“Etxea eta lana dituen jendea ere badago bazterketa egoeran”

Eider Mugartegi

Gizartetik baztertuta dauden pertsonen bizi baldintzak hobetzea helburu, Gizarte Bazterketaren Balorazio eta Diagnostiko Zerbitzua jarri zuen martxan Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean. Zerbitzu hori berregokitu eta sistema eraginkor bat finkatzeko asmoz, gizarte bazterketa egoeran daudenen profila zehaztu eta dituzten premiak identifikatu nahi izan ditu erakundeak orain. Ikerketa bat egin du horretarako Lore Ibaibarriaga soziologoak. Urtebeteko epean zerbitzu horretan ebaluatu dituzten pertsonen diagnostikoak aztertu ditu.

Zenbat pertsonaren txostenak aztertu dituzue ikerketarako?

Guztira, 186 pertsona aztertu dituzte urtebetean, eta horietatik bost inklusioan daudela ondorioztatu da. Hori dela eta, gizarte bazterketan edo arriskuan dauden 181 pertsonaren ezaugarriak aztertu ditugu. Zerbitzuan egin dituzten txosten guztiak aztertu eta datuz datu analizatu ditugu.

Ikerketa eginda, lortu dituzuen datuen arabera, zein izango litzateke bazterketan edo bazterketa arriskuan dauden pertsonen profila?

Askotan uste da gizarte bazterketan edo arriskuan dagoena kalean dagoen jendea dela, baina, datuek diotenez, erdiak besterik ez dira kalean edo etxebizitza kontsidera ezin daitezkeen lekuetan bizi direnak: %49,7. Erdiak kalean daude, baina beste erdiak ez, eta, beraz, eskaintzen diren zerbitzu guztiak ezin zaizkie kalean bizi direnei edo egoitzetan daudenei zuzendu; zerbitzuak sortu behar dira etxean bizi den jendearentzat ere. Aztertu ditugun kasuetatik %11,2 daude zentroetan, %20,4 pisu partekatuetan edo pentsioetan daude, eta %18,7 bere etxean bizi dira. Kopuru handi bat dago etxea badaukana, eta beste arrazoi batzuk ditu bazterketan egoteko.

Etxebizitza, beraz, ez da funtsezko faktorea.

Ikerketa honek argi eta garbi erakutsi du etxebizitza falta, osasun egoera (mendekotasunak, gaixotasun mentalak…) eta diru falta faktore oso garrantzitsuak direla, baina ez direla erabakigarriak. Etxerik ez daukan jendea edo lanik ez duena badago bazterketa egoeran, baina etxea daukana eta lana duena ere bai. Pertsonek dituzten babeserako harremanetan eta gaitasun pertsonaletan dago gakoa. Ideia sinplea da: etxea, dirua eta osasuna badituzu, baina ez badaukazu inongo gaitasun pertsonalik, etxeak, diruak edo osasunak huts egiten dizunean bazterketan sartzeko arriskuan jausten zara. Alderantziz, gaitasun pertsonalak eta harremanak edukita, nahiz eta beste dena galdu, eusteko aukera gehiago egoten da. Biak dira arrisku egoerak, eta biak falta direnean esaten da bazterketa dagoela. Gaitasunak, harremanak eta inguruaren babesa daukate kolokan aztertu ditugun pertsona guztiek. %4,6k dituzte bakarrik harreman eta lotura afektiboak, %2,6k aurrera egiteko motibazioa, eta %1,3k gaitasun eta trebeziak aurrera eramateko babesa. Ostera, diru sarrerei dagokienez, erdiak txarto daude, baina beste erdiak, ondo; %44,7k dirua dute, eta %51,7k, ez.

Zelan ematen da arrisku egoeratik bazterketarako aldaketa?

