Bilboko kaleak, hankaz gora

Bilboko kaleak, hankaz gora

Natalia Salazar Orbe

Eraikin handien artean, antzoki bat. Ibilgailuen joan-etorri zaratatsuak saihestuta, ez entzunarena egiten duen zirku karpa bat. Oinezkoen begirada arretatsua erakartzen duten ikuskizunak aire zabalean. Hastear da Bilboko kaleak berriz ere agertoki bihurtuko dituen beste ekinaldi bat. Lurreratzear da XIX. Kalealdia. Astelehenean hasi eta larunbatera bitartean, nazioartean arte eszenikoen alorrean erreferente diren 26 konpainiak 60 ikuskizun baino gehiago taularatuko dituzte. Gehienak aire zabalean, eta doan.

Denetariko diziplinak aurkeztuko dituzte talde horiek guztiek. Kaleko antzerki purua, zirku garaikidea, dantza, kaleko musika egiten duten bandak eta Europako clown artistarik onenak barne hartuko ditu jaialdiak. Taularatze horietan aurkeztuko dituzten gaiei dagokienez ere, beste horrenbeste gertatuko da. Denetarikoak izango dira.

Adibideak nonahi aurkituko ditu ikus-entzuleak. Bertan ekoitzitako lanen artean, Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak ondutakoa izan daiteke bat: sagarraren esanahiaren kontzeptu sinplea abiapuntu hartuta, diziplina ezberdineko kaleko ikuskizun bat osatu dute. Proposamen dinamikoa da. Plazetan, espazio zabalean taularatzeko pentsatua. Sagarrak izan dituen edo hari eman zaizkion esanahi guztiak erakustea du helburu. Sinesmen eta kondairek historian eta ohituretan izan duten eraginari buruzko hausnarketaren lekuko izango da publikoa Sagartu ikuskizunaren bidez. Zuzeneko musika, antzerkia eta dantza uztartuta eta umorea, alaitasuna eta bizitasuna baliatuta lortuko du hori ikuskizunak; agertokian, berriz, artista kopuru handia elkartuko du.

Aurretik aurkeztuak zeuden lanez gain, Euskal Herrian lehenengoz taularatuko direnak ikusteko aukera ere eskainiko du Kalealdiak. Zortzi izango dira, guztira. Zirku formatuari helduta, egungo gizartean gizakiek duten gorputzarekiko jarrera aztertuko du Aller-Retour Cie konpainiak Journal de nos Corps ikuskizunean. Ginger Brass Experiment konpainiak Le Ginger Brass Experiment taularatuko du: hiru musikarik elkarrekin jolastu nahi dute. Baina zertara jolastu? Eta nola lortu, hiruren artean, doinu bateratua osatzea?

Frantziako Estatutik iritsiko dira ikuskizun berri gehienak. Kaleko antzerkiari dagokionez, erreferentea da Europan, eta handik iritsiko dira, aurretik aipatutako estreinaldiez gain, Imperial Kirikistan —La Parade Imperiale du Kirikistan aurkeztuko du—, Le Chapito de Nouvelle —Caillase taularatuko du—, Rosie Volt —Yadewatt—, Saseo Cie —Cabaret de porche— eta Zirkus Morsa —La fin demain—. Barada Street britainiarrek borobilduko dituzte estreinaldiak, izen bereko ikuskizun komikoarekin. Europa osoan hainbat sari eskuratu ostean iritsiko da taldea Bilbora. Herrialde Katalanak, Italia eta Belgika dituzte jatorri Euskal Herritik kanpo iritsiko diren gainerako konpainiek.

Agertokiei dagokienez, oholtza nagusia Casilda Iturrizar parkeak hartuko du. Aire zabaleko agertoki handi hori propio jantziko dute jaialdiko hainbat ikuskizun hartzeko. Zirkurako karpa bi eta zabalik egongo diren beste lau agertoki kokatuko dituzte bertan. Gainerakoan, ohi bezala, Areatza inguruetara, Arriaga antzokiaren kanpoaldera zein Plaza Barrira zabalduko ditu hegoak Kalealdiak. Berritasun gisa, oraintsu estalkia jarri dioten Euskal Museoaren atrioak ere hartuko ditu ikuskizunak. Kalealdiaren beraren inaugurazioa ere bertan egingo dute, astelehenean.

Euskal Herriko sei ordezkarik egingo dituzte erakustaldiak Bilboko kaleetan. Amaia Elizaran, Ertza, Ganso & Cia, Hika Teatroa eta Oinkari dantza taldea, Miguel Llanes eta Zo-Zongo ariko dira, bakoitza bere estilo eta diziplina lantzen. Hain zuzen, dantza, zirkua, kaleko antzerkia eta clown-a eskainiko dituzte.

Besteak beste, Ertza konpainiak Meeting Point taularatuko du. Iazko Umore Azokan, Euskal Herriko ikuskizun onenaren saria eman zioten, eta, Arte Eszenikoen Max sarietan, kaleko ikuskizunik onena izan zen. Dantzarekiko pasioa nagusi da lan horretan. Break dance eta hip hop hizkuntzak tartekatzen ditu.

Zo-Zongo konpainiak izango du jaialdiari bukaera emateko ardura. Musika eta antzerkia uztartzen dituen Psycho-Clown ikuskizuna taularatuko du Areatzako kaian. Jokerren aginduetara dauden zortzi pailazo hiria aztoratzera iritsiko dira. Perkusioa du ardatz, bereziki, eta denetariko estilo eta erritmoak landuko dituzte.

Berrikuntza: instalazio bat

Ohiko formatuari heldu arren, jaialdiak berritasunen bat jaso du. Miguel Llanes margolari, sortzaile eta eskultoreak instalazio ikuskizun bat prestatu du Kalealdirako. Birziklatutako materialak erabiltzen ditu bere lanak ontzeko: plastikoa, kortxoa, zura, sokak eta baita han-hemenka aurkitzen dituen basoko loreak ere. Horiek guztiak jaso, eta erabilera berria ematen die, objektu berriak sortuta. Lanok astelehenetik ostiralera bitartean izango dira ikusgai, Casilda Iturrizar parkean, 17:00etatik aurrera.

Ikuskizun gehienak doakoak izango dira. Hiru euro ordaindu beharko dira Casilda Iturrizar parkeko karpetan eskainiko dituztenak ikusteko. Horrez gain, Euskal Museoak hartuko dituenetarako gonbidapena eskatu behar da jaialdiak Areatzan duen bulegoan.