Denentzako eremuak lantzen

Denentzako eremuak lantzen

Aitziber Laskibar Lizarribar

Udaren etorrerarekin batera, jaietan murgildu dira Bizkaiko herri eta auzoak. Eta, jaien etorrerarekin, gozatzeko gogoaz gain, beste zerbait ere piztu da: izan daitezkeen sexu erasoengatiko alarmak. Noiz eta non izango diren jakiterik ez dagoen arren, jakina da izan izango direla. Hori adierazten dute urtero errepikatzen diren zenbaki eta datuek.

Gero eta eraso matxista gehiago salatzen diren bezala, gero eta neurri gehiago hartzen dira horien aurka; bai erasoak saihesteari begira, bai gertatu ondoren erantzuteari begira. Gero eta herri, auzo eta esparru gehiagotan, gero eta modu zehatzagoan lantzen ari den alorra da sexu erasoen aurkakoa. Eta eragile guztiek argi dute: guztiek elkarlanean landu beharreko kontua da.

Instituzioek sentsibilizazio kanpainei ekin diete, gehienbat. Herri zein auzoetako jai batzordeak, eragileak zein herritarrak, gero eta gehiago antolatzen ari dira; kalean, erasoak gertatzen diren lekuetan.

Zenbait esparrutan, elkarlanean ari dira jai batzordeak edo lekuan lekuko eragileak eta bertako udalak. Eta hala behar luke leku guztietan, Mireia Delgado Bilgune Feministako kidearen esanetan. “Guztien arteko koordinazio bat egotea eta mundu guztiak izatea bere protokoloa; hori litzateke onena”, dio. “Zehaztuta egotea zer egin behar duen bakoitzak zerbait gertatzen denean”.

Protokoloa. Boladan dagoen hitza da, herriz herri eta auzoz auzo zabaltzen ari dena. Baina baliabide horren arrakasta aurreko lanketak baldintzatzen duela ohartarazi du Delgadok.

Erasoa gertatu denean zer egin zehazten duten protokoloetan baino gehiago, aurretiko lanean jarri du arreta. Sakonera jo du, jai eredura. “Inportantea da zelako jaiak antolatzen ditugun”. Une eta gune zehatz batean jendetza biltzen duten makrojaien aldean, hainbat momentu eta eremutan banatzen direnak seguruagoak direla adierazi du, eta “guztientzat erosoak” diren jaiak sortu behar direla. Horra eredu aldaketarako premiari buruzko hausnarketaren elementu bat. “Zer da jai on bat?”, galdetu du. “Zer da jai arrakastatsu bat?”. Batzen den jendetzaren datuetatik haragoko irakurketak egin behar liratekeela dio. Eta, horren arabera, bestelako jai batzuk antolatu.

Erasoen aurka hartu beharreko neurriei dagokienez ere, aurreko lanketari eman dio garrantzi handiena. “Jaiak antolatzen hasten diren lehen bileran bertan gaiak mahai gainean egon behar du”. Horrela, jai eta guneen eredu aldaketa ahalbidetzeaz gain, festak heltzen direnerako eragileak askoz prestatuago egongo direla dio. Are, erasoen aurkako protokoloa bera lekuan-lekuan prestatu behar dela nabarmendu du, errealitate bakoitza desberdina delako eta halako prozesuetan parte hartzeak jaietan dinamizatzaile izango direnak formatu egiten dituelako. “Ez da nahikoa jaiak hasi aurreko astean protokolo batzuk jasotzea”. Leku bakoitzean gerta daitezkeen egoerak aurreikusi, horiek saihesten saiatu, eta nork nola jokatu behar duen erabaki eta barneratzea da gakoa.

Hartara, jarraitu beharreko protokoloaren oinarri orokorrak zehaztea ezinezkoa dela dio Bilgune Feministako kideak, baina kontuan hartu beharreko gako batzuk eman ditu. Garrantzitsuena: emakumearen hitza aintzat hartu; ez egin inolako urratsik berari galdetu gabe. Babestu emakumea, ez utzi bakarrik, eta nahi dituen pausoak emateko laguntza eman.

Norbaitek atentzioa ematen dion egoeraren bat sumatuko balu, emakumeari konplizitatea eskaintzeko gomendatu du; begiradarekin edo antzeko keinuekin bada ere, hor zaudela, ez zarela joango eta laguntzeko prest zaudela adieraztea. Kasuaren arabera, emakumeari hitzez ere ondo edo deseroso dagoen galdetzea. “Askotan gauza txikienek pizten dituzte gero beste egoera potoloago batzuk”.

