Auzo ituna herritarren iritzirik gabe onartu izana salatu dute

Auzo ituna herritarren iritzirik gabe onartu izana salatu dute

Natalia Salazar Orbe

Bilbo hirigunearen auzoen arteko desberdintasuna hautsi eta batzuen eta besteen arteko oreka bermatzeko aldarrikapena aspaldikoa da. Munduari begira dagoen hiriaren ordez, herritarrei, bilbotarrei eurei begiratzen dien bizitoki gisa bermatzeko eskaera egin dute, behin baino gehiagotan, auzo elkarteek. Eskaeron aurrean, Auzoen Aldeko Ituna sinatu du udal gobernuak. EAJ eta PSE-EEren babesa besterik ez du izan. Oposizioak zein Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak salatu dute herritarren iritzia kontuan hartu gabe onartu dutela eta eduki aldetik hutsik dagoela; alegia, udalak ez duela jaso inongo konpromiso zehatzik.

Bilboko auzoen artean lurralde oreka integral bat lortzea. Itunaren helburua horixe dela adierazi dute sinatzaileek. Dozena bat helburu eta 34 neurri jaso dituen akordioaren bidez, udalak “jarraitu nahi du hiriaren oreka handitzen auzo guzti-guztietan. Beti ere, horien identitatea eta balioak mantenduz”.

Auzoen arteko oreka hori lortzeko kohesio hirukoitzaren beharra azpimarratu du agiriak: kohesio soziala, hiri kohesioa eta kohesio ekonomikoa, hain zuzen. Itunaren helburuetako batzuk dira hiri inklusibo baterako bidea egitea, denentzako irisgarritasuna lehentasun gisa sustatzea eta hurbileko ekipamendu sarea sustatzea.

Helburu horiek eta beste bederatziak lortzeko adostu dituzten neurriei dagokienez, ondokoak dira, besteak beste: udal talde tekniko bakarra sortzea irisgarritasun unibertsala planifikatzeko, eztabaidatzeko eta garatzeko ikuspegi fisiko, kognitibo eta komunikatibotik; auzoetan proiektu eta ekipamendu kulturalen garapenean laguntzea; edota enpresa ekintzailetzarako auzoek dituzten aukerak aztertu eta indartzea, aintzat hartuta bakoitzaren izaera eta aktiboak.

Erakundeen “makillajea”

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak kritikatu egin du ituna. Auzoen errealitatea eta beharrizanak hoberen ezagutzen dituztenak izanik, ezin uler dezakete euren iritzia kontuan hartu gabe eratu izana era horretako itun bat. Hala jakinarazi dute ohar bidez. Hala, ituna “erakundeen makillajea” besterik ez dela deritzote. Izan ere, udalak proposatutako neurriak gauzatzeko aurrekontu partidarik ez duela jaso ekarri dute gogora: “Udalak ez du ezertarako konpromisorik hartu”. Auzoetako aldarrikapen historikoak orokorrean jaso badituzte ere, zehaztu ere ez dituztela egin diote. Udalaren jarrera horri ez deritzote arrotz: “Guretzat, ez da kontu berria udalaren ateak itxita aurkitzea”. Herritarren parte hartzeko aukera hutsaren hurrengotzat jo dute.

Antzeko bidetik mintzatu dira oposizioko alderdiak ere. Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak agiria “orokorregia” dela dio: “Asmo onen zerrenda bat baino ez da”, eta “ez dute kontuan hartu auzoetan bizi direnen iritzia”. EAJk auzoekin “zor historikoa” duela deritzo.

Herritarrei “bizkar emanda” egindako agiritzat jo du ituna Udaberrik ere. Abiadura desberdinetan doazen bi Bilbo baino, noranzko desberdinetan doazen bi hiri ikusten ditu. Koalizioak uste du udalak ez badu entzun herritarrek esan nahi dutena dela ez zaiolako interesatzen auzoetan bizi den jendeak zer iritzi duen.

Goazen Bilboko bozeramaile Francisco Samir Lahdouk “lotsagabekeriatzat” jo du alkateak oposizioko alderdiak kritikatu izana ez dutelako ituna sinatu. Ituna “asmoen adierazpen hutsa” dela ondorioztatu du. Proposamenetako asko osoko bilkuretan oposizioak aurkeztu eta udal gobernuak atzera botatakoak izanik, orain bereak balira bezala aurkeztea kritikatu du.