Otxarkoaga eraberritzeko plana, premia duten auzoetarako proba

Otxarkoaga eraberritzeko plana, premia duten auzoetarako proba

Aitziber Laskibar Lizarribar

Otxarkoagaren birgaitze integrala iragarri dute Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Hasiera batean bost eraikin zaharberrituko dituztela azaldu dute, baina askoz sakonagoa dela asmoa. Aurrera begira auzo osoari eta bertako bizilagunen bizi kalitateari eragingo dion eraldaketa dela aurkeztutakoa; Otxarkoaga auzo iraunkor-ekologiko bihurtzea dela helburua, eta elkarteen inplikazioarekin egin nahi duela hori. Bilboko auzorik degradatu eta txiroenetarikoan egingo dena plan “handinahi” gisa izendatu du Goyo Xurro Etxebizitza zinegotziak. Lau urtetan egikarituko da lehen fasea, eta 7,2 milioi euroko aurrekontua izango du egitasmoak; aurrera begira, biziberritzean sakontzea da asmoa. Plan berritzailea dela diote udalak eta Jaurlaritzak, eta proba izango dela. Aurrerantzean, antzeko proposamenak egin nahi dituzte zaharberritze eta berrantolaketa beharra duten beste auzo eta herri batzuetan. Hain zuzen, auzo “zaurgarri” horietan bizi dira herritarren %31.

Otxarkoagarako aurreikusitako ekintza zehatzei dagokienez, Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe kaleetako bost eraikin multzo zaharberritzen lagunduko dutela adierazi dute; horietan biltzen diren 240 etxebizitzak konpontzea da asmoa, eta konponketa horietan energia aurrezteko neurriak txertatzea. Irisgarritasunean ere jarri dute fokua: bai etxeetan eta bai espazio publikoan irisgarritasuna errazteko neurriak agindu dituzte.

Etxe horiek eraberritzeak 30.000 euro eskatuko ditu etxebizitzako. Eta dirutza horren ordainketa partekatzea proposatu dute instituzioek. Erdia Eusko Jaurlaritzak ordainduko luke, eta beste erdia, etxejabeek. Edozelan ere, bestelako diru laguntzak ere eskatu ahalko dituztela adierazi du Arantza Leturiondo Lurralde Antolaketarako sailburuordeak. Are, Europako diru laguntzak lortu nahian ere ari direla jakinarazi du.

Etxebizitzen zaharberritzearekin batera, auzoaren sozioekonomia biziberritzen ere lagunduko dutela iragarri dute sustatzaileek. Komertzioa berpizteko neurriak hartuko dituztela, eta enpleguari begirako formazioa emango zaiela auzokideei.

Horri lotuta, Txotena inguruan dagoen eta egun erabilera murritza duen merkataritza gunea “merkataritza gune eta gune soziokultural handi” bihurtuko dutela adierazi dute. Alfonso Gil Mugikortasunerako zinegotziak azaldu duenez, egungo denda multzoa hartzen duten bi eraikinak zaharberritu egingo dira, eta bien arteko tartea estali egingo da. Eremu horretarako, dendak eta “gune soziokulturala” hartuko dituen galeria bat iragarri du zinegotziak. Energia eraginkortasunaren izenean, eguzki plakak jarriko dira estalgune horren gainean.

Eraikinen zaharberritzea instituzioen eta jabe pribatuen artean ordaintzea da asmoa. Eta proiektuan herritarrek zein auzoko gizarte eragile eta elkarteek ere parte hartzea nahi dutela adierazi dute. Horretarako, bai lanek eragingo dien etxeetako jabeak bai prozesuan parte hartu nahi duten eragileak hartzeko, bulego bat sortuko da. Bertan, herritarren zalantza guztiak argitu eta diru laguntzen inguruko tramite guztiak bideratzea da asmoa; auzokideentzat “leihatila bakar” moduko bat sortzea, alde batetik bestera ibil ez daitezen. Bulego berean kokatuko litzateke hiria berrantolatzeari buruzko Otxar Urban Gela ikerketa gunea. Bulego hori BBK Fundazioak azken urteetan utzia duen Pau Casal kaleko eraikinean jartzea aurreikusi du udalak; hain zuzen, auzoa biziberritu eta errefuxiatuen babeserako gune gisa Kaiena ekimenak aukeratua zuen gunea.