Ametsak

Igor Elordui Etxebarria

Ametsak dira, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera: lotan, irudimenak sortzen dituen gertaerak edo irudiak. Urte asko dira gauean, lotan, ditudan ametsak gogoratzen ez ditudala. Tarteka-marteka baten batekin akordatzen naiz; guztiz esnatu aurreko loaldiaren hondarretan egiten diren horietakoren batekin. Baina gomutan dauzkat, batez ere, umezaroko hiru, errepikariak zirelako eta bat-batean arnasestuka esnatzeraino estura eragiten zidatelako.

Esango nuke bolada luze xamarrean amestu izan nituela, kronologikoki, hurrengo errenkadan: batean, lehenengoan, amets egiten nuen korrika egin gura nuela baina ezin nuela, hankak lurrera iltzatuta bezala nituelako. Geroago, altuera handi batetik jausten nintzela amesten hasi nintzen —zorionez ez nintzen lurrera sekula heldu, kar-kar—. Azkenik, aurrekoaren eboluzioa-edo, ametsean hegaz egiten nuen eta etxeko leihotik irteten nintzen, airean, planeatzen.

Horrenbeste urte igaro eta gero, gauza bat egin dut: haiek ametsek zer esan gurako zuten begiratu Interneten. Bada, aurrenekoak, amesgaizto totala Interneten arabera, autoestimu arazo bat erakusten du. Eta nahi duzuna ez lortzearen beldurra ere bai.

Bigarrenak interpretatzeko problema gehiago sortzen ditu, gauza bat baino gehiago adieraz dezakeelako, antza. Dena dela, ohikoena ei da subkontzientea ari zaizula ohartarazten konponbidea jarri behar diezula zeure bizitzan ondo ez “doazen” gauzei.

Hirugarren ametsari buruz, ñabardura bat: ez omen da berdina hegaz egitea txoria izanik ala hegazkinez, parapentez.. altu, baxu, itsasoaren gainetik, mendi artean… Ametsean ni neu nintzen hegaz egiten nuena; egin ere, ezagun nituen kale eta etxe artean. Kasu horretan esan gura du nahi zenuena lortu duzula eta bizitzaz gozatzen duzula; finean, zoriontsu bizi zarela. “Hara, bejondeiala, Igor, zerbait lortu huen, antza”, esan diot neure buruari jakin dudanean.

Ametsak dira, baita ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, itzarririk eratzen den irudipena, bereziki desira biziak eragina; gertagaitza izanik ere, gerta dadin nahi den gauza. Haurtzarotik hona, halakoetatik, batzuetan bale eta askotan kale. Denok bezala. Neure-neureak (izan) diren amets metaforikoak hemen partekatzeko motiborik ez dago. Bai, ordea, askoren amets errepikagarria ere badena. Akordatzen?

Etziko giza katerako Aneguria & La Basuk egin duten bideokliparen hitzetan laburbiltzen da: “Aske gure herrian, aske etorkizunean, aske ura bezala… Burujabe. Hankak iltzatuta dauzkagula iruditu arren, batzuek amildegira eroriko garela esan arren… Jakingo dugu hegaz egiten”.

Bai, behintzat, ez badiogu amets egiteari uzten. Zeren eta, ametsak baitakar ilusioa —Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera: poza; gogoa, itxaropen bizia—, eta ilusioak itxaropena —Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera: nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona—. Ekin eta jarrai dezagun ametsarekin, beraz, Euskaltzaindiaren leloak ere badioen legez.