Eta, bat-batean, dantza

Eta, bat-batean, dantza

Natalia Salazar Orbe

Hiria bera agertoki. Espazio adeitsuak. Naturaz jantzitako eremuak. Arteak konkistatu dituen lekuak. Taula gain horretan, tapizik edo oihalik ez. Aire zabalak markatutako agertokia besterik ez. Artista, ikus-entzuleen pare. Gertu. Aurrez aurre. Dantza, oinezkoaren gozamenerako. Horixe eskainiko du Lekuz Leku jaialdiak, gaur eta bihar, Bilbon. Hala azaldu du Luque Taguak, jaialdia antolatzen duen Fundicion aretoko koordinatzaileak: “Ikus-entzuleak harritu nahi ditugu, eta, aldi berean, hiriko paisaia, kalea, paseoa, erreka, ingurunea eta gorputzaren hauskortasuna uztartu”.

Formatua bitxia da. Ikuskizun baten bila areto batera propio doan publikoaren egoeraren guztiz bestelakoa proposatzen du jaialdiak. “Berez paseatzen ari den publikoa aurkituko dute dantzak eta dantzariek. Artistek jakin badakite ikus-entzuleak ez direla atera dantza ikusteko asmoz. Beraz, haiek maitemintzeko moduren bat aurkitu behar dute”. Eginbehar horretan ariko dira bi egunez Abandoibarrako inguruak hartuko dituzten dantzariak.

Era horretako ikuskizunetara ohituta daudenekin zein ez daudenekin egingo dute topo artistek. Beraz, erakargarri gertatzeko moduko formatuak bilatu behar dituzte: “Oso irakurketa erraza duen dantza mota gerturatu nahi diogu publikoari. Oso lengoaia ezberdineko lanak dira, hip-hopetik gertukoak edota tradizioei lotutakoak eta estilo neoklasikoagoak”. Azken helburua da “oso abaniko zabala sortzea jendeari ulertarazteko dantzan kolore eta xehetasun ugari daudela”.

Eta halako egitaraua osatu dute hamahiru dantza ikuskizun taularatuko dituzten beste horrenbeste artista eta konpainiak. Taguak ez du Bilbon izango diren ikuskizun edo estiloetatik bat ere nabarmendu nahi izan. Osotasuna izan du mintzagai. “Festa eta dibertimendu kontzeptuak nabarmendu nahi ditugu, eta ikus-entzuleekiko topaketa, eraikitzen ari den hiri zoragarri honetan”.

Hala ere, hitz egin du Bilboko oinezkoek kalean aurkituko dituzten eskaintzei buruz. “Dantza integratua izango dugu bihar. Artistetako bat gurpil aulkian dago. Beste gorputz mota batzuk eta dantza ulertzeko moduak aurkituko ditugu”. Damian Muñozek hip-hop estiloa eramango du, eta flamenko eskaintza ere izango da. Bi egunetako ikuskizun askotarikoen adibide batzuk besterik ez dira. “Zirkua eta dantza uztartzen dituen Japoniako konpainia bat dugu. Bakarlari lan oso ikusgarria da”.

Eta Euskal Herriko dantzariak ere gonbidatu dituzte. “Izan ere, Lekuz Lekuk Euskal Herriko artista guztiak ekarri nahi ditu, apurka”. Donostiako Lasala konpainia izango da aurtengo ordezkarietako bat. “Estilo eta egiteko modu askotarikoak dira”.

Dantza garaikidearen lengoaia plural horiek ahalik eta ikus-entzule gehienengana helarazten saiatuko da jaialdia, koreografia lanak hiri inguruetara eramanda. Pieza laburrak aurkeztuko dituzte, hirigunean, gune irekietan, espazio bitxietan eta ohiz kanpokoetan.

Puxika baten atzetik

Dantzaren bidez, plazari, igarobideei eta inguruan aurkitzen dituen eremu guztiei modu desberdinean begiratzen ikasteko modua eskainiko dio jaialdiak oinezkoari. Artea aurkituko dute bidean, eta hark erakarrita egingo dituzte geldialdiak.

Ikusleek ez dute ikuskizunik galtzeko beldurrik izan behar. Dena dago pentsatuta. Antolakuntzako pertsona batek bi metroko diametroa duen puxika bat eramango du, ikuskizun batetik bestera. Hala, herritar eta bisitariek argi ikusiko dute non hasiko den hurrengo saioa.

Ikasturte bukaerako festa gisa deskribatu du Taguak jaialdia: dantzaren profesioan jarduten diren guztiak elkartzeko saioa. Eta ikus-entzuleek eskertzen dute. “Jendeak opari gisa hartzen du, festa baten moduan. Oso harreman estua sortzen da. Emanaldi txinpartatsuak dira, maiteminarazteko modukoak. Formatu adeitsua daukate, eta kalea berreskuratzeko modua ere bada”.