Dena prest Lekeition, Euskal Eskola Publikoaren Jaia hartzeko

Dena prest Lekeition, Euskal Eskola Publikoaren Jaia hartzeko

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Zapran gagoz”. Hala diote lekeitiarrek pozarren. Zorioneko sentitzen dira. Euskal Eskola Publikoaren Jaia dute herrian igandean, eta milaka lagun jasotzeko irrikan daude. Lekeitiarrek berezko duten hizkerarekin harro, bertokoek soilik erabiltzen duten esamolde bat hartu dute jaiaren 27. ediziorako lelotzat. “Itsasotik datorren esamolde bat da”, azaldu du Lekeitioko eskolako guraso Unai Zubiaurrek Zapran gagoz leloaren esanahia: “Arrantzaleek esaten zuten, arrantza ona egiten zutenean. Orain, edozein unetan erabiltzen da zapran gagoz“. Zorioneko daudela adierazteko esamoldea da, zortea dutela ospatzekoa. Eta halaxe sentitzen dira eskola publikoen jaia jasotzeagatik.

Bilbora joan dira poza adierazi, herritarrak jaira gonbidatu eta egun osorako prestatu duten egitaraua aurkeztera. Herrian, makineria guztia martxan dute. Zenbat jende hartuko duten ez dakitela diote, baina, milaka izango direnez, herrian izaten den jende uholderik handienean hartzen dituzten neurriekin alderatu dituzte oraingo prestaketa lanak: “Antzara eguna hartu dugu oinarritzat”, azaldu du Koldo Goitia alkateak.

EHIGE gurasoen elkarteak urtero antolatzen duen jaia Lekeitioko haur eskolako, eskolako eta institutuko kideekin elkarlanean prestatu du aurten. Eta Bilboko aurkezpenean egon dira horien ordezkariak: ikasleak, gurasoak eta irakasleak. Guztiontzako izango den euskal eskola publikoa aldarrikatu du Ana Puente EHIGEren presidenteak; guztiontzako izan behar duenez, “laikoa”, nabarmendu du.

Lekeitioko eskola publikoa jarri dute, hain zuzen, aldarrikatzen dutenaren adibide: “Eskola alaia eta koloretsua, gizarteari herrian errotutako kalitatezko euskal eskola publikoa eskaintzearekin inplikatuta dagoen hezkuntza komunitatea”. Mezu zuzenagoa igorri du Zubiaur gurasoak: “Euskal hezkuntza sistemaren ardatzak publikoa izan behar du”.

Ohi denez, festa giroan egingo dute aldarrikapena igandean, eta askotariko egitaraua prestatu dute horretarako. Euskal Eskola Publikoaren Jaia kostako herri batean izanik, itsasoarekin lotutako jardunek garrantzi berezia izango dute. Portuan, esaterako, ontzigintza tradizionalarekin lotutako tailer eta erakustaldiak izango dira, Albaolaren eskutik. Eta hondartzara joaten direnek piraguan zein arraunean aritzeko aukera eta Garraitz irla bisitatzekoa izango dute.

Baina bestelako ikuskizunak ere izango dira egun osoan: kontzertuak, erromeriak, tailerrak, pailazoak, kale animazioa eta bestelako ikuskizunak. Atseden hartu nahi duenak hondartza ondoko parkea izango du horretarako leku aproposa.

Lekeitiora iristeko, garraio publikoa indartuko da igandean; ohi baino Bizkaibus gehiago egongo dira Bilbotik zein Durangotik.

Eta, egun handia etzi izango den arren, bihar ere izango dira Lekeition euskal eskola publikoaren aldeko ekitaldiak, beroketa gisa. 17:30ean egurrezko jolasak eta talo tailerrak egingo dituztela jakinarazi du Elene Ibarzabal ikasleak, 20:00etan erromeria izango dela Laket taldearekin, eta 22:30ean Lekittoko Deabruak taldearen Zapran sutara goaz ikuskizuna izango dela.