Gora egin du lan egin arren pobrezian bizi direnen kopuruak

Gora egin du lan egin arren pobrezian bizi direnen kopuruak

Natalia Salazar Orbe

Enplegua duten herritarrak ere ez daude pobrezia eta bazterketa arriskuetatik salbu. Lan prekarioen, soldata txikien eta behin-behinekotasunaren ondorioz, asko eta asko dira hilabete bukaerara iristeko modurik ez duten bizkaitarrak. Gizarte bazterketa eta pobrezia arriskuan jartzen ditu egoera horrek hainbat eta hainbat herritar. Hala adierazi du Gurutze Gorriak, 2017ko memoriako datuetan oinarrituta.

Datu zehatzik ez dute, baina orain arte artatu behar ez zituzten kasu ugariren berri izan dute. Manu Calvo koordinatzaileak eman ditu zehaztasunak: “Gizartearen eraldaketa handia gertatu da. Arrisku egoera berriak agertu dira. Besteak beste, soldata izan arren hil bukaerara iritsi ezinik dauden herritarrak; beste batzuk langabezian daude, eta ezin dute lanik aurkitu; beste kasu bat enplegua lortzeko zailtasunak dituzten gazteena da”.

Gehien kaltetutako klaseen artean pobreziatik ateratzea are zailagoa dela utzi dute agerian datuok. Pobrezian eta gizartetik baztertuta edo horretarako arriskuan zeuden 18.343 lagun artatu zituzten 2017an; aurreko urtean baino 577 gehiago. Profil zaurgarriena emakumeek osatzen dute: 25 eta 54 urte artekoak dira, eta adingabeak dituzte euren kargu. Esku hartzeen atalean artatzen dituztenen %60 dira.

Adinekoen bakardadea

Kezkatzeko beste sektore baten berri ere utzi du urteroko azterketak. Populazioaren zahartzearen ondorioz, adinekoen bizi baldintzetan antzeman dituzte gabeziak. “Adinekoen bakardadeak kezka eragin digu. Ez soilik hirietan bizi direnenak. Baita nekazaritza guneetan bizi direnenak ere”. Gertutasun sareak baliatuta, bakarrik edo abandonatuta bizi direnei laguntzen diete. Iaz, 4.763 adineko artatu zituzten.

Denera, 85.000 herritar baino gehiago artatu zituzten iaz Gurutze Gorriak eskaintzen dituen hainbat zerbitzutan —sorospen edo larrialdi zerbitzuak, errefuxiatuak artatzekoak eta gizarte esku hartzea—, eta 412.000 zerbitzutik gora eskaini. Hala, erabiltzaile bakoitzak ia bost zerbitzu jaso ditu, batez beste.

Gurutze Gorriaz gain, Caritas ongintzazko erakundeak ere iazko esku hartzeei buruzko datuak eman ditu. Gizartetik baztertuta edo horretarako arriskuan dauden ia 11.000 pertsona eta familiari eskaini zien laguntza. Aurreko urteko datuen aldean, ia %4 areagotu da kopurua.

Kasu honetan ere, emakume gehiago izan dira laguntza eskatu eta jaso dutenak: %56, hain zuzen. Kopuru zehatzak ere eman dituzte: artatutako 10.909 pertsonetatik 6.112 emakumeak ziren. Eta horietatik 3.242k seme-alabak zituzten euren kargu.

Arloz arlo zehaztu dute zeintzuk laguntza eskaini dituzten. Hainbat programa ditu-eta erakundeak. Harrera programetan metatu dira gehienak: 4.791 pertsona artatu dituzte atal horretan. Familia, haur eta gizarteratze programari dagokionez, 2.836 pertsonari eman diete laguntza. 2.199 etxegabe artatu dituzte, eta beste 1.566 enpleguaren arloan. Denera, 1,6 milioi euro bideratu ditu Caritasek Bizkaian familien zein norbanakoen pobrezia egoerak arintzeko erabilitako laguntzetara.

Umeentzako kanpainak

Egoera ekonomikoak hobera egin duela iruditu arren pobreziak kronifikatzen jarraitzen duen honetan, umeentzako aparteko laguntza sailak prestatu dituzte zenbait eragilek. Esne Tanta elkarteak Bilboko pertsona ospetsuen zapatak jaso ditu Alacanteko Elda zapaten museoan erakuts ditzaten. Besteak beste, El Consorcio taldeko kideenak, Igor Yebra dantzariarenak eta Kepa Junkera trikitilariarenak jaso dituzte. Trukean, bertako hainbat zapata ekoizlek zapatak eta poltsak emango dizkiete. Hala, Esne Tanta elkarteak enkantea egingo du, eta, ateratzen duen diruarekin, bazterketa arriskuan dauden ume bilbotarrentzako zapatilak erosiko dituzte.

Bestalde, La Caixaren obra sozialak esnea bilduko du CaixaBank bulegoetan eta La Caixa zentroetan, ekainaren 4tik 15era bitartean. 35.375 laguni laguntzen die, urtero, programa horrek.