Nola eutsi zahartzen ari den lurraldeari

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gezi baten itxura hartzen ari da Bizkaiko biztanleriaren piramidea. Gauza jakina da: gero eta zaharragoa da lurraldeko biztanleria, eta gero eta haur gutxiago jaiotzen da. Joera horrek zuzenean eragingo du bizkaitarren bizitzeko eran, eta etorkizunari kezkaz begiratzen diote askok horregatik. Pentsiodunek, adibidez, eztabaidaren erdigunean jarri dute aurreikusitako demografia joerarekin pentsio sistemari nola eutsiko zaion. Hala, egoeraren azterketa egin eta aurrera begira jarri da Deusto BBK Behatokia, Bizkaiko populazioaren zahartzea: diagnostikoa eta inpaktuak txostenean.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak, INE Espainiako Estatistika Institutuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak azken urteetan argitaratutako datuak bildu eta etorkizuneko egoerei aurrea hartzeko proposamenak bildu dituzte txostenean. Gaur egungo ongizate sistemaren “eskemak” aldatu beharko direla uste du Guillermo Dorronsoro Deustuko Unibertsitateko Ekonomia fakultateko dekano eta txostenaren koordinatzaileak. “Populazioaren adina nola kudeatu lehentasunezko gaia izango da datozen hamarkadetan”. Eta Dorronsorok argi dio: “Hobe dugu etxeko lanak aurreratzen hastea”.

“Datozen bi hamarkadetan baby boom-eko belaunaldia erretiratzeko adinera iritsiko da, eta hori da izango dugun erronka nagusia”. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan jaiotakoek osatzen dute baby boom deitu zitzaion garaiko belaunaldia, eta oso zabala da. “Erretiratuko direnen kopurua ez dute konpentsatuko lan merkatuan sartuko direnek”. Egoera irudikatzeko, hamar urte barru Bizkaian izango den errealitatea marraztu du Dorronsorok. “2030ean 60 urte izango duen populazio kopuruak bikoiztu egingo du urte berean jaiotakoena”. Hala baieztatu du Eustatek kaleratu dituen datuetan. Biztanleriaren proiekzioari buruzko lana argitaratu zuen iaz Estatistika Institutuak, eta, egindako kalkuluen arabera, 2030ean 90.517 bizkaitar egongo dira 55 eta 59 adineko langan, eta 38.704, berriz, 0 eta 4 urte bitartean. Erdia baino dezente gutxiago.

Gauza jakina da: gero eta adineko gehiago eta gero eta haur gutxiago ditu Bizkaiak. Europako Batasuneko herrialdeekin alderatuta, atzetik dago nabarmen, jaiotza tasari dagokionez. Europako batez besteko jaiotza tasa ‰10 da, eta bi puntu gutxiago biltzen du Bizkaiak: 2016an, ‰8koa zen jaiotza tasa. 1.000 biztanleko zortzi haur jaio ziren lurraldean; 9.151 haur, alegia.

Azken lau hamarkadetako datuei erreparatuz gero, nabarmena da jauzia: 1975. urtean, 22.076 haur jaio ziren; 1980an, 16.569; eta 2006an, berriz, 10.087. Beheranzko joerarekin jarraituko du datozen urteetan ere: egindako kalkuluen arabera, 7.709 haur jaioko dira 2031n.

Pentsiodun gehiago

Lurraldeko populazioaren ezaugarritzea goitik behera aldatuko du horrek: haur gutxiago jaioko da datozen urteetan, eta urte gehiagoz biziko dira bizkaitarrak. Hortaz, haur eta helduak murriztu egingo dira, eta adinekoak, aldiz, ugaritu. Adin tarteen arabera aztertuz gero, argia da argazkia: Eustatek egindako kalkuluen arabera, aurten, 50 eta 54 urte bitarteko 91.000 biztanle baldin badaude lurraldean, 87.000 egongo dira 2031n; eta 57.400, berriz, 2051n.

Bada, adinean gora egin ahala, behera ez baizik gora egingo du biztanleen kopuruak: gaur egun 70 eta 74 urte bitarteko 59.200 lagun baldin badaude Bizkaian, 74.800 izango dira 2031n, eta 79.500era igoko da kopuru hori 2051n. 100 urtetik gorako herritarren kopuruaren kalkuluetan sumatzen da joera argien: gaur egun, 400 bizkaitar inguru dira 100 urtetik gorakoak, eta 4.500 izango dira 2051n, Euskal Estatistika Institutuaren arabera.

Lurraldean eragina izango du demografiaren joerak. Hiru ardatz nagusi aipatu ditu Dorronsorok: ekonomia, pentsioak eta osasuna. “Aztertu ditugun datuen arabera, erretiroa hartzen zuen pertsona bakoitzeko, 3,65 pertsona zeuden lan egiteko adinean 2000. urtean. Bada, 2030ean, 1,92ra jaitsiko da kopuru hori”. Hiru hamarkadatan erdira jaitsi da kopurua. “Gauzak horrela, bikoitza kotizatu beharko genuke gaur egungo pentsio sistemari eta sistema publikoari eutsi nahiko bagenio”. Eta hori da, hain zuzen, Dorronsororen hitzetan, falta dena. “Gaiari heldu behar diogu, edo herritarrak kontzientziatu”.

