Enara askeen oihartzuna

Enara askeen oihartzuna

Natalia Salazar Orbe

Ea eta Elantxobe / azken 37 urte hauetan / asko zikindu dute / kaporal berde batek / eta muxurdin urdin batzuek / baina ez dute mantxatu. / Euskaldunen itsasoaren aurreran, / hura bezain garbi, bezain xahu, bezain aratz, / Busturialde hau / enada da / eta Ea eta Elantxobe / haren begiak / dira. / Orain / Amerikako zikinkeria guztia / depositatu nahi dute / Ogellako plaian, / Apikale-ostean… / Munduko Zentral nuklearrik handiena. Gabriel Arestik 1974ko urriaren 13an idatzi zuen Enaden Begiak poema. Giroa gaiztotuta zegoen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, erregimen frankistak hainbat zentral nuklear eraikitzeko proiektua egin zuen. Bizkaian, Lemoizkoaz gain, Ogeian ere (Ispaster) aurreikusi zuten bat. Protesta handiak izan ziren 1970 eta 1980ko hamarkadetan. Nuklearraren aurkako aldarriak indar handia hartu zuen norbanako, auzo eta herrietan. Ezaguna da Lemoiz geldiarazi zuen borroka; ez horren ezaguna Ogeiak zeukan mehatxua. Jardunaldiak egingo dituzte bihar eta etzi, Ean, herritarrek egindako mobilizazio eta borroka latz haiek gogoratu eta belaunaldi berriek zer gertatu zen jakin dezaten. Ekologia, memoria historikoa eta indarren bilgunea izango dituzte ardatz. Arestiren poemaren beraren izena jarri diete jardunaldi hauei: Enaden Begiak.

Euskaldunak: / Iberdueroko akzioak sal itzazue! / Iberdueroko akzioak sal itzazue! / Iberdueroko akzioak sal itzazue! / Erra itzazue! / Diru hori madarikatua da! / Diru hori madarikatua da! / Diru hori madarikatua da! / Zeren / Ogellan zentral nuklear bat konstruitzea / enadari begiak ateratzen bezalakoa / bailitzateke!!! Hala bukatu zuen poema Arestik; eta herritarrek heldu zioten haren deiari. Kezka sortu zen, lehenengo, etxetik gertu era horretako elementu garrantzitsu baten mehatxua ikusten zutenen artean. Gero etorriko ziren antolaketa, mobilizazioak eta protestak. Antolatzaileek gogora ekarri nahi dute “plan basati haiek betiko gelditzeko euskal jendarteak izan zuen borroka emankorra”.

Iratxe Arriola Eako alkateak jardunaldien helburu bikoitza azaldu du: “Batetik, oroimena berreskuratu nahi dugu. 1970 eta 1980ko hamarkadetan egondako mugimenduen berri eman nahi diegu belaunaldi berriei”. Bestetik, nagusi diren ereduez bestelako eredu batzuetan sinisten duten herri, elkarte eta behetik gora antolatzen diren mugimenduak sustraitu eta euren asmoak aurrera eramateko oinarriak finkatzeko lagungarri izan nahi dute, “bizitza zentroan jartzen duten planteamenduak aurrera eramateko bideak marrazten hasteko”.

Horrez gain, Enaden Begiak fundazioa ere aurkeztu dute. Euskal Kostalde Ez Nuklearra Defendatzeko Batzordeko kide izandakoek herriaren esku utziko dituzte batzordeak koordinatu zuen urteetako borroka luzean bildutako “esperientzia, material baliotsua, lanak eta artelanak”. Ean gordeko dute dena, zaindu eta zabaltzeko. Eta fundazioak kudeatuko du hori guztia. Hala, herritarren ezagutzan jarriko dute den-dena. Horrez gain, materiala ordenatu eta herritarren zein ikerlarien esku jarriko dute. Transmisioa ziurtatuta, ingurunea babesteko kontzientzia, esperientzia pilatua eta lan berritua ere ziurtatzea dute xede.

Jardunaldietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Helburua argia da: “Gure historia hurbila ezagutzea, eta, inguru naturalari egiten zaizkion erasoak eta sortzen diren arrisku berriak aztertu ondoren, energia iturri berriztagarri alternatiboak hautatzea”.