“Protokoloari zehatz jarraitu nion, eta nire aurka etorri da”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Haurraren zaintza erabakiko duen epaiaren zain dagoela hartu du Jonek Bizkaiko Hitza —alabaren identitatea gordetzeko, asmatutako izenak erabiliko dira—. Bere alaba aitaren esku utz dezake sententziak. “Jada ez dut ezer espero”. 2017ko azaroan kaleratu zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak alabari sexu abusuak egiteagatik aitaren aurka jarritako salaketaren ebazpena: froga nahikorik ez zegoela argudiatuta, errugabetu egin zuten.

Absoluzioa jasota, zaintza partekatua eskatu du aitak, eta datozen asteetarako espero dute erabakia. Hiru urte igaro dira haurrak sexu abusuen berri eman zuenetik. “Alabak 6 urte ditu orain, eta, ulertzen ez duen arren, badaki zer gertatu den. Epaiak zaintza partekatuaren aldeko ebazpena kaleratzen badu, zer egin behar dut? Zer egin zion jakinda, nola utzi behar dut aitaren esku? Nola ematen zaio buelta egoera horri?”.

Zorrotz bete du dena, hasieratik. “Haurren kontrako sexu abusuen protokoloak ezartzen duen bideari jarraitu diot hasieratik, eta, hala ere, nire aurka etorri da epaia”. Urratsez urrats azaldu du dena, abiapuntutik: 2015eko udazkenera egin du jauzi lehenik, orduantxe izan baitzuen alabaren abusuen berri. “3 urte eta erdi zituen alabak. Autoan gindoazela azaldu zidan aitatxorekin haserre zegoela”. Zergatia galdetuta, aitarekin egiten zituen “jolasak” azaldu zizkion amari, “oso modu esplizituan”. Aitak egindako abusuak zehaztasunez eta argi azaldu zizkion. “Zeure buruak defentsa mekanismoak aktibatzen ditu, eta pentsatzen duzu: ‘Ezin da izan’. Baina, era berean, badakizu ezin dela beste ezer izan”. Ospitalera jo zuen, berehala.

Larrialdi zerbitzuetako pediatrak artatu zuen haurra, eta sexu abusuen protokoloaren berri eman zion segidan, prozesua martxan jar zedin. “Bi aukera eman zizkidaten: nik neuk Ertzaintzaren aurrean salaketa jartzea ala ospitaleak jartzea”. Ertzaintzan salaketa jarri, eta ospitalera jo zuen berriz. “Iristerako, han zen auzi medikua”. Beste azterketa bat egin zioten haurrari egun hartan.

Bide malkartsua

Geldialdia egin du Jonek kontakizunaren puntu horretara heltzean, eta gerora gertatu zenaren aurrerapena egin du. “Pediatraren eta auzi medikuaren azterketetan ni neu ere presente nengoen, gelako bazter batean. Inork ez zidan kontrakorik esan”. Bada, Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren sententziak balio gabe utzi zituen lehen egunean adituek egindako bi proba horiek, azterketak egin bitartean ama presente egon zela argudiatuta. “Alaba manipula nezakeelakoan edo”.

Salaketa jarrita, atxilotu eta urruntze agindua ezarri zioten aitari. “Bizkaiko Foru Aldundiko Zutitu zerbitzuarekin jarri ninduen harremanetan Ertzaintzak”. Hara jo zuen Jonek, berak eta alabak tratamendu psikologikoa jasotzeko. “Esan zidaten haurrak ezin zuela tratamendurik jaso deklaratu arte”. Hiru hilabete pasatu zituzten esperoan. “Bien bitartean, ezin genion haurrari ezer azaldu, gerora ez zezaten esan amak esandakoarekin kutsatuta zegoela haurra”. Hitzordua iristean, haurrari galdeketa egin eta adituak esan zuen ezin zela inolako ondoriorik atera, haurrak ez zuelako ezer esan. “Proba eginda, Zutitu zerbitzuko terapian hasi eta hilabete batzuk igaro zirenean, marrazki sexualizatuak egiten hasi zen alaba: terapietan egin zituen, eta baita ikastetxean ere”.

