Esnatzeko garaia

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ez omen da ikusi nahi ez duena baino pertsona itsuagorik, baina ikusi nahi ez izateak ez du errealitatea desagerrarazten: biztanleen %20 inguruk sexu abusuak jasaten dituzte haurtzaroan. Bost pertsonatik batek sexu indarkeriako kasuren bat jasan du haurtzaroan, Europako Kontseiluak 2010ean osatutako ikerketa baten arabera. 13 urtetik beherako umeen artean, lau neskatotik batek eta zazpi mutiletik batek jasan du halako eraso bat. Bizkaia ez da salbuespen bat: adituek %23,3an kokatzen dute zifra. Isilpean gordetzen den errealitatea da, ordea. “Haurren kontrako abusuen %2 bakarrik azaleratzen da abusuak gertatzen ari diren bitartean”. Hala baieztatu du Aitziber Bañuelos Eraikiz kolektiboko kideak. Argiago: “Hamar erasotik bederatzi ezkutuan geratzen dira”. Geldialdia egin du berehala. “Erasoen %2 eta %10 artean soilik ezagutzen baldin badira, zer gertatzen da gainontzeko %90 horiekin?”. Begietako loturak kentzeko ordua dela dio Bañuelosek. “Gaiari heldu behar diogu”. Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez lelopean, manifestaziora deitu du Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez plataformak iganderako. Algortan egingo dute protesta, eta 13:00etan abiatuko da, Telletxe plazatik.

Tabua da, eta icebergaren puntaren punta besterik ez da jakiten. “Ez dago gaiari buruzko datu zehatzik, ezta ikerketarik ere”. Euskal Herriko lurraldeen eta Bizkaiko errealitatearen azterketa zehatzak falta dira, eta ezjakintasun hori bihurtzen da haurren kontrako abusuen arazoari heltzeko oztopo nagusietako bat, Bañuelosen arabera. “Epaitegietan salatu direnak edo zerbitzu sozialetan jakinarazi direnak besterik ez da zenbatzen gaur egun. Datu horiek aintzat hartzea beharrezkoa den arren, errealitatearen argazki txiki bat besterik ez dute erakusten, eta ezinezkoa da horietatik abiatuta irakurketa orokorra egitea”. Kontua da oso kasu gutxi salatzen direla gaur egun: %2 eta %10 bitartean jartzen dute langa adituek. Ikusi nahi ez duten begiek txostena argitaratu zuen iaz Save The Children elkarteak, haurtzaroko sexu abusuei buruzko hainbat argibiderekin, eta, emandako azken datuen arabera, epaitegietara iristen diren haurren kontrako sexu abusuen %90 ez dira ahozko epaiketara iristen, aldez aurretik artxibatzen baitira auzi gehienak.

Laburrean: kasu guztien %2 eta %10 bitartean salatzen dira epaitegietan, eta horietatik %90 prozesua bukatu aurretik artxibatzen dira. Bada beste datu argigarri bat: kasuen %2 soilik ezagutzen dira abusua gertatzen ari den bitartean. Hau da, %42-%75 inguruk helduaroan azaltzen dute gertatutakoa, eta erasoak jasan dituzten %28-%60 inguruk ez dute inoiz kontatzen. Eraikiz kolektiboko kideak argi du administrazio publikoak neurriak hartu behar dituela. “Auzia lehen planora ekarri behar da, eta, horretarako, beharrezkoa da tokian tokiko ikerketak areagotzea. Formula sinplea da: borondate politikoa eta baliabideak besterik ez da jarri behar”.

Felix Lopez sexualitatean katedradunak 1990eko hamarkadan egindako ikerketa da orain arte egin den sakonenetako bat. Kanadako, AEBetako eta Europako herrialdeetan 17 urtetik beherako nesken %23-%25ek eta mutilen %10-%15ek sexu gehiegikeriak jasan dituztela ondorioztatu zuen.

ERROAK

“Sistema patriarkala eta kapitalismoa”. Elkarri lotuta dauden bi ardatz marraztu ditu Bañuelosek; eta azpimarratu du haurren kontrako sexu abusuak testuinguru orokorrago batean kokatu behar direla. “Arazoa estrukturala da. Sistema patriarkala da haurtzaroko sexu erasoak laguntzen dituen faktoreetako bat. Genero sistemak bereiztearekin batera, gizartea mailakatzen du: goian gizonak daude, ondoren datoz emakumeak, eta beherengo mailan adingabeak daude”. Azken maila horretan kokatu ditu mendekotasunak dituzten herritarrak ere.

