“Gurasook horma bat osatu behar izaten dugu autoak ez pasatzeko”

“Gurasook horma bat osatu behar izaten dugu autoak ez pasatzeko”

Natalia Salazar Orbe

Ehun urte bete ditu Bilboko Mujika eskolak, Zazpikaleetako Andra Mari kaleko bigarren zenbakian. Matrikulazioa gora doa, baina azpiegitura arazo larriak dituzte. Miren Exposito Llagunok (Bilbo, 1982) 3 urteko alaba du bertan. Hark eman du arazoon berri.

Azpiegitura aldetik Mujika eskolako egoera jasanezina dela salatu duzue. Zer gertatzen da?

Zazpikaleetan dago eskola. Autoak eta furgonetak sartzen dira goizetan. Nahiz eta seinale batek adierazi ibilgailuak ezin daitezkeela pasatu, ez diote egiten kasurik. Iaz, ehun kexa inguru jarri nituen, udaltzainak egon zitezen. Aurten, ia egunero egoten dira bertan, gainerakoan ibilgailuak pasatzen direlako edo eskolaren atari aurrean aparkatzen dutelako. Arratsaldetan, 16:00etan ateratzen dira umeak. Orduan ez da egoten udaltzainik. Eta taxi gidariak ibiltzen dira. Batzuk oso harroputzak dira, eta pasatu egiten dira, bai ala bai. Gurasook jarri behar izaten dugu horma bat osatuz, ez daitezen pasa. Bada buelta emateko sartzen den autorik ere, umeak jolasean ari diren bitartean. Eta gurasook egon behar dugu errepidera begira une oro. Hori da arazo larriena.

Horrez gain, teilatuan itoginak dituzue.

Bai. Eskolak ez dauka kanpoko patiorik. Horren ordez, goiko solairuan estalitako patio bat dago. Iaz, konponketa txiki bat egin zuten, petatxuak jarrita. Baina, besteak beste, euriaren ondorioz, itoginak agertu dira berriro. Gainera, teilatuko materiala uralitaren antzeko zerbait da. Beraz, udan bero handia egiten du, eta, hotz egiten duenean, hotz handia.

Azpiegiturak txiki geratu zaizkizue?

Bai. Besteak beste, jantokia. Eusko Jaurlaritzak ratioak ezarri ditu: 23 ume Haur Hezkuntzan, eta 25 Lehen Hezkuntzan. Lehen Hezkuntzako geletan ez dira sartzen 25 ume, ordea. Inondik inora. Bigarren mailan, esaterako, 22 ume daude, eta goizetan biribilean esertzen direnean, hankak gurutzatuta eseri behar dute; hankak luzatzen badituzte ez direlako sartzen. Motxilak eta jakak ere sarrerako hallean utzi behar dituzte, gelan ez direlako sartzen. Gelak txikiak dira.

Zenbat ikasle daude Mujika eskolan?

192 ume daude matrikulatuta. 180 inguru geratzen dira jantokian. Jateko bi txanda egon beharko lirateke, baina, jantokia txikia denez, lehen eta bigarren txanden artean haur hezkuntzako 4 urteko umeak sartzen dituzte. Beraz, jantokiko ordua esprint bat da umeentzat: 25 minutu dauzkate bazkaltzeko. Denbora hori pasatuta kanpoan egon behar dute. Ezin dute jan lasai, ezta leku nahikoarekin ere.

Zer konponbide eskatu duzue?

Teilatua behar bezala konpon dezaten eta beste material bat erabil dezaten, ez dadin izan hain hotza eta hain beroa. Horrez gain, trafikoa kontrolatzeko piboteak finkoak izan daitezen nahi dugu. Larrialdi zerbitzu batek pasatu behar badu, aukera izango luke mandoari eman eta pibotea jaisteko. Gainerakoan, egunero egon behar dute udaltzainek goizetan. Baina, larrialdiren bat gertatuz gero, joan egin behar dute, eta gu geratzen gara arriskuan. Eta arratsaldetan ez dira egoten inoiz. Gertatu izan zaigu umeak ateratzeko ordua zela taxilari bat sartzea; gu aurrean jarri ginen, egoera azalduz. Eta berak esan zigun ez zitzaiola inporta eta aurrera egingo zuela. Era horretako egoerak sarri izaten ditugu.

Eta leku faltari aurre egiteko zein konponbide ikusten duzue?

Eskola ondoan lokal bat dago hutsik. Lokal hori Eusko Jaurlaritzarena eta udalarena da. Guraso elkartetik haren eskean joan ginen udalera. Banan-banan joan ginen lokalagatik galdetzera. 327 metro koadro inguru ditu. Eskolarako aukera handia emango liguke jantoki handia edo psikogela egiteko. Niri neuri erantzun zidaten lokala okupatuta dagoela. Baina jakin badakigu hutsik dagoela.

Jarrera horren aurrean badaukazue zerbait egiteko asmorik?

Bai, bilera bat eskatu genuen Koldo Narbaiza Hezkuntza zinegotziarekin. Datorren astean batzartuko gara berarekin, asteartean. Gure asmoa da hurrengo egunean, asteazkenean, kalejira bat egitea eskolatik udaletxeraino, 16:15 inguruan. Umeak eta gurasoak kalejiran elkartuko gara, eta udaletxe aurrean batuko gara, protesta egiteko. Ea era horretan ikusi eta entzuten gaituzten.

Gainera, matrikulazio kopurua handitu egin da.

Bai, eta A eredua desagertu da, eta denak daude D ereduan. Duela bi urte bazegoen oraindik A eredua, eta orain osorik D eredua dago. Aurten, seigarren mailan, esaterako, sei ume besterik ez dago. Baina seiren ordez 25 baleude, ez lirateke sartuko. Azpiegitura hobeak izanda ikasle gehiago egon ahalko lirateke.

Hala ere, teorian ikasle gehiago hartzeko gai omen da.

Nik esango nuke gehienez har dezakeen ikasle kopurua ezartzeko orduan halla eta eskailerako metroak ere zenbatuta egin zituztela kontuak. Gainerakoan, aurreikusitako kopuruak ez dira sartzen.