“Herri borroka berriei esperientzia haren ekarpena egingo diegu”

“Herri borroka berriei esperientzia haren ekarpena egingo diegu”

N. .S. O.

Sortu berri da Enaden Begiak fundazioa; hamar urtez Lemoizko zentral nuklearra geldiarazteko borrokan aritu zen Euskal Kostalde Ez Nuklearra Defendatzeko Batzordeak sortu eta bildutako materiala jasoko du. Batzordeko kidea izan zen Juan Tomas Enziondo (Bilbo, 1947), eta fundaziokoa ere bada. Batzorde haren materiala eta historia Ean gordeko dituzte, udalak utzi dien aretoan.

Enaden Begiak fundazioa sortu berri duzue. Nork osatu du?

Euskal Kostalde Ez Nuklearra Defendatzeko Batzordeak hainbat material jaso zuen borrokan aritu zen hamar urteetan: liburuak, agiriak, informazioa, kartelak, irudiak… Horrez gain, topaketa batzuk egin ziren Bilbon 1980an, eta 300 euskal artistak artelan batzuk egin zituzten. Hori guztia etxeetan gordeta izan dugu. Garai hartan gertatutakoaren transmisioak kezkatuta gintuen, ordea: gizarte zibilak mobilizazio handiak egin zituen, milaka pertsonak hartu zuten parte. Hori guztia hurrengo belaunaldiei nola helarazi ez genekiela, Eako Udalaren interesa aurkitu genuen. Ideia nagusia fundazio bat sortzea izan da. Batzordearen materiala jasoko dugu; udalak lokal bat utzi digu.

Zer helburu dituzue?

Hiru helburu nagusi ditugu: batetik, zentral nuklearrak geldiarazteko egin zen borroka haren historia eta material guztia bildu nahi dugu. Bigarrenik, iraunkortasunaren eta energia alternatiboen aldeko herri borroka berriei esperientzia haren ekarpena egiten saiatuko gara. Azkenik, dokumentazio zentro bat izango dugu, gai honen inguruan ikertu nahi dutenentzat. Jardunaldietan dei egingo diegu herrietan Lemoizen aurka lanean jardun ziren guztiei, daukaten materiala helarazteko.

Euskal Kostalde Ez Nuklearra Defendatzeko Batzordeko kidea izan zinen. Nolakoak izan ziren hastapenak, eta nola hasi zenituzten mobilizazioak?

Lehenengo borroka Deban [Gipuzkoa] abiatu zuten. 1972. urte inguruan, herrian zentral nuklearra egin nahi zutela jakinda, herritar batzuek txosten teknikoa egitea erabaki zuten. Aldundiari helarazi zioten. Garai hartan oraindik aldundia frankista zen, noski. Hala ere, txostena kontuan hartu, eta erabaki zuen ez ematea zentralaren obretarako baimen administratiborik. Hor sentsibilizazioa sortu zen. Ea, Ispaster eta beste inguru batzuetako herritarrak ere batu zitzaizkion mobilizazio horri. Lemoizko zentrala eraikitzeko lanak martxan zeuden ordurako. Orduan sortu zen euskal kostaldea defendatzeko batzordea. Auzo elkarteek eratu zuten, orduan ez baitzegoen legeztatutako alderdi politikorik. Hainbat herritako auzo elkarteetako eta Bizkaiko auzo elkarteetako ordezkariak sartu ziren batzordean. Tartean, ni neu. Teknikari eta abokatu talde bana ere bagenuen. Hiru ardatz nagusi zituen batzordeak. Lehenik, borroka juridikoa, Lemoizko zentralaren obrek aurrera egitea ahalbidetuko zuen baimen ororen aurka egiteko. Bigarrenik, informazio zientifikoa: administrazioak eta Iberduerok esaten zuten energia nuklearra zela sor zitekeen garbiena eta osasungarriena —haien arabera, zentral nuklearren ondoan sortzen ziren arrainak gizenagoak ziren—; astakeria izugarriak bota zituzten. Hala, txosten teknikoak aurkeztu genituen frogatzeko zentral nuklearrek, ondo funtzionatuta ere, erradiazio txikiak sortzen zituztela, eta eragina zutela osasunean. Hirugarren ardatza mobilizazioena zen; berehala lortu genuen manifestazio handiak egitea. Baina, bereziki, herri guztietan sortu ziren batzorde txikiak, eta horiek antolatzen zituzten hitzaldiak eta hainbat jarduera. Ikusgarria eta eredugarria izan zen. Gero indarkeria agertu zen.

Tentsio handiko garaiak ere biziko zenituzten.

Gizarte zibilaren borroka oso aurreratuta zegoen, baina talka egiten zuen etengabe administrazioaren hormarekin, haren indarrarekin. Iberduerok esaten zuen Lemoiz ezeren gainetik egingo zutela. Egoera horretan, bazirudien gizartean zabaltzen ari zela ea zer gehiago egin zitekeen. Eta orduan ETA sartu zen, bete-betean. Lehenik, sabotaje mordoa egin zituen, eta gero hildakoen hondamena iritsi zen. Hala ere, batzordeak mobilizazio guztiei eutsi zien. Izan zen borroka hura bertan behera utzi zuenik, baina, orokorrean, denek azkenera arte jarraitu zuten.

Jardunaldiok garrantzitsuak izango dira gogoeta egiteko.

Gure asmoa ez da antzinako kontuetan indarra jartzea. Egun gure herriak aukera handiak ditu natura, garapen ekonomiko zein subiranotasun arloetan. Zentral haietako baten bat martxan balego, herri hau ez litzateke bera izango. Ez genukeen autonomiarik izango, zentralak Madrilek kontrolatu behar dituelako.