria parke jarraitu gisa egituratu dela azaldu du Jaurlaritzak. Egungo haustura josi eta auzoak lotuko dituela, eta oinezkoek, bidegorriek eta gune berdeek protagonismoa izango dutela.

Auzoen lotura

Proposamenaren oinarrietako bat auzoen eta hirigunearen arteko lotura ahalbidetzea dela adierazi dute sustatzaileek; parkearen bidez eta eremuaren bi muturretan egongo diren bi plazaren bidez lortuko da lotura, eta “oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza” landuko da, lehentasuna oinezkoek izanda. Parkearen ipar-mendebaldean autoentzat zabalik egongo den errepidea egongo da, proposamenaren arabera, orduko 20 kilometroko abiadura mugarekin. Ekialdeko muturrari, tren geltokiko sarreraren inguruari, intermodalitate izaera eman nahi diote: autobusak eta taxiak geratzeko gunea egokitzea aurreikusi dute.

Bestetik, “espazio ludikoak eta harremanetarakoak” iragarri dituzte, eta aisia eta kirol jarduerak aurrera eramateko guneak: bi plaza, umeentzako jolas guneak, jarduera bio-osasungarrirako gunea, jarduera dinamikorako gunea eta jarduera ludikorakoa.

Ez Jaurlaritzak ez Durangoko Udalak ez dute etxeak eraikitzea lehentasun gisa izendatu, baina 550 etxebizitza inguru egitea aurreikusten du proiektuak: salmenta librekoak izango diren bost etxe orratz, eta etxebizitza babestuentzat izango den eraikin baxuago bat. Azken hori 4.354 metro koadroko azaleran egingo da. Gehienez, hemezortzi solairuko garaiera izango dute bost eraikinek, eta 1.900 metro koadro inguruko azaleran egingo da bakoitza.

Zuzenketetarako aukera

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak nabarmendu du “inbertsio handia” egin duela Jaurlaritzak; “guztira, 250 milioi euro baino gehiagokoa”. Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, ahalegin hori eskertu, eta proiektuaren onurak goratu ditu: “Trenbideak hartzen zuen espazioa berreskuratzean eta urbanizatzean, Durangori birika berdea emango zaio, biztanle guztientzako ekipamenduak eskainiz”.

Faseka egingo dute proiektua; 10,9 milioi euroko aurrekontua du, eta 32 hilabetean gauzatzea espero dute. Aurrez, halere, onartu egin behar da plana. Udalak bere teknikariekin aztertuko du Jaurlaritzaren proposamena, lehenik, eta, gero, udaleko talde politikoekin. Hala ere, plana ez da zertan osoko bilkurara eraman, posible baita dekretu bidez onartzea. Proposamenak baiezko hori jasotzean, jendaurrean erakutsiko dute proiektua, herritarrek zein herriko elkarteek iradokizunak eta zuzenketak egin ditzaten. Udal teknikariek aztertuko dituzte herritarren proposamen horiek, eta proiektuan txertatu edo ez erabakiko dute.