“Nabaritzen da ‘Asunek’ disko zintzoa eta gardena dela”

“Nabaritzen da ‘Asunek’ disko zintzoa eta gardena dela”

Ane Maruri Aransolo

Sendatzera datozen bazterreko melodiekin dator oraingoan Josu Bergara (Ea, 1979). Disko bakoitza bakarra eta berezia den moduan, kantautore gisa barik, banda moduan dator oraingoan eatarra. Asunek diskoan kantautore abestiak “beste plano batera” eraman dituztela aitortu du musikariak.

Zer aurki dezakete entzuleek Asunek diskoan? Zein izan da zure asmoa?

Kantautorearen lana bandarekin jotzea da bosgarren diskoko planteamendua. Hala ere, ez dut egin helburu zehatz bati jarraitzen dion gauzarik. Artistikoki interesgarriak egiten zaizkidan gauzak egin ditut, horrela, abestietan, pentsatzen dudana transmititzea lortzen dut eta. Disko honetan nire bizipenak landu ditut kantuetan, jendearengana zabaltzeko asmoagaz. Bizitzaren alde positiboenak azpimarratzen dituzten kantuak egin ditut.

Zerk bereizten du disko hau lehenagoko beste lauetatik?

Neurri batean, Kanta txikien indarra aurreko diskoaren jarraipen artistikoa dela esango nuke. Bestalde, bandarekin elkarlanean egindako diskoa da, nahiko freskoa; zuzeneko diskoa dela uste dut. Ez da kantautorearen musika bakarrik lantzen; kantautorearena da, baina bandara eramandakoa. Jende askok esan dit bakarlariaren estetika gehiago espero zuela, eta beste era bateko estetika aurkitu duela. Ez da erritmo askokoa, baina ohikoa ez zen maila batera eraman dugu. Aldaketa pozik hartu dutela esan didate.

Zeri buruzko gaiak lantzen ditu Asunek diskoak?

Nahiko gai ugariak lantzen ditu disko honek. Alde batetik, nire bizitzan oinarritutako abestiak daude, alabari eskainitako kantua esaterako. Nire deskonexio digitalari buruzko beste bat ere badago. Hala ere, badaude transbertsalagoak diren beste abesti batzuk. Astelehen arruntak kantak, esaterako, bizitzako ikuspegi ezberdinei buruz hitz egiten du; egun guztiak izan daitezkeelako astelehenak, eta norberaren esku dagoelako hori aldatzea. Badaude, gainera, politikoagoak edo sozialagoak diren beste abesti batzuk. Txoria dator esatera abestia, adibidez, Mikel Etxaburu ondarroarraren poema bat da, eta nire lagun Alfredo Remirezi dedikatu diot; kartzelan dago txio batzuk idaztearen ondorioz. Gure ahotsa deitzen den abestiak salatzen du gaur egungo agintariek herriaren ahotsa isildu nahi dutela; mehatxuarekin, beldurrarekin eta autozentsurarekin lortzen dutela hori. Hala, baina, ez diegu bakarrik edukiei erreparatu, eta estetikan ere soinu eta doinu desberdinak lantzea izan da gure asmoa.

Disko honetan, bakarlari lanak alde batera utzi eta bandarekin aritu zara. Zergatik hartu duzu erabaki hori?

Bost urte eman ditut Mikel Nuñez durangarrarekin eta Nerea Alberdi biolinista bilbotarrarekin jotzen. Oso ondo konpontzen naiz beraiekin, eta eurek taldean beste instrumentu batzuk sartzea ere ondo egongo litzatekeela esan zidaten; bateria eta baxu batekin erritmoa sartzea, alegia. Gure musika lasaia den arren, instrumentu horiekin beste plano batera eramaten da musika. Erabaki naturala izan zen, eta merezi izan duela ikusi dugu. Jendeari asko gustatu zaio, abestiak kantautore estilokoak izan arren bestelako freskotasuna dute eta; pop eta folk estilo apur bat gehiago. Azkenean, kantautoreen abestiak oso poetikoak izaten dira, melodiaren aldetik galduak, baina disko honi ukitu josiagoa eta jantziagoa eman diogu. Abestiak beste eremu batera eraman ditugu, kantautorearen musika galdu ez arren. Bide beretik doa, baina garbiagoa da.

