Galdakaorako metroaren asmoa, geldi

Galdakaorako metroaren asmoa, geldi

Natalia Salazar Orbe

Hamabi urtez landutako proiektua baztertzeko aukera aztertzen ari dira orain Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia. Metroaren lineari jarraipena eman eta garraio hori Usansolora arte iristea aurreikusten zuen bosgarren linearen proiektua bertan behera uztea aztertzen ari dira, hain zuzen. Unai Rementeria ahaldun nagusiak eman zuen asmo aldaketen berri, joan den astean, Batzar Nagusietan: “Metro sarea eta Galdakao eta ospitalea lotu nahiko genituzke, baina modu eraginkorrean, gaur egun dauden azpiegiturak aprobetxatuta”. Hala, azpiegiturak ez bikoiztearen alde mintzatu zen. Eusko Legebiltzarrak trenbide trazaturako alternatiben azterketa bukatzeko eskaera egin berri dio Eusko Jaurlaritzari. Egoera horren aurrean, EH Bilduk bere proposamena aurkeztu du. Metroaren bosgarren linearen proiektuaren zati bat aprobetxatu bai, baina Euskotrenen zerbitzuarekin lotzea da haren asmoa.

Ibilbidea Usansolon bukatzea aurreikusten zuen metroaren bosgarren lineak. Lanen kostu handiak eta aurreikusitako erabiltzaile kopuru eskasiak eragin dute, itxuraz, proiektua birpentsatzeko erabakia. EH Bilduko batzarkide Zigor Isuskizak eman du emaitzon arrazoietako bat: “Metroa Usansolon bukatuta, normala da erabiltzaile kopurua txikia izatea”.

Iragarpen ofizialik ez dagoen arren, komunikabide talde batek eman du administrazioek buruan izan dezaketen alternatibaren berri: Euskotrenen Galdakaorako ibilbidea hobetu eta herrigunera sartuko den desbideratze bat aurreikusi dute. Zuatzotik Galdakaoko bihotzera eta handik Usansolorako bidea lur azpitik joango litzatekeela aurreratu dute.

EH Bilduk asteon aletu du urtebetetik gora lantzen aritu den proiektua. Sarratu, Galdakao eta Usansolo lotuko dituen zortzi kilometroko metro linea proposatu du. Orain artean mahai gainean egon den metroaren bosgarren linearen proiektuaren zati handi bat aprobetxatuko lukete; Galdakaora artekoa, hain zuzen. Handik Usansolora arteko lotura zelan egin aztertzear dute.

Galdakaon irteera bat izango luke metroak, eta Usansolon, bi: bata, herrigunerako, eta bestea, ospitalerako. Hala, Sarratun konexioa egingo luke metroaren hirugarren linearekin; eta, Usansolon, Euskotrenekin. Sarratukoa geraleku intermodal bihurtuko litzateke. Bizkaibus zerbitzuarekin eta metroaren lehenengo eta bigarren lineekin lotzeko aukera ere eskainiko luke.

Proiektu osatua

Proiektu integrala da planteatu dutena, Durangaldetik, Busturialdetik eta Arratiatik iritsitako bidaiariek Usansoloko ospitalerako zein Bilborako sarbide zuzena izatea aurreikusten duena. Eta galdakoztarrentzat, “beharrezkoa”. Hala iritzi dio, Isuskizak ez ezik, Bea Ilardia Galdakaoko EH Bilduren bozeramaileak ere: “Argi daukagu Galdakaok metroa behar duela”. Ez edozelan, ordea. Hasieratik azaldu dituzte zalantzak bosgarren linearen trazatuak jasotzen zuen ibilbideari buruz. “Ez genuen ulertzen nola hain garestia zen azpiegitura batek ez zuen inolaz ere Euskotrenen linearekin lotura zuzena aurreikusten”.

Hala ere, jakin badakite Galdakaora metroa iritsita ez direla bukatuko mugikortasun arazoak. Hori dela eta, proposamen integrala osatu dute. Metro lineaz gain, beste bi planteamendu egin dituzte: N-634 errepidea atsegin egiteko plana, eta bidegorri eta bide berdeen sarea.

“Errepide honek beldurra ematen du”. Hala laburbildu du egoeraren analisia Isuskizak. Egoera hori iraultzeko hainbat arlo kontuan izan behar direla uste du koalizioak: oinezkoek espazioa berreskuratzea eta garraio pribatua murriztea, hain zuzen. Hala, errepidearen formatua aldatuko dute. Hainbat proposamen egin dituzte: espaloi zabalagoak jarri, bidegorri zentral bat ipini, ibilgailu pribatuentzako bide bakarra utzi eta beste bat autobusentzako bide bilakatu… “Ibilgailu pribatuaren erabilera zailduko dugu herritarrek garraio publikoaren alde egin dezaten”.

Gainera, Larrabetzutik zein Arratiatik iristen diren autobusetako bidaiariek metroaren hirugarren linea hartzeko geralekuak aurreikusi dituzte proiektuan. Konexio puntu horiei esker, “garraio aldaketa azkar, doako eta erosoak” aurreikusi dituzte. Horretarako, txartel bakarraren aldeko aldarrikapena ekarri dute gogora.

Lotura gune horiei esker, Txorierritik eta Arratiatik Bilbora doazen autobusek A-8 hartu eta bidea azkarrago egingo lukete, eta N-634 arinduko litzateke. Errepide hori atsegin bihurtzeko lanak berehala egin daitezkeela azaldu dute EH Bilduko kideek, metroaren lanei itxaron gabe.

Bidegorriak

Bidegorri eta bide berdeen sareek osatuko lukete proposamena. Besteak beste, Atxurira arteko trenbidea zerbitzutik kanpo geratzen denean, erabiliko ez den eremu guztirako aurreikusi dute sarea.

Hala ere, Ilardia sinetsita dago Unai Rementeria ahaldun nagusiaren asmoak bestelako bidean doazela. “Jadanik ibilgailu pribatuaren erabileraren aldeko apustua egin du, Lamiakoko ibai azpiko tunela eta Supersurra luzatzeko iragarpenekin. Guztiok ordainduko ditugun 600 milioi horiek zalantzan jartzen dute metroa Galdakaora iritsiko denik”. Dituen asmoei buruz argi hitz egiteko eskatu diote, herritarrek zein proiektu babesten duten erabaki dezaten.