Estalkiduna bihurtu dute klaustroa

Estalkiduna bihurtu dute klaustroa

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilboko Zazpikaleetan dagoen Euskal Museoaren klaustroa estalia da aste honetaz geroztik. Eraikinaren jabeek, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, kristalezko estalkia jarri diote. XVII. mendean egindako eraikin horren gunerik bereziena da klaustroa, eta euskal kulturaren altxor garrantzitsuenetarikotzat jotzen den pieza bat gordetzen du bertan 1921. urteaz geroztik: harrizko Mikeldia, adituen arabera 2.200 urte baino gehiago dituena.

Mikeldia hobeto gordetzeko jarri diote estalkia, hain zuzen, klaustro berezi horri. Bilbon euria sarri egiten duela eta, babesa eman diezaion, kristo aurreko III. mendekoa baita, eta Euskal Herriko pieza arkeologikorik garrantzitsuenetarikoa. Baina ez horregatik bakarrik: Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak nabarmendu du egin berri dituzten lanei esker Euskal Museoak espazio berri bat irabazi duela; modu jarraituan erabili ahalko dela klaustroa, euria egin edo ez. “Gehienbat” kultur jarduerak egiteko erabiliko dela zehaztu du. Musika, dantza eta gastronomiarekin lotutako ekitaldiak egiteko gunea izango dela, besteak beste, eta, beraz, bizkaitarrek kulturgune berri bat izango dutela erabilgarri.

Ekitaldi pribatuak

Edozelan ere, ekitaldi pribatuak egiteari ere ez dio aterik itxi. Jardun edo ospakizun pribatuetarako aukera ere mahai gainean dutela esana du, klaustroa alokatzeko aukera ez dutela baztertzen, baina oraindik instituzioek ez dutela horren inguruko erabakirik hartu.

Sei hilabeteko lanen ondoren, asteazkenean zabaldu zuen klaustro berritua ikusteko aukera museoak. Beirazkoa da estalkia, prisma modukoa, eta klaustroaren teilatua baino gorago dago. Horrela espazioak handiagoa dirudiela nabarmendu dute sustatzaileek, eta argitasun handia sartzea ahalbidetzen duela. A+PI arkitekto estudioak aurkeztutako proiektua da, eta lanaren “arintasuna” nabarmendu dute egileek. Altzairu eta beirazko estalkia ez dela “inbaditzailea” azpimarratu dute; “orain arte egon den eraikina errespetatu du”. Hori hala izan dela ziurtatzeko, Zazpikaleetako eraikinek hirigintza arautegi berezi eta babeslea dutela nabarmendu dute agintariek, eta museoak berak ere babes berezia duela. Hori guztia ondo errespetatu dela azaldu dute arkitektoek.

Hala, ziurtatu dute klaustroaren berezko egiturari ez zaiola kalterik egin. “Estilo barroko klasizista goiztiarreko klaustroaren arkitektura eta tamaina errespetatu ditu lanak. Ikusmolde garaikide batetik planteatu da lana, eta euskal arkitektura historiko ilustratuaren izaera soil eta apaindura gutxikoa kontuan hartu da”.

Baina denak ez dira iritzi berekoak. Hain zuzen, aldaketa edozelakoa izanda ere, klaustroa estaltzea aldaketa izango zela ohartarazi zuen Iñaki Uriarte arkitektoak estalkia jartzeko asmoen berri izan zuenean. Bilboko Epaitegian salaketa jarri ere egin zuen, klaustroa estaltzea ondarearen aurkako delitua izan zitekeela abisu emanda.

Ez hori bakarrik; aurrez, klaustroaren erdigunean, belargunea zuen azpian harrizko Mikeldiak, baina zorua aldatu egin zioten klaustroa estaltzeko lanei ekin aurretik. Ondareari egindako erasotzat jo zuen arkitektoak lurra harlauzaz estaltzea, eta zoru hori lehengoratzeko ere eskatu zuen epaitegian aurkeztutako salaketan. Bihotzean auzo elkarteak bat egin zuen Uriarteren salaketarekin, eta Zazpikaleetako gune historikoa nahieran eta neurririk gabe aldatu eta erabiltzen ari dela salatu zuen Zazpikaleetako auzo elkarteak.

Salaketak salaketa, belarrezkoa zen lurra harlauza da gaur egun, eta klaustroa beiraz estalia dago orain. Batzuen ustez, ondarea hobeto zaintzeko eta, erabilera areagotuta, herritarren onurarako; eta, besteen ustez, arduragabeki.

Lehen urratsa

Edozelan ere, Euskal Museoak izango dituen aldaketen artean lehena besterik ez da amaitu berri dutena. Museoa indartu eta haren erabilera areagotu nahi dutela esana dute bai Bilboko Udalak bai Sorkunde Aiarza museoko zuzendariak. Eta horretarako urrats sendoa egina dute jada: Euskal Museoaren ondoan, Gurutze kalean, hutsik geratu den eraikina museoarentzat erosiko dute udalak eta aldundiak; Zara arropa markak duela gutxi itxi duen dendaren eraikina. Bost milioi euro ordainduko diote Inditex kateari udalak eta aldundiak, erdibana.

Gaur egun 4.000 metro koadro ditu museoak. Zara kateak Euskal Herrian zabaldu zuen lehen dendaren eraikinarekin, ia 2.000 metro koadro gehiago izango ditu etorkizunean. Zehazki, 1.913 metro koadro ditu eraikin horrek, hiru solairutan banatuta.

Gurutze kaleko 10. zenbakian du sarrera, eta estrategikoa izan liteke hori, kultura diputatuaren esanetan: turistek sarri egiten dute Plaza Barritik Erriberako merkatura arteko ibilbidea, eta Gurutze kaletik egiten dute bide hori. Hartara, sarrera kale horretan egiteak turistak museora erakartzeko balioko duela iruditzen zaio.

Handitze horrek museoak aspalditik duen gabezia arinduko duela eta, gustura agertu da Aiarza. Museoak oso bilduma aberatsa duela azaldu du, baina, leku faltagatik, biltegietan gordea duela gehiena. Hain zuzen, dituen 20.000 pieza ingurutik %40 soilik ditu erakusketan. 2021erako nahi lituzke handitze lanak amaituta zuzendariak; museoak mendea betetzen duenerako.