Autoei lehentasuna kenduko dien ituna onartu dute Bilbon

Autoei lehentasuna kenduko dien ituna onartu dute Bilbon

Aitziber Laskibar Lizarribar

Mugitzeko beste modu bati begira jarria dago Bilbo. Hiri “atseginagoa” nahi du; lasaiagoa, osasuntsuagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa; pertsonen ongizatea erdigunean izango duena. Beste urrats bat egin du bide horretan: Mugikortasun Jasangarriaren Aldeko Ituna sinatu berri du. Udal talde guztiek aho batez babestu dute eredu berri bati begirako irizpideak jasotzen dituen hitzarmena. Argiak dira oinarriak: autoen erabilera nabarmen murriztea, oinezkoei zein bizikletazaleei bide egitea, garraio publikoa hobetzea eta ibilgailu ekologikoak sustatzea. “Mugikortasunaren garai berria” bultzatzeko konpromisoa hartu dute talde guztiek, eta “mugikortasunaren testuinguru berriaren” alderik agerikoena nabarmendu du Juan Mari Aburto alkateak: “Autoak ez du lehentasuna izango”. Etorriko diren aldaketek “bizikidetzarako eta gozamenerako aukera zabala” irekiko dutela adierazi du.

Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren Plana indartzen du udal talde guztien akordioak. 2030. urtera arteko plan horrek zenbait neurri zehatzen ditu, eta berehala iritsiko da lehena: hil honetako azken egunean jarriko da martxan orduko 30 kilometroko abiadura muga. Hiriburuko kale gehienetan murriztuko da autoen abiadura, eta horrek bizikleten erabilera erraztuko du, besteak beste.

Datorren urtean etorriko da bigarren neurria, herritarrengan eragin handia izango duena. Zenbait kale oinezkoentzako bihurtuko dira. Plaza Eliptikoan egingo den proba da deigarriena: oinezkoentzat, bizikletentzat eta autobusentzat gordeko da biribilgunea, eta egun plaza inguratzen duten milaka autoek debekatua izango dute sarrera. Kontuan hartu behar da Bilborako sarrera handietako baten helmuga dela, egun, Plaza Eliptikoa. Herrietatik egunero hiriburura doan auto kopurua mugatu nahi du horrela udalak. Hori errealitate bihur dadin, garraio publikoa hobetzeko asmoa iragarri du.

Hiru urteko lana

Udalak hiru urte daramatza udal taldeekin zein beste eragile batzuekin mugikortasun eredua aldatuko duen plangintza lantzen. Azterketak eginak ditu, eta gauzagarri ikusten ditu zenbait neurri. Gaur egun, 435.000 lekualdatze egiten dira egunean hiriburuan, eta hamabi urtean 51.000ra murrizteko helburua jarria du.

Horrela, Bilbon duela sei urte isurtzen ziren 191.000 CO2 tonak erdira murriztuko liratekeela azaldu du Alfonso Gil Mugikortasunerako zinegotziak. Urtean kutsaduragatik ehun pertsona hiltzen direla ere ohartarazi du, eta heriotza horiek 40ra murriztuko liratekeela. “Eta Greenpeacerekin hartu genuen konpromisoa beteko dugu”, gaineratu du. “Gure herritarren osasuna hobetzea nahi dugu”.

Autoak gutxitzearekin batera, horiek ekologikoak izan daitezen bultzatuko du udalak. 2030ean bost autotik bat eko izango dela adierazi du. Egun, 148.625 beribil daude Bilbon, eta horietatik 100 soilik dira gutxi kutsatzen dutenak. Auto ekologikoak sustatzeko, zerga onurak izango dituzte horien jabeek, eta beherapenak TAOn. Bestetik, hemendik aurrera udalak erosten dituen autobus guztiak hibridoak izango dira, gutxienez.

Edozelan ere, auto ekologikoak sustatu baino gehiago, ohiko lekualdatzeak oinez zein bizikletaz egin daitezela nahi du udalak. Bizikleta sustatzeko aparkalekuak zein bideak areagotuko direla agindu dute agintariek. Bizikletentzako 49 kilometro bide daude egun, eta 94 izateko helburua hartu du udalak. Horren ondorioz, erabilera laukoiztu nahi du; egunero, 25.000 herritarrek erabiltzea bizikleta.

Mugikortasunerako plan eta itun berrien jarraipena egiteko foro bat sortzeko premian ere bat etorri dira udal talde guztiak.