“Mahai honen erraietatik sortu dira talde askoren kantuak”

“Mahai honen erraietatik sortu dira talde askoren kantuak”

Nerea Bedialauneta Alkorta

1980an Xoxoa diskoetxearentzat espresuki egin zen MCI-JH636 soinu mahaia berreskuratu du Xabi Navarro Etxeberria Jota-k (Irun, 1963). Mahai hark zuen historia ikertuta, erosi egin zuen, Kantabriako herri txiki batean bi hamarkadaz baino gehiagoz gordeta egon ostean, erabat txikituta.

Zelan eduki zenuen mahai historiko horren berri?

Egun batean telefonoz deitu zidaten, estudioko mahai bat eskaintzen. Garai hartan nik konpondutako Tac Matchless mahai bat nuen, eta oso pozik nengoen harekin. Egia esan, mahai haregaz maiteminduta ere banengoen. Baina Xoxoa diskoetxe ezaguneko MCI-JH636 soinu mahaia zela esan zidatenean, jakin-mina sortu, eta ikusi egin behar nuela erabaki nuen. 2016ko martxoa zen.

Deitu zizunak zelan lortu zuen mahaia?

Saldu zidanak Xoxoa diskoetxea itxi zenean hura husten ari zirela hartu zuen mahaia; bestelakoan, txatartegira botako zuten. Eta hark gordeta eduki du urte luzez Kantabriako herri txiki bateko etxe batean. Gutxi gorabehera, hamarkada bi edo gehiago gordeta edukiko zuela kalkulatzen dut.

Hainbeste denbora gordeta egon ostean, zer egoeratan zegoen mahaia?

Zikin-zikina, dena desmuntatuta, kanalak ere ez zeuden erabilgarri eta kea ateratzen zuten… laburbiltzeko, erabat txikituta zegoen. Erosi eta konpontzea erabaki nuen. Zera esan nion neure buruari: “Mahai hau nik ez badut konpontzen, inork ez du konponduko eta”. Gaur egun, tamalez, ni bezalako zoro gutxi geratzen dira.

Zelakoa izan da mota horretako altxor bategaz aurkitzea?

Beharbada oso erromantikoa izango naiz, baina oso gustuko dut pentsatzea mahai honen erraietatik talde askoren kantuak sortu direla.

Zein talde, esate baterako?

Jean Phocas teknikari famatuaren eskuek gidatuta, mahai honetxen bidez hartu ziren hainbat eta hainbat talde eta bakarlariren notak airean, eta gorde, betirako. Zerrenda luzea da, baina aipatuko ditut batzuk: Itoiz taldearen Ezekiel eta Alkolea diskoak, Oskorriren lehenengo hirurak, Mikel Laboaren Lau-Bost, Ruper Ordorikaren lehen hiru diskoak, Errobiren Agur t’erdi diskoa, Txomin Artola, Izukaitz, Haizea…

Zein da mahaiaren historia?

Mota honetako mahaiak ez ziren dendetan saltzen, enkarguz egiten ziren. Mahai hau oso preziatua zen, gainera. Chicagoko [AEB] MCI markaren fabrikari enkarguz egiteko eskatu zuten, eta mahaia 1980an ekarri zuten Xoxoako estudioetara.

Badu berezitasun aipagarririk?

Teknologia aldetik oso mahai ona da. Elektronika oso berezia dauka, eta bertan lortzen den soinu maila ikaragarria da; digitalarena baino hobea dela esango nuke nik. Digitalak beste soinu bat du, ez da analogikoaren mailara ailegatzen.

Mota honetako mahai batekin lan eginda zeunden?

Horrelako kalitateko batekin ez dut sekula lan egin lanean dihardudan 38 urteetan. Kondentsadore bipolarrak ditu, esaterako. Eta mahaiek, normalean, kondentsadore polarizatuak izaten dituzte. Zarata ere gutxiago ateratzen du, eta ekualizadorea ere oso ona du.

Bertan lan egitea zelakoa da?

Gozamena da; lan egiteko orduan errazagoa da, eskola zaharrean bezala. Mahai digitaletan nahasketak ordenagailuan egiten dira, baina, kasu honetan, ordenagailuan landu beharrean, mahaian bertan ematen dira azken ukituak. Askoz errazagoa da, eta soinuak ere beste gorputz bat du.

Noiz hasi zinen konpontzen?

2016ko martxoan erosi nuen, eta ia bi urte nire elektronika lantegian gordea izan ostean, orain dela sei bat hilabete hasiko nintzen konponketa lanekin. Eta oraindik ere badago zer konpondu. Bertan lan egiteko moduan dago orain, baina beste hilabete inguru beharko dut azken ukituak egin eta guztiz konpontzeko.

Konponketa lanak zelan joan dira?

Hutsetik hasi behar izan nintzen dena berrizten. Asko gozatu dut konponketa lanetan, eta lan hau burutu ahal izateagatik oso pozik nago. Batez ere, bertan grabatu ziren disko handi haien sorgunea nolabait berreskuratzea lortu dudalako nago zoriontsu. Ordu asko eman ditut biziberritzen, eta pena eta dena emango dit lana amaitzen dudanean.

Mahaiak 38 urte ditu; piezak aurkitzea ez zen erraza izango.

Interneti esker, han eta hemen Alemanian, Errusian eta Txinan, esaterako erosi ahal izan ditut pieza asko, baina zaila izan da pieza horiek aurkitzea. Egia esan, pieza nahiko bereziak dira, eta kosta zait horiek aurkitzea. Nazioarte mailan dagoen merkatua txikia bada ere, pieza zaharrak edo horiek imitatzen dituztenak badaude oraindik.

Pieza guztiak aurkitu dituzu?

Den-denak ez. Falta diren pieza batzuk nik asmatu beharko ditut. Potentziometroak eta etengailuak garbitzekoa ere neuk asmatu behar izan dut.

Nolatan?

Potentziometroak eta etengailuak ultrauhinekin garbitzen ditut normalean, baina potentziometroak eta etengailuak dauden modulua oso luzea da, eta halako makina luzerik ez dut aurkitu merkatuan. Horretarako, ultrauhin makina bat fabrikatu behar izan dut moduluak garbitu ahal izateko. Bestelakoan, potentziometroak eta etengailu guztiak banan-banan askatu, eta ultrauhinen makina txiki horietako baten sartu behar izango nituen, baina hori guztia egitea erotzekoa izango litzateke. Konponketa lanak hasi baino arinagoko bi urteotan, beraz, makina hori diseinatzen eta fabrikatzen aritu naiz. Egia esan, mahaia geldirik egon baldin bada ere, zelan konpondu ikertzen aritu naiz denbora horretan guztian.

Mahai hau ez da zaharberritu duzun lehena, ezta?

Gauzak zaharberritzea oso gustuko dut. Tailerra soinu trastez beteta daukat. Aurreko soinu mahaia, esaterako, nik zaharberritu nuen.

Aurrera begira zer amets betetzea falta zaizu?

Horrelako mahai bat nik diseinatu eta egitea gustatuko litzaidake. Buruan badut proiektu bat, baina horrek orain ez dudan denbora eskatzen dit. Asmoa badut, baina ez dakit noiz gauzatuko dudan.