Motelago mugituko da Bilbo

Motelago mugituko da Bilbo

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hiri motelagoa izango da Bilbo bihartik aurrera. Hilabeteak dira hiriburuko kale nagusietako abiadura muga orduko 30 kilometrora jaitsiko zutela iragarri zutela. Bada, bihar jarriko da martxan. Bilbok errepideetan dituen 377 kilometroetatik %87tan ezarriko dute muga; hortaz, nabarmena izango da aldaketa. Hartutako neurriarekin, “30 aldiz seguruagoa” egin nahi dute hiriburua. Hala baieztatu du Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak. “Hiri eredu desberdina egiteko lanean jarraitzen dugu, garraiobide jasangarrien erabilerari lehentasuna emanez; adibidez, bizikletari. Zirkulazioaren zarata asko jaitsiko da, eta airearen kalitatea ere hobetu egingo da; hori da Bilbon hogeita hamar bider hobeto bizi garela erakusteko modu bat, gure osasuna ere hobetu egingo baita”.

Joan-etorri gehien izaten diren bide nagusietan 50 kilometroko abiadura mugari eustea erabaki du udalak; tartean, Agirre Lehendakariaren etorbidean, Campo Volantin pasealekuan, Autonomia kalean, Hurtado Ametzaga kalean, Diego Lopez de Haro kale nagusian, Mazarredo zumarkalean eta Urkixo kalean. Hiriburuko sarbideetan ere mantendu egingo da abiadura muga: Miraflores eta Miribillako sarreretan, Salbeko zubian, Begoñako Andra Mari kalean, Bilbo eta Galdakao lotzen dituen errepidean, Enekuri etorbidean, eta San Adrian eta Juan Garai etorbideetan. Horrenbestez, hiri barneko kaleetan nabarituko dute gehien abiadura mugaren neurria.

Oro har, aldatzen ari da mugikortasunaren “paradigma”. Autoei tokia kendu eta oinezkoak lehen planoan jartzeko planak garatzen ari dira tokian-tokian. Bizkaiko hainbat herritan hartuak dituzte halako neurriak, eta hiriburuan ere aurrerapausoak egin dituzte azken urteetan norabide berean. 2030era begira jarri da Bilboko Udala: ordurako, Mugikortasun Plana beteta nahi du, eta, besteak beste, airearen kalitatea %50 hobetzeko erronka jasotzen du egitasmoak.

Ez da erronka makala, 180.000 ibilgailu sartu eta ateratzen baitira egunero Bilbora, eta lan arrazoiengatik dira gehienak. Are, hirian egiten diren lekualdatze guztiak aztertuz gero, udalak emandako datuen arabera, autoz 435.000 desplazamendu egiten dira egunean hiriburuan, eta, azaldu duenez, 2030. urterako 51.000ra murrizteko helburua jarria du.

Bidegorrien beharraz

Ohiturak aldatu nahi dituzte, eta autoa ez diren gainontzeko bideak lehenetsiko dituzte: garraio publikoan ez ezik bizikletaren erabileran indar egingo dutela iragarri du udal ordezkariak. Bizikleta elektrikoen erabilera areagotuko dute horretarako. 2019ko urtarrilerako 450 izango ditu udal zerbitzuak. Orduko 30 kilometroko abiadura mugak errepidetik ibil daitezen erraztuko duela uste du Gilek.

Bizikletak baino gehiago, bizikletaz ibiltzeko bideak eskatzen ari da Biziz Bizi Bilboko Hiri Txirrindularien Elkartea. Bizikletaren Egunaren harira martxa antolatu zuen joan den astean, eta gaur egun Bizkaiko hiriburuak duen egoera salatu zuen. Euskal Herriko eta nazioarteko hiriburuekin alderatuta, Biziz Bizikoek “atzeratuta” ikusten dute Bilbo bidegorrien egoerari dagokionean.

Salatu dutenez, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen legegintzaldiko hiru urte igaro direla, bilera bakarra egin dute udal ordezkariekin, eta ez dituzte nahikotzat jo hartu diren neurriak. “Bidegorri sarea bukatu gabe dago oraindik, eta dagoena, lotu barik. Bizikleta elektrikoak erosi ditu udalak, baina behar den bezalako azpiegiturarik ez dago bizikletaz segurtasunez ibiltzeko”.

Bizikletaren erabilera baztertu dute erakundeek, Biziz Bizi elkarteko kideen arabera, eta Bizkaiko Foru Aldundiak azken hilabeteetan iragarritako azpiegituren norabidea kritikatu dute, autoei begira diseinatutako azpiegiturak baitira denak. “Diputazioak sekulako proiektuak egiteko asmoa erakutsi du, mugikortasun iraunkorra ahaztuta”. Izan ere, joan den hilabetean iragarri zuen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Bilbo hegoaldeko saihesbidea luzatzeko eta Getxo eta Portugalete itsasadarra zeharkatuko duen tunel baten bidez lotzeko egitasmoa.

Bilbotik Getxora bizikletaz

Bihar bertan, Bilbotik Itsasora bizikleta martxa egingo dute, aldundiaren egoitzaren aurretik 11:00etan abiatuta. Izan ere, hiriburuaren barnealdean bidegorriak egokitzeko eskaerez gain, Bizkaiko herriak elkarren artean bizikletaz lotzeko eskaera egiten du plataformak; tartean, Bilbo eta Getxo lotuko lituzkeen bidea.

Iazko maiatzean, BI-711 errepidetik, Getxo, Leioa, Erandio eta Bilbo zeharkatuko lukeen bidegorria egiteko lau proposamen aurkeztu zizkion Bilboko Portuko Agintaritzak Batzar Nagusietako Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Batzordeari. Portuko Agintaritzarenak dira itsasadarreko eremuak, eta proposamena egin zuen lur batzuk udalei emateko, bidegorria egin dezaten. Bere horretan dago auzia oraindik, eta ez dute iragarri proiektua nork gauzatuko duen eta noiz. Horregatik, aldundiari aurrerapausoak eman ditzala eskatzeko martxa egingo dute bihar Biziz Bizi elkartekoek.

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoa, bizikleta, motozikleta eta ziklomotorren erabilera kontrolatzeko kanpaina egiten ari da egunotan. Igandera bitarte iraungo du kanpainak, eta, azaldu dutenez, espaloietatik eta oinezkoen guneetatik bizikletarekin ibiltzen direnengan jarriko dute arreta. Gogorarazi nahi dute espaloietatik ezin dela bizikletaz, patinete elektrikoz eta bestelako ibilgailuekin ibili.