Bilbok diseinu ikasketa pribatuen alde egindako apustua salatu dute

Bilbok diseinu ikasketa pribatuen alde egindako apustua salatu dute

Natalia Salazar Orbe

Joan den astean zabaldu zen albistea. Zorrotzaurre Talentuaren eta Ezagutzaren irla bilakatu guran beste pauso bat iragarri zuen Bilboko Udalak: Kunsthal Goi Mailako Diseinu Zentroak adar berri bat zabalduko du bertan. Papelera eraikinean, hain zuzen. Irunen (Gipuzkoa) egoitza duen trebakuntza zentro pribatua da Kunsthal. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola publiko bakarra Gasteizen dago. Eskaintza zabaltzeko espazio eske ari dira aspalditik, baina ez dute lortu. Hala, Sorkunde Bilbao Madariaga eskolako zuzendaria “aho bete hortz” geratu zen Kunsthali Zorrotzaurren lekua egingo ziotela entzutean.

Bilboko Udalak zentro pribatuaren alde egindako apustua kritikatu du. Hainbat denbora daramate eurek goi mailako espezialitate guztiak eskaini ahal izateko leku eskean. “Gaur egun ez daukagu ez moda eta ez produktua espezialitateak eskaintzerik. Ikasketa horiek egin nahi dituztenek Euskaditik kanpora joan behar dute”. Graduondoak ere eskaini nahiko lituzkete, baina, horretarako ere, arazo bera daukate: “Ez daukagu non. Gure ikasleek Bartzelonara, Madrilera edo Londresera jo behar dute, besteak beste”.

Egoera hori dela eta, harriduraz jaso dute zentro pribatu bati ateak zabaldu izana Bilbon, sormen, arte, diseinu edota trebakuntza arloen gune bilakatu nahi duten eremuan. “Hauek iritsi dira, eta eraikina eta berau konpontzeko dirua jartzen dizkiete eskura? Ezin dut sinetsi”.

Aukera pribatu edo publikoaz harago doan afera planteatu du Bilbaok. Eskaintzari buruz zehaztasunak egin beharraz mintzatu da, eta “engainua” ere aipatu du. Kunsthalek hainbat aukera eskainiko ditu zentro berrian. Besteak beste, orain arte ematen zituen Lorategien Diseinu eta Paisajismoaren graduondokoak. Goi mailako titulazio ofizial gehiago ere eskainiko dituzte; besteak beste, moda edo produktu diseinuenak.

Eskaintzak aztergai

Zentro biek eskaintzen dute gauza bera graduen pareko diren ikasketei dagokienez: goi mailako ikasketak diseinuaren arloan. Gasteizko zentro publikoak “eskarmentu handiagoa” duela ekarri du gogora, ordea: “Laugarren promozioa atera dugu jada; eurek oraindik lehenengoa ere ez. 25 ikasle dituzte matrikulatua guztira: Barne Diseinuan, sei lehenengo mailan, eta bi bigarren mailan. Eta Diseinu Grafikoan, hamabi ikasle lehenengo mailan, eta bost bigarrenean”.

Datuoi erreparatuta, ondoko ondorio hau atera du Bilbaok: “Ikasketak ez daude bermatuta, lehenengo promozioa ere ez baitute atera. Eta ezinezkoa da esatea lan munduan murgiltzerik izango duten ere, ezta zein portzentajetan ere”. Izan ere, zentroa Zorrotzaurrera eramateko iragarpenaren berri eman duten hainbat komunikabidek azpimarratu dute bertako ikasleak lan munduan murgiltzeko duten aukera handia.

Hala, “engainagarritzat” jo ditu Bilbaok “diseinuaren unibertsitate” gisa aurkezten duten mezuak. Besteak beste, adibide gisa aipatu du Ikus Identitateari buruzko masterra ez dela ofiziala, zentro pribatuaren beraren titulu bat baizik.

“Guk badugu ziurta daitekeen ibilbide bat, bermatutako ikasketekin”, esan du. Gaur egun 258 ikasle dituzte goi mailako ikasketetan matrikulatuta: 148 Barne Diseinuan eta 110 Diseinu Grafikoan. Aurten izango dute unibertsitateko erdi mailako titulazioa duten Barne Diseinatzaile eta Diseinatzaile Grafikoen laugarren promozioa. Gainera, 80 ikasle dituzte goi mailako zikloetan: 38 Argazkilaritzan eta 42 Ilustrazioan.

Tituluen baliozkotasunari eta Kunsthali hirian lekua egiteari buruzko eztabaida horrez gain, bada hautsak harrotu dituen beste konturik ere. Papelera eraikina egokitzeko lanetan 500.000 euroko inbertsioa egingo du Bilboko Udalak. “Gure eskola prest eta pozik egongo litzateke egoitza bat Bilbon izanda”, esan du Bilbaok. “Katalunian, adibidez, Goi Mailako Diseinu Eskola bakarra dago, eta zazpi egoitza ditu”. Era horretako proiektu publiko bat nahiko luke Bilbaok ere.

CCOOren kritika

CCOO sindikatuaren irakaskuntza adarra ere kritiko agertu da erabakiarekin. Zentro pribatuaren irekiera prozesua azkarregi egiten ari dela sinetsita dago. “Kontrastatutako informazio gutxi” ematea egotzi die administrazioei. Eta hainbat komunikabidek agertu dioten babesa eta bultzada gaitzetsi ditu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen era horretako zentro bakar gisa aurkeztu dutela salatuta. “CCOOren irakaskuntza adarra ez dago egitasmo pribatuaren aurka. Hala ere, beti defendatuko du zerbitzu publikoek hobeto asetzen dituztela berdintasun, meritu eta gaitasun bermeak, bai ematen dituen eduki profesionalei bai hartzen dituen ikasleei dagokienez”.

Publikoaren alde egiteko beste arrazoi bat ere aipatu du Bilbaok: matrikularen zenbatekoa. “Ez badut dirurik ezin dut egin diseinu ikasketarik?”, galdetu du. Matrikularen zenbatekoa 6.000 eurokoa da Kunsthalen.

Jaurlaritzara azalpen eske deitu zuen Bilbaok, baina han ez omen zekiten ezer. Kunsthaleko zuzendari Gaizka Zuazoren ahotik ere ez du informaziorik izan. Komunikabideen bidez izan dute iragarpenaren berri.

2019an hasiko da martxan

2019-2020ko ikasturtean zabalduko ditu ateak Kunsthalek Bilbon. Ibilbidea gutxienez 75 ikaslerekin abiatzea aurreikusi du. Hala ere, 320ra arte iristea aurreikusi dute, orain arteko datuek bestelako errealitatea irudikatzen badute ere.

Udalak berak egingo ditu eraikina egokitzeko lanak. Udazkenean emango diete hasiera Manuel Andonzak 1958an egin zuen eraikineko lan horiei.