Aita eta bera azaltzen diren marrazkiak egin zituen haurrak, eta sexu abusuen ekintza argi azaltzen da marraztuta horietan. Hura ikusita, txosten bana egitea erabaki zuten aldundiaren Zutitu erakundeko terapeutak, batetik, eta ikastetxeak, bestetik. Froga guztiak aldeko izan arren, kasua artxibatu egin zuen Bilboko 5. Instrukzio Epaitegiak.

Dena alde eta dena aurka

Erabaki horrek ez zuen geldiarazi. Epaiarekin konforme ez, eta helegitea jarri zuen. “Normalean, jendea bidearen puntu honetan geratzen da, eta normala iruditzen zait: epaitegien prozesu hauek guztiz suntsigarriak dira, eta gerta liteke alaba galtzea ere”. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira epaitegietan sexu-abusu kasu gutxien duten lurraldeak: 3,3 kasu 100.000 adingabeko —gainontzeko lurraldeetan 12,1ean dago kopurua—.

Helegitea onartu, eta 2017ko udazkenean egin zen epaiketa, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Jonek azaldu duenez, haurraren kontrako abusuak epaitu baino gehiago, ama bera epaitu zuten. Bikotekideen arteko harremana ez zegoen bere onenean; eta, haurrak sexu abusuak azaldu zizkion egun berean, liskarra izan zuen bikoteak. Bada, egoera biak lotu zituen aita errugabetzat jo zuen sententziak: gurasoen arteko tirabira eta haurraren aitortza. Honela dio epaiak: “Imajina daitekeen eszena bat da: autoan doan ama bat, histerikoki, aitaren kontra zarataka, sukarra duen haur batekin […] zeinari, bat-batean, amak, dagoen egoeran, galdetzen dion zer den aitak egiten diona […]”.

Alabaren sexu erasoak frogatutzat ematen zituzten txosten guztiak ere balio gabe utzi zituen sententziak. Pediatrak eta auzi medikuak egindakoen inguruan, honela jasotzen du epaiak: “Ama aurrean dagoela egin dira, haurrak entzun ondoren amak aitari buruz esandako irain larriak eta garrasiak”. Jone: “Nik esaten zidatena egin nuen une oro”. Zutituko adituak egindako txostena eta ikastetxeak osatutakoa ere balio gabe utzi zituzten epaileek. Argudioak: haurraren terapietan ama ere egoten zela eta ikastetxeko irakaslea amaren familiaren ezaguna dela. Biak gezurtatu ditu Jonek. “Alabaren irakasle izendatu zutenean ezagutu nuen irakaslea, eta haurraren terapietan ni kanpoan egoten nintzen, zain”.

Ondorioa argia dela dio. “Haurraren azalpenetan eta dauden froga guztietan indar egin ordez, nigan jarri zuten arreta epaileek: nire jeloskortasunetan edota nik haurra manipulatzeko egin nezakeen ahalegin horretan. Halako kasuetan, amen kontrako kriminalizazioa izugarria da. Gure hitza da zalantzan jartzen duten lehena”. Aita errugabetzen duen epaia jasota, haurraren zaintza erabakiko duen ebazpenaren zain dago Jone.

Nazio Batuen Erakundera

“Salatzeko eta salatzeko esaten dute kanpainetan. Hori arduragabekeria hutsa da! Ez baitute azaltzen salaketa jartzen den une horretatik bertatik zure haurraren babesa ez dela berriz egongo zure esku. Inoiz gehiago ez. Ez dizute azaltzen adin nagusikoa den arte ezin izango duzula erabaki zure alaba nola babestu”. Ez du etsi, halere: “Nik haurrari sinistuko diot beti”. Eta indar horrekin egingo du aurrera. Nazio Batuen Erakundera joko du orain. “Ez nago konforme, eta NBEra eramango dut kasua”. Haurren kontrako sexu abusuen epaiketa eta sententzia gutxi daude. “Nireak jurisprudentzia sor dezake, eta hori da ezinbestean eragotzi nahi dudana”.