Zuzenean jaurti du datua: “Haurren kontrako sexu abusuen %90 gizonek egiten dituzte. Horrekin ez dut esan nahi %10 hori ahazten dugunik. Baina %90 horrek erakusten digu erroko arazo bat dugula”. Berehala jo du errora: “Indarkeria sexuala botere auzi bat da, praktika sexualen bidez egiten den botere erakustaldia. Bada, gizarte honetan nork du boterea?”. Esan gabe doa erantzuna. “Emakumeak edozein ziklotan gara bortizkeriaren biktima”.

FAMILIA, GOTORLEKU NAGUSI

Sendia da sistema patriarkalaren oinarrietako bat. Eta hori da, hain zuzen, haurtzaroko sexu abusuen sehaska nagusia. Hala baieztatzen dute ikerlanek: adingabeen kontrako indarkeria kasuen %65- %85ean, erasotzailea eta biktima familia berekoak ala inguru hurbilekoak dira. Familiartekoa izate horrek eragiten du, besteak beste, arazoa isilpean gordetzea. “Familia espazio pribatu gorena da gure gizartean, eta, halako kasuen aurrean, familiak espazio pribatu eta intimoa izateari utzi eta espazio publiko eta ikuskatua izateko beldurra egoten da”.

Beste alde batera begiratzen da horregatik. “Denok gara familia baten parte, eta, beste etxe batzuetan halakoak gertatzen direla ikustean, sentitzen dugu gurean ere gerta daitekeela halako zerbait. Horren aurrean, nahiago dugu errealitate hori ukatu eta ez ikusiarena egin”. Bañuelosek argi du babeserako eremua dela familia, baina baita bortizkeria esparru ere. “Beste kontu bat da biolentzia mota hori zein eratan azaleratzen den”.

Uste okerrak eraistearen beharraz ere aritu da, eta tartean aipatu ditu erasotzaile eta biktimekiko egiten diren soslai faltsuak. Uste guztien kontra, ez dago eredu komunik. “Maila sozioekonomiko guztietan gertatzen da. Ideologia, sinesmen eta erlijio sistema guztietan eta jatorri guztietako pertsonengan”. William E. Prendegast estatubatuarrak 30 urte eman zituen haurtzaroko sexu abusuak ikertzen, eta erasotzaileen profilaz, hala zioen: “Nire jardun pribatuan eta instituzionalean ezagutu nituen erasotzaile gehienak pertsona atseginak izan ziren: adeitsuak, prestuak, jarrera onekoak eta oso langileak. Atsegin emateko eta onartuak izateko eginahalak egiten dituzte”.

USTE OKERRAK

“Abusatzen duenak erasoa prestatu egiten du, argi eta garbi. Haur adingabeak gainbegiratuta egon ohi dira, beti dute adinekoren bat inguruan. Hortaz, haurrarekin egoteko aukera izan behar du erasotzaileak, eta haren konfiantza irabazi”. Gizartean zabalduta dagoen usteetako bat iraultzen du horrek: haurrei ezezagunekin kontuz ibiltzeko aholkatzen zaien bitartean, etxe barruan dago arazo nagusia. “Gizarteak haurren kontrako abusuen inguruan duen irudia ez da batere errealista; oro har, ez dugu arazoa badenik jakiten, eta jakiten ez dena ez da ikusten”.

Sendia da haurtzaroaren abusuen gotorleku nagusia, eta kasu gehienetan ez dago indarkeria eta mehatxu zantzurik. “Biktimaren eta erasotzailearen artean harreman afektiboa egon ohi da, eta erasotzaileak ez du indarkeriarik erabili behar erasorako. Sedukzio bidez lortzen du nahi duen hori”. Arazo bikoitza dakar egoera horrek: erasoa jasan duenak abusua ez identifikatzea, batetik; eta, ohartzean, baimentzeagatik lotsa eta errua sentitzea, bestetik.

ERRUDUNTASUNA

Gerta liteke erasoa jasan duenak abusua ez identifikatzea edo “saritua” sentitzea: fisikoki gustatu egiten zaiolako edo emozionalki “gogokoena” izatearen balioa jasotzen duelako. Bada, sedukzio hori erabilita, errua “partekatzen” du erasotzaileak. “Hortik ateratzea oso zaila da. Gertatu denaz ohartzen denean berak ere erasoa onartu duela sentitzen duelako biktimak: konplize eta egile sentitzen da. Beldurra, lotsa eta kulpa sentitzen ditu”. Galdera jaurti du jarraian. “Nola aurre egin estigma horiei guztiei?”.