Erasoren bat gertatzekotan, jai batzordeko edo antolakuntzako norbaitengana jo behar litzateke. Hark jakin behar luke zein den jarraitu beharreko protokoloa, eta hark bideratu behar lituzke ondorengo urratsak. Eta jai eremuetan mezu argiak egotearen garrantzia ere aipatu du: ikusaraztea jendea adi dagoela eta ez dela erasorik onartuko, eta agerian izatea arazoren bat izatekotan norengana jo behar den.

Kanpainak eta mezuak

Erakundeei dagokienez, Jaietan ere, neure aukera kanpaina abiatu du Bizkaiko Foru Aldundiak jai inguruetan izaten diren eraso sexisten aurka. Lelo nagusi horrekin batera, beste hainbat mezu zabalduko ditu herriz herri: Nik erabakitzen dut nola janzten eta norekin eranzten naizen, jaietan eta beti; Ez naiz zuretzat dantzatzen, niretzat dantzatzen naiz; Kaleak eta gauak gureak ere badira; Nire gorputza nirea da.

Azkenaldian sexu erasoen aurka gizartearen erantzuna aktibatu eta areagotzen ari dela adierazi du Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuak. Duela bi urte sanferminetan izandako talde bortxaketaren aurka emandako erantzuna eta Martxoaren 8aren inguruan sortutako mobilizazioa jarri ditu “berdintasunaren aldeko borroka feministak egindako aurrerapausoen” adibide. “Gizartearen erantzuna ikusita, mahai gainean jarri dugu emakumeen erabaki irmo bat, gure erabaki irmo bat; hau da, amaitu dira erasoak; ez dugu beste bat ere pasatzen utziko”.

Jaien inguruan izaten diren erasoei erreparatu diete Ana Urrutia kazetaria irudi nagusi duen kanpaina aurkezteko agerraldian, mezu argi bat zabaltzeko: “Eraso bat ezin da justifikatu. Janzkerak edo jarrerak ez dute inolaz ere eraso bat justifikatzen. Pertsona orok du espazio publikoa erabili eta bertan egoteko eskubidea. Emakumeok ere eskubide hori dugu. Eskubide hori ezin da urratu eguneko orduaren arabera edo jai giroan egoteagatik”.

Bilboko Udalak oso bestelako egitasmoa prestatu du auzoetako jaietara eramateko: Tonbola 0.0 – 0 eraso 0 ezberdintasun. Umorearen bideari heldu dio sentsibilizazio kanpaina egiteko. Hamabi auzotara joango da antzerkiarekin hainbat egoeraz ohartarazteko: Elorrieta, San Ignazio, Zurbaranbarri, Uribarri, Otxarkoaga, Atxuri, Abusu, Olabeaga, Basurtu, Zorrotza, Altamira eta Bilbo Zaharreko jaietara. Ohiko bihurtuta dauden rol eta estereotipoak, mikromatxismoak eta indarkeria sinbolikoa landuko dituzte, besteak beste, herritarren parte hartzea eskatzen duen antzerki ironikoaren bidez. “Eraso sexisten markagailua hutsean uztea” izango da jokoan lortu beharrekoa. “Jai giroan errespetu eta askatasunaren mezua botata, gizarte eragile guztiak inplikatzea da kanpainaren helburua”, azaldu du udalak.

Ez beti da ez. Ekina jazarpena da. Jazarpena, erasoa. Sexu erasoren bat izanez gero aholkua emateko eta jarduteko protokoloa zabaltzeko ekinaldiaren leloa da, udalak Bilboko Konpartsekin eta auzoetako jai batzordeen laguntzarekin landu duena. Udalak jakinarazi duenez, hainbat auzotako eragile, ostalari eta dendarien elkarte ugarik bat egin dute kanpainarekin, eta erasoren baten berri izatekotan eragile aktibo bihurtzeko konpromisoa hartu dute. Halaber, erasoren bat jasan edo ikusiz gero nora jo zehazten duten telefono txartelak eta eskuorriak zabalduko dituzte, eta erasoen aurkako ahozapiak ere bai.

Hori guztia helburu bati begirako lana da: herritarren aktibazioa eta inplikazioa bilatuta, guztiak eragile aktibo bihurtuta, oraindik ohikoak diren mota guztietako sexu erasoei lekua kentzea; horiek ezinezko egitea. Kalea benetan guztiena izatea, eta emakumeak, emakume izanagatik ere, bai egunerokoan bai jaietan beldur barik ibili ahal izatea.