Mugikortasuna aldatu nahi dute ekologistek, saihesbidea luzatu ordez

Mugikortasuna aldatu nahi dute ekologistek, saihesbidea luzatu ordez

Ibai Maruri Bilbao

Ekologistak Martxan-eko Juan Pallaresek uste du Bilbo hegoaldeko saihesbidea luzatzeak ez duela zentzurik. “Hiru minutu aurrezteko baino ez du balio, eta horretarako hainbesteko dirutza inbertituko da? Ez ditu auto pilaketak konponduko, eta kalte egingo dio Bolintxuko natur guneari”. Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbidearen 1.b fasea aurkeztu ondoren, talde ekologistak gogoeta egin du; txostena osatu dute, diputazioak berak emandako datuak erabilita. Uste dute agintari politikoek egindako diagnostikoa eta proposatu duten konponbidea, biak direla “okerrak”.

Paradigma aldaketa bat eskatu dute. Uste dute kontuan hartu behar dela Bilboko metropoliak duen karga gaitasuna. “Zenbat ibilgailu ibil daitezke metropolitik, ingurumenari eta lurraldeari kalte egin gabe? CO2 isuriek, zaratak eta gainontzeko kutsadurek zenbatean eragingo dute herritarren osasunean?”, egin du gogoeta Enrique Antolin Ekologistak Martxan-eko kideak. Hori guztia neurtu eta kontuan hartu behar dela ohartarazi dute. Beste mugikortasun eredu bat gura dute.

Era berean, ordainpeko errepideak ordaintzeko modua ere aldatu gura dute. Bizkaiko Foru Aldundiak iaz ipini zuen martxan gehienezko tarifa: Bizkaian, Bilbo hegoaldeko saihesbidea, AP-8a eta Artxandako tunelak erabiltzeagatik, hilean, gehienez, 30 euro ordaintzen dira. “Horrek erabilera sustatzen du. Arazoa konpondu ordez, handitu egiten du. Modu horretan, erabiltzaileek ez dituzte benetan sortzen duten gastua eta kaltea ordaintzen”.

Bestelako bonu bat behar dela uste dute: progresiboa. Autoan bidaiari gehiago joanda gutxiago ordainduko den eredu bat hobetsi dute, ibilgailuak errepidetik kentzen lagunduko duelako. Era berean, gauez egunez baino gutxiago ordaintzea ere proposatu dute; izan ere, egunez garraio publikoa hartzeko aukera dago, baina gauez ez. “Zigortu egin behar da beste alternatiba batzuk daudenean ibilgailu pribatua erabiltzea”, esan du Antolinek.

“Saihesbidearen arazoa sorreran dago: bere neurriak puztu egin ziren, 820 milioi euroren inbertsioa justifikatzeko”, salatu du Pallaresek. Datuak ekarri ditu gogora. Azpiegitura aurkeztu zenean, diputazioak esan zuen 24.000 ibilgailuk erabiliko zutela, egunero. Horietatik 9.400 ibilgailu astunak izango zirela aurreikusi zuten. Iazko datuei erreparatuz, ordea, kalkuluak ez dira bete: egunero 4.533 ibilgailu astunek erabili zuten, batez beste. “Nondik aterako dituzte 9.400era iristeko falta diren kamioiak?”. Hau da, aurreikusitako ibilgailuen ia %60 baino ez dira igarotzen, eta, ibilgailu astunen kasuan, soilik %48koa da portzentajea.

A-8a erabiltzen duten kamioietako asko Bilboko Portutik irteten dira. Horiek ere behera egin dute nabarmen. Eta “askoz gutxiago” izango dira Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea eraikitzen denean. “Ze ibilgailu astunek erabiliko du hegoaldeko saihesbidea, orduan?”. Horregatik, Ekologistak Martxan taldeak trenbide saihesbidea eraikitzeko eskatu du txostenean. Beste trenbide bat ere proposatu du Bilboko Portuarentzat: Muskizetik Kantabriarantz joango litzateke.

Bilbo Handian hamar merkataritza gune daude, gehienak A-8 autobidearen inguruan. Ballontikora metroz joan daiteke. Gainontzekoetara badago autobusa, baina autoz joateko pentsatuta daude, ibilgailu pribatuarekin erosoagoa baita erositakoa etxera eroatea. Milioi bat joan-etorri egiten dira astero merkataritza gune horietara. Talde ekologistako kideek uste dute gaizki kalkulatu dela trafiko fluxua ere: diputazioak AP-68arekin lotuko du hegoaldeko saihesbidea, baina joan-etorriak AP-8arekin eta N-634 errepidearekin edo Txorierriko lasterbidearekin lotzeko izaten dira batez ere.

Ibilgailu gutxiago

Oro har, errepide guztiak ibili dira motel. Izan ere, krisialdi ekonomikoaren hasierarekin, gutxitu egin ziren ibilgailuen joan-etorriak. 2016an, gorako bideari ekin diote berriro ere; 2017ko datuak ez dira ezagutzen. Diputazioak nahikoa iritzi dio hegoaldeko saihesbidearen luzapena justifikatzeko. Antolinek ohartarazi du oraindik ere urrun dagoela 2011ko kopuruetatik. Adibidez, A-8an, Erletxeetatik Kantabriara arteko tartean, eguneko 1.392 ibilgailu gutxiago ibili ziren iaz duela zazpi urte baino. Gainera, denbora gutxi iruditzen zaio: “Joera aldaketa bat frogatzeko, gutxienez, hiru urteko tarte bat hartu behar izaten da. Urte batean aldaketa egon izanak ez du esan nahi joera horri eutsiko zaionik datozen urteetan”.

Handitik igarotzen diren ibilgailuen %5 baino ez dira pasekoak; hau da, metropoliko hirietan sartzen ez direnak. “Diputazioak berak proiektua aurkeztu zuenean, aitortu zuen %68 zirela metropoliko herri batetik besterako joan-etorriak. Horrek esan nahi du bidaia horietako asko garraio publiko bidez egin daitezkeela”. Horregatik, uste dute mugikortasun politiketan garraio publikoaren erabilera lehenetsi beharko litzatekeela ezinbestean, eta azpiegitura berriak baztertu. “Arazoak errepide berriekin konpontzen badira, erabiltzaileek ez dute inoiz auto pribatua etxean utziko”.