Historia, naturan lasterka

Historia, naturan lasterka

Ibai Maruri Bilbao

Antonio Trueba kronikagilearen arabera, XIV eta XV. mendeetan, Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia herrialde historikoko bost gailurretatik egiten zuten: Sollube, Kolitza, Ganekogorta, Oiz eta Gorbeiatik. Deiadar mendi horietan adarra jotzen zuten, eta sua pizten zuten batzarkideek batzarra egingo zela jakin zezaten. Azken urteetan, Deiadar Mendien Eguna egiten da ekaineko lehen domekan; txandaka, urtero mendietako batera igotzen dira, adarrak jotzera. Joan den asteburuan egin zuten aurtengoa. Irailean, pauso bat gehiago egingo da: Deiadar Xtreme lasterketa egingo da; bost gailurrak lotuko dituen mendiko lasterketa. Aurtengoa lehenengoa izango da, eta aurrerantzean bi urtean behin egitea izango da asmoa.

“Deiadar mendien historia hartu, gaurkotu, eta lasterketa bihurtu dugu. Bizkaiko mendizaleen artetik jaio da ideia, euren artean badirelako ibilaldi hau egiten duten batzuk”. Antolatzaile taldeko Fernando J. Perezek esan du ahalegindu direla ahalik eta ibilbide laburrena antolatzen, baina ezin izan dutela 200 kilometrotik behera jaitsi. “Mendiak dauden lekuan daude. Azken batean, Bizkai osoa zeharkatzen duen lasterketa bat da”. Gogora ekarri du badela herrialde historikoa inguratzen duen ibilbide bat, Bizkaiko kanpoko eraztuna izenez ezaguna dena: GR-123. Lasterketa hau “barruko eraztuna” izan daitekeela esan du. “112 udalerrietatik herenak zeharkatuko ditu, bi parke natural, biosfera erreserba… Daukagun natura eta kultura ondare guztia ezagutzeko aukera egongo da”.

Gernika-Lumoko batzar etxetik abiatuko da lasterketa, arbolaren oinetatik, eta bost deiadar mendietara bidean, beste biak ere bisitatuko ditu: Gerediagakoa eta Abellanedakoa. Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Madariagak esan du ateak “parez pare” zabalduko dituztela lasterkarientzat, antolatzaileentzat eta lasterketa ikustera joango direnentzat. “Gure parlamentu honentzat esangura handia dauka mendi mitiko hauek eta hiru batzar etxeak lotzeak. Gainera, kultura, tradizioa, historia, ingurumenarekiko errespetua eta norbere ezinak gainditzeko ahalegina uztartzen ditu proba honek, eta balio horiek oso interesgarriak iruditzen zaizkigu”.

Aitortu dute goi mailakoentzako lasterketa dela. Hainbesteko luzera duenik ez dago penintsulan; soilik beste bi, Europan. Horregatik, hainbesteko gaitasuna ez duten lasterkarientzat beste lasterketa bi antolatu dituzte: 105 kilometroko Deiadar Ultra, eta 45 kilometroko Deiadar Maratoia. Abuztura arte egongo da izena emateko epea. Dagoeneko dortsalen erdiak banatuta daude.

Bost mendi martxa

Parte hartzeko beste modu bat ere egongo da. Lasterketak egingo diren egunetarako, deiadar mendietarako martxa bana antolatu dute. Hau da asmoa: lehen lasterkariak igaroko diren ordurako iristea gailurretara, haiek animatu ahal izateko. Hala, lasterketa ikusi eta mendiaz gozatu ahal izango da. Bariku goizean igoko dira Sollubera, eta zapatu arratsaldean Oizera. Ganekogorta, Kolitza eta Gorbeia, berriz, bariku ilunabarretik zapatu goizera artean igaroko dituzte. Hau da, martxak ere gauez egingo dira.

Bereziak izango dira, ez baita ohikoa mendira gauez joatea. Mendia gustuko duten guztiak parte hartzera animatu ditu. Adarrak eroateko gonbita ere egin dute, Erdi Aroan legez, tontorretan batzarrerako deia egiteko. Ingurumena zainduko dutela hitzeman dute antolatzaileek, eta berdin jokatzeko eskatu dute.