Etorkizun hurbilean, aldaketak nabarituko dituzte bizkaitarrek. “Gero eta jende gehiagok hartuko du erretiroa, eta diru gehiago beharko da pentsioetarako. Era berean, bizi itxaropena luzatu ahala, dagoen dirua denbora gehiagoz iraunarazi beharko da”. Txostenean bildu dituzten datuen arabera, orain arteko joerari eutsiz gero, lurraldeko herritarren pentsioak ordaintzeko gaur egun baino 1.000 milioi euro gehiago beharko dira 2030ean. “2005ean, Bizkaiko pentsioetan 2.000 milioi euro inguru banatzen zen. Gaur egun, 3.500 milioi euro inbertitzen da; eta, 2030ean, 4.500 milioira iritsiko da kopuru hori”.

Deustuko Ekonomia fakultateko dekanoak geldialdia egin du datu horiek aipatzean, hori baita korapilo nagusietako bat. Beharko den diruaren eta egongo denaren arteko oreka mantentzea ezinezkoa dela dio: “Errealitatea zein den eta zein izango den jakitea oinarrizkoa da. Aurrea hartu behar diogu”.

Kalkuluak egiten hasi da berehala. “Bizkaiko zerga bilketan 7.000 milioi euro jasotzen baldin badira eta pentsioek 1.000 milioi euro gehiago eskatzen badute… atera kontuak. Zerga guztiak %15 igo beharko lirateke horri aurre egiteko”. Gastuen zerrendarekin jarraitu du Dorronsorok. “Horri gehitu behar zaio osasun arloan eragingo diren gastuak”.

Deusto BBK Behatokiak kaleratutako datuen arabera, zenbat eta urte gehiago, orduan eta gastu gehiago sortzen dute herritarrek osasunean. “Gizartea gero eta zaharragoa da. Ondorioz, Jaurlaritzak gero eta diru gehiago bideratu behar izan du sektorera. 2016an, aurrekontuen %31,48 bideratu zuen Jaurlaritzak osasun arlora, eta, 2017an, %32,28″.

Bizkaian azken hogei urteetan gastu sozialean egon den joera ere argitaratu du Deusto BBK Behatokiak lurraldeko demografia datuekin batera, eta Dorronsoren hipotesia baieztatu besterik ez dute egiten datuek. “Hogei urtean, barne produktu gordinaren %1,5 izatetik 2016an %3,6 izatera pasatu da”. Dirutan, honako hauek dira datuak: 296 milioi eurokoa zen lehen, eta, egun, 1.264 milioikoa da bizkaitarren gastu publikoa. “Zazpi urtean mila miloi euroko igoera izan du gastu sozialak”. Eta galdera bota du: “Nola eutsiko diogu datorrenari?”.

Pentsioei ezin eutsi

Argi dio: datozen hamarkadetan erosteko ahalmena galduko dute erretiratutakoek. “Presio soziala oso handia izango da, adinekoen kopurua eta beraien esku egongo den botoen ehunekoa oso handia izango delako. Baina kontuek ez dute emango. Ezin izango da, ez badute gai horietara bideratzen diru sarrera gehiena”. Erretiratzeko adina atzeratuko dela uste du Deustuko Unibertsitateko kideak. “Legez hala agintzen ez badute ere norbanako askok lanean jarraituko dute, pentsioarekin jasotzen dutena baino diru sarrera handiagoak izateko. Ezin dugu pentsatu datozen belaunaldiek gaur egungo erretiratuen maila izango dutela. Hori burutik kendu behar dugu”. Kontzientzia hartu behar dute herritarrek.

Enpresek ere egokitu beharko dutela dio. “Adina kudeatu beharko dute. Orain arte gazteei begira aritu dira hainbat lanpostu betetzeko, eta, etorkizunean, adinaren auzia oso presente izan beharko dute: gazteek baino gehiago, pertsona helduagoek egin ditzaketen lanak sortu beharko dituzte”. Kontziliaziorako neurriak ere izan ditu berbagai Dorronsorok. “Jaiotza tasa oso baxua da Bizkaian. Egoera irauli nahi bada, kontziliaziorako neurrietan ere pentsatzen hasi beharko gara”.

Behin eta berriz errepikatu du argitaratu dituzten datuekin ez dutela inor beldurtu nahi. “Baikortasunetik heldu nahi diogu gaiari, inolako alarmismorik piztu gabe. Alde horretatik, aldaketen beharra azpimarratzen dugu txostenean: lana nola banatzen dugun edo pentsioak nola banatzen ditugun berriz pentsatu eta sistema berregituratu behar dugu. Bizkaitarrek hori egin beharko lukete: prestatzen hasi. Ezin dugu ardura guztia administrazio publikoarengan utzi”.

Gero eta kezka gehiago sortzen du biztanleriaren eboluzioak ongizate sisteman eragingo duen arrakalak. Aurreikuspenak neurrietan bihurtzeko garaia dela azpimarratu du Dorronsorok horregatik. Bien bitartean, azken hilabeteetako astelehenetan egin bezala, Bilboko udaletxearen aurrean elkartu dira Bizkaiko pentsiodunak, “bizitza duinaren alde”.