Arrisku mota bi daude. Lehenengo irizpidean sartzen dira gaitasun pertsonalak eta harremanak ukituak dituztenak, eta bazterketara igarotzen dira etxebizitza galtzen dutenean, diru sarrerak amaitzen zaizkienean edo osasun arazoak dituztenean. Bigarren irizpidean sartzen dira, berriz, etxebizitzarik ez daukatenak edo diru sarreretan edo osasunean arazoak dituztenak, baina oraindik harremanak edo gaitasun pertsonalak dituztenak. Adibidez, pertsona batek buruko gaixotasun bat du, eta ez dauka diru sarrerarik, baina familiak eusten dio. Familiak gehiago ezin duenean igaro daiteke bazterketara. Edo, adibidez, zaintza behar duen pertsona nagusi batek ez badauka familiarik, bazterketara igaro daiteke.

Generoari dagozkion ezberdintasunak nabaritu dituzue?

Antzerako ikerketak egin ditugu Bilboko Udalarentzat, eta horietan argi ikusten da gizon eta emakumeak erdi eta erdi direla. Kontua zera da: zerbitzu honek ez ditu horrenbeste urte, eta, gure ustez, mundu guztia ez da ailegatu zerbitzura oraindik. Etxean daudenei beste bide batzuetatik, mendekotasun zerbitzuetatik esaterako, laguntzen zaie, baina guztiei baliabide hau pasatuz gero, erdi eta erdi izango lirateke.

Badago desberdintasunik herri eta hirien artean?

Alde handia dago. Oraindik, harreman komunitario edo sozial gehiago mantentzen dira herri txiki eta landa eremuetan, eta askoz gaitzagoa da bazterketara heltzea. Babes handiagoa eta lotura gehiago dago, harreman sareak askoz indartsuagoak dira, beti lagunduko zaio aurretik. Hala ere, horrek ez du esan nahi bazterketa egoerarik ez dagoenik.

Bazterketan edo arriskuan daudenek zeintzuk beharrizan dituzte batez ere?

Harremanak edukitzeko beharrizana eta gaitasun pertsonala garatzeko beharrizana, alde batetik, eta baliabide ekonomikoak, etxebizitza eta babes soziala, bestetik. Lehen beharrizanetan bat egiten dute denek; ondorioz, sortu behar den sareak horri erantzun behar dio. Gizarte zerbitzuen helburua harreman horiek birsortzea, pertsonen gaitasunak sortzea izan behar da, edo, ezin den kasuetan, ordezkatzea.

Adinak badauka zerikusirik?

Bazterketa egoeran edo arriskuan daudenen adin tarterik zabalena 25 urtetik 64 bitartekoa da. Badago jende nagusia mendetasun egoera batean, baina harreman instituzionalak dauzka, eta, beraz, babestuago dago. %47,5 dira 45-64 urte bitartekoak. Gogorrena, hala ere, 18-24 adin tartekoak 21 izatea da %11,6.

Zeintzuk egoera dira larrienak?

Oso jende gutxi dago bazterketa sozialean bakarrik; gehiengoa bazterketa egoeran dago, eta mendetasun bat dauka, edo buruko gaixotasun bat, edo ezgaitasun bat, edo babesgabetasunean dago, edo ezaugarri horiek denak batera ditu. Azken horiek dira larrienak, dena batzen dutenak. Aztertu ditugun 181 pertsonetatik 37 dira bakarrik bazterketan daudenak; 107 bazterketa egoeran daude, eta mendekotasunen bat dute; bost bazterketan daude, eta babesgabetasuna dute; eta 32k hirurak dituzte. Faktore ezberdinak batzen direnean, kasu askotan, pertsona hauentzako erantzunak bilatzea ez da erraza izaten. Datu oso gogorra da buruko gaixotasunei dagokiena ere. 181 pertsonetatik %70ek daukate diagnostikatuta buruko gaixotasunen bat.

Datuak eskuetan, neurriak hartzen hasiko dira orain?

Aldundia hasi da martxan: egoitzetako tokietara bideratuta ez dauden zerbitzuak sortzen ari da. Pertsona bere inguruan mantentzea, laguntza hezigarriak eskaintzea, harreman sareak sortzea eta gaitasunak berreskuratzea dute helburu.