Izarren dir-dir itzalezina

Izarren dir-dir itzalezina

Natalia Salazar Orbe

Rockaren historian eragin handienetakoa izan zuen gitarra jolea. Karisma handikoa. Garai guztietako 100 gitarra jolerik onenen artean seigarren izendatu zuten Rolling Stones zerrendan. Jeff Beck da. Eta Sondikan izango da bihar. Sei kordel astinduta ospetsu egin duten uhinak aireratzeko prest. BBK Music Legends Fest jaialdian eskainiko du kontzertua. Ez da gaur eta bihar emanaldia eskainiko duen bakarra, denera dozena bat artista igoko dira-eta Ola zentroko oholtza gainera.

Egitarau osatua eratu dute. Izen handiko artistak elkartu dituzte kartel bakarrean. Steve Winwood, Wilko Johnson, Glenn Hughes eta Mavis Staples dira nabarmenetako batzuk. Haiekin batera ariko dira Siniestro Total, Gari Maldanbera bandarekin batera, Motxila 21, Moonshakers, Dead Bronco, Ana Popovic eta John Cale. Musika izarren emanaldiak ingurune adeitsu batean. Jaialdi handien mailari eusten dion gertuko zita. Horixe eskainiko du Sondikan, beste urte batez, jaialdiak. Nazioarteko izen handiko musikarien emanaldia.

Estilo eta erritmo askotarikoak tartekatuko dira, beraz, agertokian. Azken lana aurkezteko aukera izango du Steve Winwoodek, duela zenbait hilabete argitaratua: Winwood: Greatest Hits Live. Bakarlari gisa zuzenean egin duen lana da. Berak aukeratutako 23 abesti jaso ditu bertan. Abeslaria, musikagilea, bokalista, gitarra eta tekla jotzailea eta ekoizlea da. Hastapenak hainbat talde indartsutan egin zituen arren, 1970eko hamarkadaren erdi aldera ekin zion bakarkako lan arrakastatsuari. 2010ean, “garai guztietako abeslaririk onena” izendatu zuen Rolling Stone aldizkariak.

Urte askotako ibilbide sendoa egina dute gaur eta bihar Sondika musikaz jantziko duten musikariek. Mavis Staples estatubatuarra da horren ereduetako beste bat. Pops Staple aitarekin eta hiru ahizpekin The Staple Singers eratu zuen. Aitaren adiskide zen Martin Luther King oinarri hartuta, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren ahots espiritual eta musikaletako bat bilakatu ziren. 1960ko hamarkadaren erdi aldea zen. Orduz geroztik, ibilbide oparoarekin jarraitu du. Bakarkako debuta egin ostean, 1969an argitaratu zuen lehen albuma. Princek ekoitzi eta zuzendu zituen 1989an eta 1993an ateratako beste bi. 2010ean, Grammy bat irabazi zuen You are not alone albumarekin. Musika munduaren arreta bereganatu zuen berriro. Azken lana 2017an argitaratu zuen.

Rockaren ahotsa ezizena ezarri diotenarekin batera ageri dira kartelean artista horiek guztiak. Glenn Hughes rock abeslari, baxu jotzaile eta konpositoreak hard rock, soul eta funkaren elementu onenak uztartuta ekoizten duen konbinazioa taularatuko du.

Deep Purple taldeko abeslari eta baxu jotzailea izandakoak 50 disko baino gehiago grabatu ditu, bakarka zein taldean. Performs Classic Deep Purple Live bira berriarekin bisitatuko du Music Legends Fest.

Tennesseetik (AEB) iritsiko da Ana Popovic gitarra jotzaile eta abeslari serbiarra. Hainbat blues sariketatarako izendapenak jaso ditu. Gitarra jole “paregabe” gisa deskribatu zuen Bruce Springsteenek.

Nazioarteko artisten ondoan ariko dira Euskal Herriko ordezkariak ere. Gari Maldanbera bandarekin igoko da oholtzara. Hertzainak taldeko abeslari ohiak eta haren taldeak Estutu azken lana aurkeztuko dute. Beste behin, gauza txiki, hurbil eta intimoen handitasuna aldarrikatuko dute.

Matt Horan amerikarrak gidatzen duen Dead Bronco taldeak Driven by Frustration bira eta disko berria aurkeztuko du. Beti bezala, atzean amerikar musika tradizionala duen proposamen indartsua eramango dute jaialdia.

Aurten ere, Motxila 21 taldeari lekua egin diote jaialdian. Iruñeko sanferminetan txupinazoa jaurti aurretik, Sondikan izango dira. Iaz ere han izan ziren. Downen sindromea duten hamabi kidek eta bederatzi boluntariok osatzen dute. Ola zentroaren helburuekin bat datorren proiektua da hori ere. Arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenei, haien familiei eta sektore horretan lan egiten duten gizarte eragileei aterpe ematen die Olak.

Oinez iristeko martxa

Kontzertuetara joango direnei garraio publikoz bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek. Bestalde, biharko saiorako are aukera ekologikoagoa prestatu dute: Bilbotik Sondikara arteko bidea oinez egiteko martxa, hain zuzen. 12:00etan aterako da, Kale Nagusiko BBKren egoitzatik. Artxanda mendiaren hegalak eta hainbat bidezidor igaro ostean, bi ordu ingururen ostean iritsiko dira kontzertuen gunera. Martxara joatea doakoa da, baina parte hartzeko izena eman behar da, gaurko 14:00 baino lehen. Hamaiketakoa ere eskainiko diete kontzertuetarako sarrera duten martxako parte hartzaileei.

Era batera edo bestera joaten diren guztiak elkartuko dira bertan, naturaz inguratutako eremu batean, musika jaialdi indartsu batez gozatzeko. Ibilbide oparoa egin duten artistekin batera.

Gaur
16:30. Ateak irekiko dituzte.
17:00. Siniestro Total.
18:30. Gari & Maldanbera.
20:00. Mavis Staples.
21:30. Wilko Johnson.
23:00. Steve Winwood.

Bihar
14:00. Ateak irekiko dituzte.
14:30. Motxila 21.
15:35. Moonshakers.
16:50. Dead Bronco.
18:05. Ana Popovic.
19:45. John Cale.
21:15. Glenn Hughes.
22:45. Jeff Beck