Itsasoari itolarria arindu guran

Itsasoari itolarria arindu guran

Aitziber Laskibar Lizarribar

Jada ohikoa da plastikoa gizartean; ohikoegia, duen eraginari erreparatuta. Urtero zortzi tona plastiko isurtzen dira itsasora, eta, orain arteko martxari eutsiz gero, 2050. urtean plastiko gehiago egongo da itsasoan arrainak baino. Hala ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak. Alarma guztiak piztuta daude azken urteetan, eta, igaro berri den Ingurumenaren Nazioarteko egunaren harira, natura plastikorik gabe mantentzeko premia jarri dute erdigunean. Kezka horren eraginez, garbiketa lanari ere ekin diote hainbat gunetan. Bihar, esate baterako, Bermeoko portuko eta Algortako Portu Zaharreko itsas hondoa garbitzeari ekingo diote.

Horretarako, urpekariak antolatu dituzte Algortan; Itsas Zaindarien Sareko kideak arituko dira zaborra itsasotik ateratzen. Marefondum elkarteak antolatu du Getxoko ekintza, Libera proiektua Metro koadro bat naturaren alde lelopean egiten ari den kanpainaren barruan.

Urpekariak bihar hasiko dira, 10:00etan, itsas hondotik plastikozko zaborrak ateratzen, eta urpekari ez diren boluntarioek ere izango dute zereginik: lehorreko lanetan lagunduko dute. Horretan parte hartu nahi dutenek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek marefondum@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.

Bermeon, Izaro Sub urpeko taldeak antolatu du portua garbitzeko ekinaldia. 09:00etan geratuko dira, portuan, eta bertaratzen diren boluntarioek itsasertza zein itsas hondoa garbituko dituzte. Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, umeentzako jokoak eta adin guztietakoentzako moduko material didaktikoa ere egongo dira portu inguruan; lanean aritzen direnentzako mokadua izango da, eta baita sari zein zozketak ere. Kontzientziazioa modu baikor eta alai batean lortzea dute helburu.

Horiek ez dira egunotan Bizkaian itsasoa garbitzeko egingo diren egitasmo bakarrak. Aurreko ostiralean, esaterako, herritarrek Barrikako hondartza inguruko urak garbitu zituzten. Han, marea arteko eremuan, plastiko asko pilatzen da, baina iristeko leku zaila da, eta garbiketarik ez da egiten bertan. Amarratz Surf Taldea aritzen da aldiro boluntarioki garbitzen, eta hala egin zuen aurreko asteburuan ere.

Larunbatean, Plentziako itsasadarrean eta Butroe ibaian egin zuten zabor bilketa. Goazanup elkarteak jakinarazi duenez, Butroe ibaia Gatikatik, Plentziatik eta Barrikatik igarotzen denean, ur korronteek plastiko zati, bilgarri eta botila asko pilatzen dituzte bertan. Badira 15 urte boluntarioak hondakinak kentzen aritzen direla, baina, isuriak amaitu ezean, garbitze premiak ere etengabeak izaten dira. Sup taulak eta kayak txalupak erabilita garbitu zituzten urak larunbatean, eta hondartza eta pasealekuak, oinez.

Igandean, herritarrak Gorlizko hondartzatik, plastikoak kentzen aritu ziren itsasargitik eta labarretatik, Ugari Sub Club taldearen laguntzarekin, uretik eta lehorretik.

Horiez gain, Libera elkarteak jakinarazi du Barakaldoko Errekatxo ingurua garbitzekotan direla, eta zenbait enpresak ere parte hartu dutela Artxanda, Etxebarri eta Urdaibai inguruetatik hondakinak kentzen.

Herritarren lan boluntario horiekin, antolatzaileek bi helburu nagusi dituzte: itsaso eta urak plastikoetatik garbitzea, batetik, eta kontzientziazioa, bestetik. Zakarrak aterata, arazoa zenbaterainokoa den eta egungo bizimoduak nora garamatzan ikusarazi nahi dute. Izan ere, datuak esanguratsuak dira: plastikozko botila batek 500 urte behar ditu desegiteko, eta plastikozko poltsek, ehun bat urte. Itsasoaren marruskaduraz, harilkatu edo txiki-txiki egiten dira, eta ñimiñoak direnean arrainek jan egiten dituzte. Plastikoek bilduta edo horiek janda, 100.000 bat animalia hiltzen dira urtero.