Adingabe baten azaletik hitz egiten saiatu da. “Pentsa zer sentituko duen: ‘Nola parte hartu dut nik honetan? Nola onartu dut?’. Berez maite eta estimatzen duzun hori edo zugan eragin nabarmena duen pertsona hori bera ari da zu mintzen”. Emakumeen kontrako indarkeriaren kasuekin lotu du erruduntasun sentimendua. “Haur batentzat oso bortitza da prozesua, familia edo inguru hurbila delako bere mundua eta, gaztea baldin bada, normaltzat jotzen duelako erasoa. Nola azalduko du haur batek zer gertatzen ari den ez badu gauza negatibo edo txar gisa ikusten? Are gehiago, erasotzen diona ezaguna bada eta egiten baldin badu maitasunez, seduzituz eta xantaia erabiliz, nola egingo dio aurre?”. Familia apurtzeko beldurrak ere isiltasuna gordetzera eramaten ditu kideak maiz.

Aztarna fisikoen gabeziak are gehiago zailtzen du erasoaren identifikazioa. “Ebidentzia ala froga fisikoak baldin badaude, errazagoa da identifikatu eta salaketa jartzea, eta, gainera, kondena bat egotea. Baina sexu abusua egiten duenak badaki hori. Uste dugunaren kontra, errealitatearen pertzepzioa dute erasotzaileek, eta badakite zertan dabiltzan. Beste kontu bat da minarekiko duten kontzientzia nolakoa den, baina badakite gizarteak ez duela ontzat hartzen egiten ari direna”.

HAURTZAROAZ

Haurrek zerbait azaltzen dutenean sinesten ote zaien galdetu du Eraikiz kolektiboko kideak, eta gizartean hedatutako baieztapen bat bota du jarraian, adibide gisa: “Haurren kontuak dira”. “Zenbat aldiz esan dugu esaldi hori?”. Sarritan errepikatzen da umeek irudimen handia dutela eta gezurrak asmatzen dituztela. “Sinisten diegu? Zerbait kontatzen dutenean, entzuten diegu?”.

Gizarteak haurtzaroari ematen dion balioaz jardun du, eta helduarora iristeko igaroaldi soil baten gisan ulertzen dela dio. “Haurrak helduen bizi proiektuaren parte dira; helduen behar bat betetzeko objektuak. Denak izan gara haurrak, baina ez da ulertzen pertsonen edo gure bizitzako nahitaezko prozesu gisa”. Ondorioa: “Ez dira eskubide osoko pertsonak”. Jasaten duten mina gutxiesteaz gain, beraien esana zalantzan jartzen da. “Haurren eskubideez eta babesaz hitz egiten dugun arren, ez dira subjektu eskubidedunak. Objektu gisa hartzen ditugu, eta hori da eraldatu behar dena”.

JUSTIZIA

Haurren kontrako sexu abusuen kasuan, arazoaren parte dira auzitegiak, eta ez aterabide. “Biktimak zaintzetik urrun, delituan eta erasoan jartzen da fokua erruduntasuna frogatzeko. Baina nola frogatu lekukorik gabe egin den abusua?”. Eraikiz kolektiboko kidearen hitzetan, ez du ez hanka ez buru. “Salaketa sostengatuko duten datuak biltzea omen da gakoa, baina normalean halakoetan ez da ebidentzia fisikorik egoten. Bada, zer egin behar da?”. Erreparatu baino, biktima gehiago zigortzen du. “Bada ordua lege bat osatzeko haurtzaroaren kontrako indarkeria desager dadin”.

Hain zuzen, justizia sistemaren hutsune horretan egiten du indar Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez plataformak. “Haurra babesgabe utzi eta ama epaitzera pasa ohi da justizia sistema. Adituen txosten argiak izan arren, aintzar hartu ez, eta dauden epaiketa gutxietan absoluzioak dira nagusi”.

NEURRIAK

“Gizartearen kontzientziazioan eta adituen formakuntzan lan egin behar da. Ikastetxeetan heziketa afektibo sexuala landu behar da. Eta, oro har, indarkeria nola desagerrarazi pentsatu behar dugu, mila adarretan arreta jarri ordez. Bullying-a, emakumeen kontrako indarkeria… hamaika programa ditugu, hamaika indarkeria motaren aurrean prebentzioa lantzeko. Baina harremana dago guztien artean. Hori guztia landu egin behar da, eta tresnak eman behar zaizkie ikastetxeei”.

Utzikeria sumatzen du, ordea, Bañuelosek. “Borondate politikoa balego, baliabide gehiago jarriko lirateke honi guztiari aurre egiten hasteko”. Badaki eremu politikotik harago doan auzia dela. “Baina egiten den edozer gauza asko da”.