Errinozero zuria

Nerea Ibarzabal

Garai batean, euskaraz hitz egiteaz lotsatuta, hala moduzko gazteleraz bizitzea erabaki eta euskara galdu zuen belaunaldi haren konplexu guztiak gure zainetako alegiazko Rh mutantean daramatzagu oraindik. Senti ditzaket.

Nola ez ditut ba sentituko? Aldiro gogorarazten digute zein den gure txokoa Babelgo dorrean —”el euskera” hasten diren esaldiek beldurra ematen didate horren ondorioz—. Bi zeregin dauzka gure hizkuntzak: bat, ederra izatea, arkaikoa, misteriotsua, galtzear den errinozero zuri bat, adibidez; bi, beste ezer ez, ez dezala beste ezer egin.

Prentsari begiratu azkar bat ematea aski da ohartzeko ze adjektibo mota itsatsi zaizkion el euskerari, errinozero zuriari euliak nola: inposizioa, abusua, zaharra, beautiful, zoragarria, magikoa, asko-gustatuko-litzaidake-ulertzea-baina-ze-lastima-ez-dakidala, azpigaratua, zakarra, bizikidetzaren aurkakoa, errespetu falta, diru publikoaren xurgatzailea. Hau guztia entzunda, zoaz plazara zure errinozero zuria hartuta, ausartzen bazara.

Guk uste baino barneratuago ditugu mezuok; beste errinozero batzuekin gaudenean nabaritu ez arren, aski da erdaldun elebakarren aurrean hartzen ditugun jarrerak ikustea hori sumatzeko —hori ere beste espezie berezi bat dela aipatu izan dut inoiz—.

Hala sentitu dut duela gutxi, gaztelerazko kultur emanaldi oso interesgarrian parte hartzeko aukera eman zidatenean —Bilbon—. Nire parte hartzea euskaraz izan zen, eta esango nuke bakarra izan nintzela; hortaz, ez nekien zein izango zen ordura arte show-a adi-adi jarraitu zuen publikoaren erreakzioa bat-batean ni euskaraz hasterakoan. Mikrofonoa hartu nuen momentutik bertatik hasi nintzen parekoen pentsamenduak irakurri nahian: “Joe, eta orain hamar minutu ezer ulertu gabe egon behar”, “baina hau abisatu egiten da”, “ez al daukate itzultzailerik?”, “prest nago oso handi geratzen zaidan arte garaikideko edozein formatu abstraktu sakonki aztertu eta ulertzen saiatzeko, baina bat euskaraz jartzea gehiegi da!”.

Baliteke publikoa elebiduna izatea eta nire interbentzioa ulertu izana, edo erdaldun elebakarra izan arren, nolabait entzundakoaz gozatzea. Ezin izan nuen jakin, bukaerako txaloak besteei jotakoen berdinak izan zirela bakarrik. Kontua da une oro iruditzen zitzaidala norbaiti traba egiten ari nintzaiola, altxatu eta joan egingo zirela halako batean.

Hor ohartzen zara, batetik, barneratu egin duzula zure errinozeroa deserosoa izan daitekeela eta bizitza osoa pasa beharko duzula ahalduntzen —horretan ere—, eta, bestetik, ze urrun gauden elkarrengandik Euskal Herri mailako zenbait zirkuitu kultural erdaldun eta euskaldun, ze gutxitan gurutzatu garen, ze ezezagunak garen elkarrentzat.

Iraun baino zerbait gehiago egin nahi badugu, itsatsi dizkiguten euli denak uxatu beharko ditugu pixkanaka, eta plazara irten, edozeinetara. Nork daki, agian erdaldun elebakarrek ere merezi dute beraiei buruzko aurreiritzi hobe bat.