Zergatik jarri diozu Asunak izena diskoari? Eta Bide bazterreko melodia sendagarria azpi-izenburua?

Bi jatorri ditu diskoaren izenak; ni, Eakoa izan arren, Ea eta Bilbo artean bizi naiz. Kalekumea naiz, ez baserrikoa. Baina orain urte batzuk, ortuan lanean hasi nintzen, eta gauza asko ikasi nituen. Beti uste izan dugu asunek min ematen dutela, baina kontrara ere egiten dute, beste landara batzuk sendatzeko gai direlako. Metafora modura asko gustatu zitzaidan hori, jendeak esaten didalako nire kantuak musika lagungarria direla. Ez gabiltza zelaiak betetzen, baina neurri batean, asunek bezala, melodia politak eta lagungarriak egiten ditugu.

Zelan grabatu duzue diskoa?

Diskoetxean grabatu dugu, baina modu berezian. Normalean, estudioan pistaz pista grabatzen dira abestiak, bateriarekin hasi eta baxuarekin jarraituz. Disko hau, baina, denok elkarrekin joz grabatu dugu. Bat, bi eta hiru esanda. Diskoari sinesgarritasuna emateko grabatu dugu horrela. Horrela, entzuten duenak badaki ez dela disko artifiziala, zuzeneko musika dela baizik. Entsegu asko behar izaten dira horretarako, baita musikari trebeak ere. Baliteke ni trebeena ez izatea, baina ondo lagunduta nago. Modu honetan grabatzeak diskoari ikaragarrizko saltoa ematen dio, bizitasuna. Ez gara oso leialak izan abestietako denborekin, baina naturaltasuna eta erraztasuna lehenetsi ditugu. Nabaritzen da Asunek disko zintzoa eta gardena dela. Lehen, Beatlesek eta bestelako taldeek horrela grabatzen zituzten diskoak, eta bestelako sakontasuna ematen dio horrek diskoari, sinesgarritasun handiagoa.

Pozik al zaude lortutako azken emaitzarekin?

Abesti guztiekin nago pozik, beste batzuetan gertatu ez bezala. Ez zait horrenbestetan gertatu kantu guztiekin pozik geratzea, abesti batzuekin erraz aspertzen naiz eta. Ez dut uste disko honetako abesti guztiak 10ekoak direnik, baina nahiko borobilak direla uste dut, eta gustura nago.

Aurkezpen kontzertua egingo duzue hurrengo ostegunean, ekainaren 21ean, Bilboko Kafe Antzokian. Gogotsu kontzertuekin hasteko?

Apur bat urduri nago, ez dut ezetzik esango. Azken finean, areto handi batean egingo dugu aurkezpen kontzertua, eta zaila da hori betetzea. Aurreko diskoarekin horrela egin genuen, eta 400 pertsona inguru sartu ziren. Oso ondo joan zen kontzertu hura. Honetan berdin gertatzea espero dugu. Oraingoa doan da; beraz, ez dakit zenbat jende joango den, baina itxaropena hortxe dago.

Bilbon aurkezpena izango da ekainaren 21ean, baina 24an Ean arituko zara, herritarren aurrean.

Bai, Eako jaietan hamabigarren urtez jarraian joko dugu, eta oso polita da hori. 2006. urtean abestu nuen lehen aldiz, eta ordutik urtero aritu naiz bertan.

Hurrengo kontzertuak noiz egingo dituzue?

Uda ez da urtaro egokiena guretzat; jendeak parranda nahi du eta. Uztailaren 27an, Lekeition izango gara, eta, abuztuan, Bilboko jaietan. Irailaren 15ean, berriz, Markina-Xemeinen, eta, urrian, Ugaon eta Iruñean izango gara. Bartzelona zein Valentzia aldetik lotutako kontzertuak ere baditugu dagoeneko. Urtean, gutxi gorabehera 20-30 bat kontzertu ematen ditut, urtearen arabera, eta aurten hortik ibiliko gara. Gustura egon garen lekuak errepikatzen ditugu, eta toki berrietara esperientzia bila joaten gara.